Etxebizitzren arazoa konpontzenko neurriak hartu nahi dituzte. (Argazkia: Malen Aldalur)
Etxebizitza ahalik eta hiritar gehienen eskura jartzeko ahaleginetan ari da udal gobernua. Oposizioak, berriz, gehiago egin dezakeela uste du, nahiz eta jakin udalak ez duela eskumen nahikorik.
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko etxebizitza sozialak bultzatzen jarraituko duela dio udal gobernuak, nahiz eta azaldu duen udalak eskumen gutxi dituela etxegintzaren alorrean. Gainerako alderdiek udalari eskatu diote beste erakundeekin elkarlanean aritzeko eta bere esku dagoen guztia egiteko.
Izan ere, udalak egindako azken inkestaren arabera, etxebizitzarena da hiritarren kezkarik nagusiena.
Udal Gobernua
Eneko Goia alkateak azaldu du aspalditik duela arazoa Donostiak etxebizitzarekin: “Neurri batean normala ere bada, Donostia hiri erakargarria eta bizi kalitate handiko hiria delako”. Dena den, uste du «lerroburutik harago» beharrezkoa dela auzoen artean dagoen aldea ikusaraztea: “Altza, Martutene eta Intxaurrondo moduko auzoetako prezioek ez dute zerikusirik erdiguneko metro koadroaren prezioarekin”.
Udala dagoeneko neurriak hartzen ari dela azpimarratu du Goiak: “2.000 etxebizitza sozial ditugu, eta horiek alokairuan daude”. Gainera, azaldu du kopuru handi bat gazteei eta zaharrei zuzendua dagoela. Hala ere, dio erakundeek muga asko dituztela etxebizitzaren merkatuan eragiteko: “Lurzoruaren legeak oso argi uzten du udal batek egin dezakeen bakarra etxebizitza publikoa bultzatzea dela eta horretan jarri ditugu gure indar guztiak”.
Gaur egun abian dituzten egitasmoen artean aipatu ditu Txomin Eneako garapen urbanistikoa –ia mila etxebizitzarekin–, Morlansen egin nahi dituzten 160 Babes Ofizialeko Etxebizitza eta Uliako Lore Baratzetan gazteentzat egitea aurreikusten dituzten etxeak. Azaldu du azken egitasmo hau epaitegietan atzera bota duten arren, araudia egokitzen saiatzen ari direla. Azkenik, gaineratu du San Bartolomeko egitasmoak ere etxebizitza asko jarri dituela merkatuan, hiriaren erdigunean eta Infernuan ere garapen urbanistiko garrantzitsu batean lanean ari direla.
EH Bildu
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak ere gogorarazi du etxebizitza eskubidearen urraketa dela donostiarren arazorik larrienetakoa: “Horregatik, hiri mailako akordioak behar ditugu, alderdikeriak alboratuta”.
Etxebizitzaren arazoa konpontzea lan konplexua dela dio, hala ere, erakunde publikoek askoz gehiago egin dezaketela uste du: “Etxe hutsak alokairuaren merkatura ateratzeko EH Bilduk pasa den legealdian Ogasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) %50eko errekargua ezartzea proposatu zuen eta udalak atzera egin zuen; %25era itzuli zen berriro”.
Burutaranek azaldu du alternatiba integral bat proposatzen dutela: “Adibidez, ixten ari diten legez kanpoko etxebizitza turistikoak alokairura bideratzea; pisu turistikoak kontrolpean mantentzeko lehen solairuko araua mantentzea; edo 2018ko aurrekontuetarako Etxegintzan programa berri bat ezartzea, horrela, alokairua ordaintzeko arazoak dituzten eta beste laguntzarik ez duten herritarrei laguntzeko”. Bestalde, familia eredu berriei egokitutako eskaintzak egitea, kooperatibak sustatzea eta pisu konpartituak eskaintzea proposatu ditu alternatiba gisa.
PP
“Donostia beti izan da hiri garestia”, hala dio Miren Albistur PPko zinegotziak. Udaletxeak eskumen asko eduki ez arren, egiten duena baino gehiago egitea posible dela dio: “Guk legealdi hasieran hainbat proposamen planteatu genituen baina geldirik daude”. Dena den, alokairu sozialean sakondu dela nabarmendu du: “Hor dago, esaterako, orain dela 12 urte sortu zuten Alokabide programa”. Aipatu du 300 etxebizitzatik gora daudela egitasmo horren baitan: “750 euro inguru ordaintzen ditu jendeak alokairuan eta pisua alokatzen duenari udalak hainbat garantia ematen dizkio trukean”.
Egitasmo honen inguruko kanpainak egitea eta ezagutzera ematea «ezinbestekoa» dela uste du Albisturrek.
Bestalde, udalak eraikuntza berriak eginez ere lagun dezakeela uste du: “Hor dago Txomin Eneako proiektua baina hori aspaldikoa da eta udal talde guztiek babesten dugu”. Morlasen egin nahi dituzten etxebizitzen inguruan oraindik asmo bat besterik ez dela dio; eta azkenik, Uliako mintegietan egitekoak ziren gazteentzako etxebizitzak aipatu ditu PPko zinegotziak: “Uliako Lore Baratzetan gazteentzako etxebizitzak egin nahi zituzten, eta zorionez bertan behera geratu zen, baina egitasmo hori egiteko beste lekuren bat aurkitu beharko dute”. Izan ere, Albisturrek azaldu du Etxegintzak egina duela txosten bat udalak non eraiki dezakeen azaltzen duena: “Ordua da berandu baino lehen neurriak hartzen hasteko”.
Irabazi donostia
Irabazi Donostiak uste du etxebizitzen eta alokairuen prezioetan auzotik auzora dagoen aldea, nabari dela bestelako eskubide sozialetan ere: “Horrela, erdialdea gaur egun dirua duten gutxi batzuen bizitoki bakarrik bihurtu da”. Bestalde, pisu turistikoek ere afera honetan zeresana izan dutela dio
Amaia Martin Irabaziko kideak: “Horrek ohiko alokairurako etxebizitza gutxiago egotea ekarri du”.
Irabazik uste du higiezinen merkatua estuki lotuta egon dela espekulazioarekin eta erakunde publikoek baliabide gutxi eduki dituztela horri aurre egiteko: “Hala ere, adibidez Viena moduko hirietan biztanleriaren %60 etxebizitza babestuetan bizi da, eta udala 1917tik ari da alokairuaren prezioari mugak jartzen”. Bestalde, uste du fiskalitateari mugak jartzea ere beharrezkoa dela: “Legealdi hasieratik eskatu dugu bigarren etxebizitza dutenei zerga igotzeko”. Azkenik, uste dute hirian zenbat etxebizitza huts dauden jakitea eta horiekin zerbait egitea “ezinbestekoa” dela.
Azaldu dute erakunde publikoek ezin dutela ahaztu merkatuaren interesen gainetik dagoela etxebizitza eskubide. Horregatik, irtenbidea alokairu sozialean indarra jartzea dela uste dute: “Etxebizitza kooperatibak ere espekulazioaren aurkako borrokan balio dezakete”.
Etxebizitzaren arazoaren inguruko hainbat erreportaje eta elkarrizketa argitaratu ditugu.
Ez dago denen
“Turismoaren igoerak errealitatea asko aldatu du”