Zergatik ez dugu liburu dendarik gure auzoan? (I)
Esan genezake gure gaztetxoek irakurritakotik esanahia ateratzeko duten gaitasuna dela azkenaldian gehien erabiltzen den gaia. Alabaina, hemen hausnartu nahi dugun irakurketa beste entitate batekoa da: herrien, hirien eta auzoen mapa irakurtzeari dagokiona. Herrien, hirien eta auzoen mapak, bai grafikoak bai fisikoak, irakurgarriak dira-eta. Gure politikariek mota horretako irakurketa egiten eta esanahia ateratzen trebeak ote dira? Susmoa dugu egunkarietan eta komunikabideetan agertzen denari garrantzia osoa emanez beste errealitate guztiak urrunekoak egiten zaizkiela.
Horrela, iragan hilabeteetan egunkarietan irakurri dugu estatu mailan Euskadi dela fikziozko liburu gehien kontsumitzen duen elkarte autonomoa; biztanleen % 58ak urtean 10 liburu baino gehiago erosten duela, eta gainera, azken urtean kopuru horrek gora egin duela. Gaztetxoak omen dira gehien irakurtzen dutenak. Bestalde, liburu dendekin loturiko artikuluak ere agertu dira. Horrela jakin dugu Elkarren 16 saltokik Espainiako Ministerioak ematen duen kalitate zigilua lortu dutela eskatzen ziren baldintzak –liburu saltoki eredu berria, liburu kopuru handia eta gai guztietako aukera eguneratuak, kultur ekitaldietarako eta liburuen aurkezpenetarako eta beste zenbait jarduetarako espazio egokiak– betetzen zituztelako. Horrez gainera, Errenterian, Irunen eta Donostian ireki berri diren liburu saltoki berriei ere eskaini zaizkie tarteak eta elkarrizketak. Elkarrizketatuak baikor azaldu dira; ilusioz XXI. menderako liburu saltoki eredu egokiak eta erakargarriak ireki dituztelakoan.
Eta orduan zergatik ez dago liburu dendarik gure auzoan? Gure auzoa, Amara Berri, biztanle kopuruari dagokionez Gipuzkoako hirugarren herriaren tamainakoa da (30.000 mila biztanle inguru) eta Donostiako erdigunean dago. Gure ustez, hirien erdiguneak hiritarrak bizi diren tokietan daude; ez eraikin historikoak, hondartzak edo futbol zelaiak dauden tokietan. Beraz, liburu denda bat irekitzeko irakurle nahikoa eta kokaleku egokia duen auzoa litzateke gurea. Gabezia honen arrazoiak beste nonbait bilatu behar genituzke eta horretarako goian aipaturiko auzoaren irakurketa egin beharko genuke.
Amara Berriko biztanleok auzoan erosi ordez kanpoko saltokietan erosteko ohitura ote dugu? Auzoko saltokiei erreparatzen badiegu ez genuke baieztatuko hipotesi hau. Auzoan denetariko dendak eta zerbitzuak ditugu: marka guztietako supermerkatuak, harategiak, arraindegiak, delicatessen dendak, okindegi eta gozotegi aukera guztiak, barazki eta fruta dendak ia kale bakoitzeko bana, natur denda eta osasunarekin eta edergintzarekin loturikoak, bitxi dendak, bidaia-agentziak, dozena bat farmazia baino gehiago, kale bakarrean bederatzi entitate desberdinetako banketxeen bulegoak… eta egunetik egunera aukerak gehituz doaz, beraz, erosleak eta dirua egon badaude. Zergatik ez liburudendarik?
M.A. Zarraonandia
Amara Berriko bizilaguna