Bikote bat higiezinen agentzia bateko erakusleihoan. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Etxebizitza bat erostea edo alokatzea zaila da hiriko hainbat auzotan. Erosi egiten dute gehienek, izan ere, oso pisu gutxi daude alokairuan hirian. Eskaria handia denez, prezioak puztu egin dira.
Oinarrizko eskubidea da etxebizitzarena, baina denek ez dute horretarako ahalmen ekonomiko nahikorik. Donostian, hiritarren kezka nagusietako bat da etxebizitzarena, hiriko arazoen inguruan egindako inkesten arabera. Baina zergatik?
Burbuila ekonomikoaren ondoren etxebizitzen prezioak “izoztuta” geratu zirela azaldu du Amaia Soto Begiristain higiezinen agentziako kideak. Orain, aldiz, prezioek nabarmen egin dute gora, bai etxebizitzen salerosketan eta baita alokairuetan ere. Idealista etxebizitzen salerosketarako eta alokairurako iragarkien webguneak ateratako txostenen arabera, 2017an inoizko preziorik garestienak ditu alokairuak: 14,1 euro balio du metro koadroak, 2016an baino %3,5 gehiago. Etxebizitzaren salerosketari dagokionez, berriz, prezioak %2,1 egin du gora.
Sotok uste du Donostiako egoeraz hitz egitean garrantzitsua dela bi errealitate kontuan hartzea: Donostiako zonalde laua alde batetik, eta gainerakoa beste aldetik. “Jende gehienak hiriko zonalde lauan erosi nahi ditu etxeak, erdialdetik gertu: Erdialdean, Parte Zaharrean, Grosen eta Antiguan”, azaldu du. Horrek, auzo horietako etxebizitzen prezioa garestitzea ekarri duela dio: “Auzo hauetan eskaria oso handia da, eta horrek prezioak asko puzten ditu”. Aldiz, beste zona batzuetan – Egia, Altza edo Intxaurrondo– prezioak «normalagoak» direla dio. Donostian eta Donostialdean egiten du lan Begiristain higiezinen agentziak eta 40 urte daramatza merkatuan, nahiz eta hasieran pabiloiak eta enpresetarako lokalekin soilik egiten zuten lan.
Bete-betean harrapatu zuen higiezinen burbuila eta krisia Sotok: “Ikaragarri nabaritu genuen; jendeak erosteari utzi zion, beldurra zeukaten eta bankuek ere ez zuten dirurik ematen”. Orain egoera hobea dela dio, baina oraindik ere kostatzen dela gaineratu du: “Oraindik ekonomia ez dago guztiz egonkortuta, baina egia da jendeak errazago erosten duela eta bankuek ere errazago uzten dutela dirua”.
Alokairuen eskaria eskaintza baino handiagoa da Donostian. (Argazkia: Malen Aldalur)
Krisi garaian ireki zuen Abai higiezinen agentzia Gema Fernandezek, 2007an. Egiako etxebizitzak saldu eta alokatzen ditu. Gogoan du 2015era bitarte behera egin zutela prezioek, eta orduan goraka hasi zirela berriro. Orain %20ko igoera nahiko handia gertatu dela dio: “Egian asko garestitu da etxebizitzaren prezioa, nik uste dut Tabakalerak eragina izan duela horretan”. Azken urteetan auzoa «modan» jarri dela dio eta horrek eskaria handitzearekin batera prezioak igo dituela gaineratu du.
Engel & Völkers goi mailako higiezinen agentzia, berriz, krisi garaiak pasa ostean iritsi zen hirira. Hiru urte daramatza Donostian.Garestien dauden auzoak Gros, Parte Zaharra eta Erdialdea direla dio Xabier Lasa Engel & Völkers agentziako kideak: “Datu zehatzik ez dudan arren, esango nuke gehien garestitu den auzoa Gros izan dela”. Hiru urte ondorioak ateratzeko denbora gutxi bada ere, Lasa bat dator Soto eta Fernandezekin: “Nire ustea da pixkanaka bada ere prezioak goraka doazela”.
Helduek erosten dute
Joera nagusia erostea da. Hala azpimarratu dute hiru higiezinen agentziek, eta erosle gehienak helduak dira. “Esango nuke azken boladan jende heldua izan dela gehien erosi duena”, dio Sotok. Gaineratu du arrazoi nagusiak etxebizitza erosoago eta irisgarriago bat, edo oporretako etxe bat edukitzea direla. Bat dator horretan Lasa ere: “Datu bitxi bat da heldu asko etxe handietatik txikiagoetara aldatzen direla”. Erosle gehienak helduak izatea ohikoa dela nabarmendu du Fernandezek: “Gaur egungo gazteek oso zaila izango dute etorkizunean etxe bat edukitzeko; helduak dira higiezinak erosteko ahalmen ekonomiko nahikoa duten bakarrak”.
Engel & Völkers agentziaren kasuan 50 urtetik gorakoak dira erosle gehienak, baina, hala ere, Lasak aipatu du badirela salbuespenak: “Atotxa Errekan eduki genuen promozio batean, adibidez, erosle gehienak gazteak izan ziren, 28 eta 35 urte bitartekoak”.
