Denboraldi hasiera zail baten ostean, Realeko emakumezkoen taldeak egoerari buelta ematea eta ligako sailkapenean gora egitea lortu du Gonzalo Arconadaren gidaritzapean.
Gonzalo Arconada, Zubietan. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Entrenatzaile gisa esperientzia zabala du Gonzalo Arconadak (Donostia, 1961), guztira hamabost talde zuzendu baititu gizonezkoen futbolean, maila desberdinetan. Besteak beste, Realaren entrenatzaile izan zen 2005-06 denboraldian. Hamabi urteren ondoren, Arconada talde txuri-urdinera bueltatu zen joan den azaroan, Gorka Alvarez bitarteko entrenatzailea ordezkatzeko. Oraingoan nesken taldea zuzentzeko erronkarekin iritsi da klubera.
Nolakoa izan da Realera bueltatzea?
Oso berezia izan da, nire bizitzako kluba delako. Reala eta Sanse Atotxan igandero ikusten jaio zen futbolari diodan pasioa. Hor maitemindu nintzen kirol honekin.
Gainera, aspaldiko jendearekin topatu eta aurpegi berri asko ezagutu ditut. Giro eta lan dinamika ezin hobeak dauzkagu hemen.
Lehen aldiz zabiltza nesken talde bat zuzentzen. Zaila izan al da egokitzea?
Futbola berdina da fundamentuari eta jokoari dagokionez. Garapena da desberdina, aspektu fisiologikoan emakumeak ezin baititu indarra eta potentzia gizonak bezain beste garatu. Baina beste aspektu guztietan jokoa berdina da; ez da ezer aldatzen.
Jokotik harago, bi mundu desberdin dira gizonezkoen futbola eta emakumezkoena.
Bai, noski. Hor diferentzia nabarmena da, nesken futbola bigarren plano batean dagoelako nolabait. Kirolean zentratu eta palestran gutxiago agertzea nahiago dugun entrenatzaileontzat lagungarria da hori, gizonezkoen futbolean presio mediatiko handia dago eta. Horrek zure lana eta erabakiak gehiegi baldintzatzen ditu.
Emakumezkoen futbola era desberdinean bizi da. Orain arte jokatu ditugun neurketa guztietan oso giro ona egon da beti, gizonezkoen futbolean ikusten den estremismoa ez delako hemen ageri.
Denboraldi erdia baino gehiago pasata, zein balorazio egiten duzu orain arteko ibilbideaz?
Taldeak lanean ondo hasi zuen denboraldia, baina lehen hiru jardunaldietan ez ziren emaitza onak jaso. Gero Madrilgo estropezua etorri zen, eta horrek pisu handia suposatu zien jokalariei. Egoerari buelta ematea kostatuko zitzaion taldeari.
Gorkak erreleboa jaso zuenean, ordea, merezitako garaipen bat eta etxetik kanpoko bi berdinketa lortu zituzten neskek. Emaitza horiekin erosoago sentitzen eta euren aukeretan gehiago sinesten hasi ziren.
Gero, gure lehen hiru partidetan, bederatzi puntu lortu genituen eta horrek adore handia eman zigun. Oporren ondoren, Athletic eta Valentziaren kontrako neurketetan ez ginen behar bezain ondo lehiatu, baina dinamika hori aldatu dugu eta azken hiru partidetan taldea asko hazi da, lehiakortasun eta kemen aldetik. Ibilbide beretik jarraitu behar dugu hemendik aurrera.
Lehenengo zazpi neurketak galdu ostean, hurrengo hamabi jardunaldietan bi aldiz galdu duzue soilik.
Hala da. Taldeak benetan duen lehiakortasun maila ari gara erakusten orain.
Zer moduz ikusten dituzu jokalariak?
Oso ondo. Eurengan sinesten dutela ikusten da; bide onetik doaz. Gainera, gure neguko fitxaketa eduki dugu, ligako lehen partidatik bost hilabetez lesionatua egon ondoren, Itxaso Uriarte berriro berreskuratu dugulako. Oso albiste ona izan da guztiontzat.
Aintzane Encinas eta Maialen Zelaia beteranoek Reala utzi zuten iaz. Nolako eragina izan du?
Lehen egon zitekeen lidergo hori orain ez da horren nabarmena, belaunaldien arteko errelebo horiek ezin daitezkeelako egun batetik bestera eman. Denbora behar da horretarako. Hortik harago, taldekide bakoitzak lidergo hori nork bere gain hartu beharko lukeela uste dut, talde osoa inplikatua egon dadin.
Edozein kasutan. jokalariek heldutasuna erakutsi dute denboraldi hasiera kaskarrari buelta ematerakoan. Orain egoera onean gaude horri esker, eta hamaika partida gelditzen zaizkigu aurretik oraindik.
Zein helburu dituzue denboraldi honetarako?
Sailkapeneko lehenengo zortzi postuetan amaitzea, kopa jokatu ahal izateko. Halere, gu partidaz partida goaz, gure aurkari garrantzitsuena hurrengo asteburuan datorkiguna delako beti. Ahalik eta puntu gehien biltzea tokatzen zaigu orain.
Koparako sailkatzeko aukera ikusten duzue, hortaz.
Guztiz. Gauzak nola doazen ikusi beharko da, baina aukerak dauzkagula garbi daukagu.
Jaitsiera postuek ez dizuete jada loa kentzen?
Sailkapena ez dut ia begiratzen, egia esan. Niretzat garrantzitsuena egunerokotasuna, entrenamenduak eta iganderoko lehia direlako. Gauzak ondo egiten dituzunean emaitzak atzetik datozela garbi daukat. Taldearen garapena ikusita, goiko aldera begiratu dezakegula uste dut hala ere.
2020ra arte sinatu duzu kontratua. Zein proiektu duzu buruan talde honentzako?
Gure jokalariek hazten jarrai dezatela ahalbidetzea eta klubaren ibilbide estrategikoa jarraitzea.
Realak liga amaieran lortu duen sailkapenik onena bosgarren postua izan da, 2015-16 denboraldian.
Datozen denboraldietan marka hori hobetzeko erronka duzue?
Gure erronka hori izan behar dela uste dut. Gure helburua sailkapenean ahalik eta goien egotea izan behar da beti.
Bigarren taldea estreinatuko duzue datorren denboraldian. Zein onura ekarriko dio horrek klubari?
Bigarren taldea ez duten ligako bakarrak gara momentu honetan, orain arte klubak Gipuzkoako beste taldeekin dituen akordioekin ondo moldatu garelako. Baina beharrezkoa dela ikusi dugu, taldean 20 fitxa besterik ez ditugulako eta denboraldian lesio eta zigorraldi asko ematen direlako.