Pisu turistikoen eragina
Idealistako 2018ko urtarrileko datuen arabera metro koadroaren prezioa batezbeste 4.119,5 eurokoa da hirian . 2017ko abenduan baino %1,7 garestiagoa. Etxegintza sailak ateratako azken datuen arabera, aldiz, batezbestekoa metro koadroko 4.150 eurokoa da.
Auzoaren arabera etxebizitzaren prezioa puztu egiten dela azaldu dute higiezinen agentziek. (Argazkia: Malen Aldalur)
Dena den, urte hasieran Etxegintzaren txosteneko datuak aurkeztean Enrique Ramos hirigintza zinegotziak nabarmendu zuen auzoaren arabera errealitatea asko aldatzen dela. “Egoera orain dela 10 urteko datuekin alderatzen badugu, %20 egin du behera prezioak, izan ere, Altza, Martutene eta Bidebieta moduko auzoetan %30 edo %40 jaitsi da”. Ramosek dio metro koadroa 1.500 euroan dagoela Martuteneko etxebizitza batzuetan eta Erdialdeko beste batzuetan, aldiz, 18.000 euroan.
Panorama horren aurrean, maiz gazteei alokairuaren aukera hartzea besterik ez zaiela geratzen uste dute; nahiz eta alokairuak prezioak ere nabarmen egin duen gora hirian: “Donostian inoiz ez da alokairuaren merkatu handirik egon, eskaria beti izan da eskaintza baino handiagoa”. Hori dela eta, prezioak puztu eta gorantz egin dutela dio Sotok. Lasak ere aipatu du beraien agentzian alokairu eskaintzak gora egin duen arren, salerosketa dela indar gehien duena.
“Ez dago pisurik alokairuan”, dio Fernandezek: “Oso pisu gutxi daude Egian alokatzeko eta nik uste dut hor pisu turistikoen aferak eragin handia eduki duela”. Sotok ere gaineratu du beraien agentzian alokairuko pisu asko pasa zirela pisu turistiko izatera: “Egia da orain ordenantzaren aldaketarekin berriro ere pisu batzuk ohiko alokairu motara itzultzen ari direla, baina oraindik oso alokairu gutxi ditugu”. Eskari handia eta eskaintza txikia egoteak beti prezioak igotzea dakarrela azpimarratu dute.
Gaur egun batezbeste 14,1 euro balio du metro koadrokoak alokairuan, Donostian. Hau da, 90 metro koadroko etxe bat alokatzeagatik, batezbeste hilean, 1.269 euro ordaindu behar dira. Bestalde, Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuekin alderatuta Donostiako alokairuaren prezioak nabarmen garestiagoak dira, Idealista atariak ateratako datuen arabera: donostiar batek Bilboko baten baino 243 euro gehiago ordaindu behar du hilero etxebizitza bat alokatzeko (11,4 euro metro koadroa), gasteiztar batek baino 447 euro gehiago (8,8 euro metro koadroa) eta iruindar batek baino 567 euro gehiago (7,8 euro metro koadroa).
Baina nola ezartzen dituzte etxebizitzen prezioak? Sotok azaldu du horixe dela higiezinen agentziako langileen etengabeko borroka: “Gu pisu bat ikustera joaten gara eta merkatuan dagoen panorama ikusita balore bat ematen diogu pisu horri, baina normalean jabearentzat bere etxeak beti balio du gehiago”. Hori dela eta, behin agentziek prezio bat proposatuta jabearekin negoziatzeko unea iristen da. “Gero etxebizitzaren arabera mundu bat izaten da; eskari handia dagoen auzoetan prezioa puztuta ere saldu egiten dira”. Prezioa puzte horrek merkatuan eragina duela dio Sotok, “hala ere, kontuan eduki behar da sarri kartelean ageri den prezioa eta gero benetan erosleak ordaintzen duena, normalean, ez dela bera izaten”. Lasak ere aipatu du berdin egiten dutela beraiek: “Guk ere etxebizitza batek merkatuan duen balioa zein den esaten diogu jabeari eta gero berak du azken erabakia”. Gaineratu du prezioa garestia izan arren auzoaren arabera inoiz astebetean eta egun batean ere saldu izan dituztela etxebizitzak.
Dena den, denek ez dute oraindik etxebizitza duin bat edukitzeko aukerarik eta horregatik udalak hainbat egitasmo abiarazten ditu tartean, Alokabide egitasmoa edo Babes Ofizialeko Etxebizitzak. Gogor kritikatu ditu azken hauek Fernandezek: “Babes Ofizialeko Etxebizitza guztiak alokairukoak izan beharko lirateke”. Uste du pertsona batek 25 urterekin diru sarrera gutxi edukitzeak ez duela esan nahi bere baldintza ekonomikoak aldatuko ez direnik: “Babes Ofizialeko Etxebizitza bat dute eta gero beste etxe batzuk erosten dituzte”. Gai honekin haserretua dagoela dio eta uste du irtenbidea Babes Ofizialeko Etxebizitza guztiak alokairu formatua edukitzea eta horrelako etxebizitza gehiago egitea dela.
Etxebizitzaren arazoaren inguruko hainbat erreportaje eta elkarrizketa argitaratu ditugu.
Irtenbide bila jarraitzen
“Turismoaren igoerak errealitatea asko aldatu du”