Olatzek bi hilabete zituenean, garun paralisia zuela jakin zuten bere gurasoek. Orain arte bizitakoaren berri eman du Luismi Gomezek, bere alabari eskainitako liburu guztiz berezian.
Luismi Gomez, bere familiarekin batera; erdian, Olatz, liburua eskuetan duela. (Argazkia: Sandra Ayala Cano)
Bere bizimoduaren inguruan, garbi eta ahobizarrik gabe hitz egin du Luismi Gomezek (Altza, 1977): «Ibilbidea bere ondoan konplikatua eta zaila izan da. Inor ez dago prest halako berezitasunak dituen alaba bat hezteko». Hain zuzen, bi seme-alaben aita da Luismi Gomez; Olatz da alaba zaharrena, 15 urte ditu, eta garun paralisia du. Ezagun batzuek animatu zuten Gomez liburu bat idaztera, bere egunerokotasun hori kontatzeko: «Ez nuen sekula ezer luzerik idatzi, baina uste nuena baino errazago atera zitzaidan dena, nire bizitza kontatu dut, besterik ez». Horrela,
Olatz, pura vida izeneko liburua argitaratu zuten duela hilabete, eta dagoeneko 700 ale saldu dituzte: «Lehenengo 500 aleak zortzi egunean saldu genituen; orain beste 500 kaleratu ditugu, eta polikiago doaz, baina lehenengo 200 aleak saldu ditugu».
Olatzen aitak idatzi du, esan bezala, kontakizun nagusia, baina hainbat lagunek parte hartu dute: Oier, 10 urteko Olatzen anaia; Unai Hernandez, Olatzen medikua; Iñaki Ramos, Pausokako fisioterapeuta; eta Eider Hernandez, Pausokako logopeda, besteak beste. Gainera, El Languik, Maria Barrancok eta Aintzane Encinasek ere lagundu diote. Pozik dago Luismi, espero duelako bere bizipenek lagunduko dietela antzeko egoerak bizi dituzten familiei: «Balio dezala guk ezjakintasunagatik egindako akatsak beste batzuek ez egiteko. Nire alaba Aspacera joaten da, eta ez dituzte baliabide gehiegi. Duela sei urte guraso batzuek Pausoka elkartea ere sortu genuen, eta erabaki nuen diru guztia haientzat izatea. Nire semeak ez du erabakia ulertzen, badakielako orain etxearen kanpoaldea berritzen ari garela, baina niretzat modu bat da orain arte eman diguten laguntza guztia itzultzeko». Argi du liburuarekin ez zela aberastuko, eta dirua elkarteak eskertuko duela.
Ustekabeko aukera
Lagun bat du Gomezek Iruñean, ikus-entzunezko ikasketak egin zituena. Ikasketen bukaerako lana egiteko, Gainditzea aukeratu zuen gai gisa, eta eskatu zion zerbait idazteko bere bizipenen inguruan. «Bidali nionean, baimena eskatu zidan Facebooken jartzeko, eta esan nion nahi zuen lekuan jartzeko, ez zuela inork ere irakurriko. Apustu bat ere egin genuen, 100 atsegin dut baino gutxiago lortzen bazituen, garagardo batzuk ordaindu behar nizkion, eta bestela, berak niri. Kontuak gainezka egin zuen, eta 5.000 bisita baino gehiago izan zituen».
Kontakizun hura irakurri zuen Avilako neska batek, eta bere ahizpari eman zion, editorea baita. Editore hark deitu zion Gomezi, kontatuz Malagako beste editore batekin batera argitaratzen ari zirela liburu bilduma bat, osasunaren inguruko gaiekin. «Ezetz esan nion, ez negoela prest. Azkenean, buelta batzuk eman nizkion, eta baiezkoa eman nion. Eskatu nion bakarra izan zen epeekin ez estutzeko, eta istorioa nirea izan zedila».
Azken batean, liburuan Gomezek kontatzen du haurra jaio zenetik bizi izan duten guztia: «Olatzek bi hilabete zituenean esan ziguten garun paralisia zuela. Orduan atzera begira jarri ginen eta gauza asko ulertu genituen. Bere egunerokoa kontatzen dut, medikuekin eta eskolekin, nola hartu nuen nik eta nolakoa izan zen onartu nuen bitarteko prozesua. Hasieran, lauzpabost urte zituen arte, ez zitzaion fisikoki ezer ere nabaritzen, eta nire buruari minik ez egiteko, ezkutatu egiten nuen». Hala, Gomezek dio egoera onartu zuenean, dena askoz ere errazagoa izan zela: «Gauza positibo asko ditu. Olatzengatik egon naiz bera gabe sekula egongo ez nintzatekeen leku eta pertsonekin. Nire kezka da berak gozatzea». Urte horietan guztietan hainbat prozesu igaro dituzte, eta Olatzen bizitzako azken eguna izango zela ere entzun dute gurasoek: «Gure bizitza tobogan baten modukoa da. Edonola, sentipena da bere bizitza ona dela; ez du minik, lo egiten du, ongi jaten du… gainera, gure inguruak erraztasun asko eman dizkigu. Ia leku guztietara gurekin etortzen da Olatz, eta bestela, badugu norekin utzi».
Liburua idazteak asko lagundu diola esan du Gomezek: «Pentsatzen nuen kontu asko gaindituak nituela, baina begirada atzera botatzean, konturatu nintzen nire minak hor nituela, eta uste dut ez direla inoiz joango». Argitaratu aurretik, emazteari bakarrik erakutsi zion testua, eta harritua geratu zela dio: «Nire ahotik entzun ez zituen gauza askoren berri izan zuen». Ingurukoek egindako kritikek, gainera, gainezka egin diotela dio, hunkituta: «Hasieran ez nekin nire lagunak zirelako esaten zidaten gustatu zitzaiela. Auzoan jende askok ez daki nola izena dudan, baina Olatz denek ezagutzen dute».
Semeak liburuan izandako partehartzea garrantzitsua izan da, oso ikuspegi desberdina baitu gertaeren inguruan:?«Oierrentzat bere arreba sakratua da. Oso mutil lasaia da, baina bere arrebarekin sartzen badira, borrokan hasten da, eta liburuan hori kontatzen du. Gustatzen zaio, gainera, bere arrebaren arduradun sentitzea». Argi dago Oierrek Olatz asko maite duela; inguruko herri lasterketetan, esaterako, bere arrebaren aulkiari bultzaka ateratzen da, guztiz harro.
Altzan salgai dute
Liburua salgai dago, 12,50 euroan. Altzako denda askotan eskuratu daiteke lana, edo posta elektroniko honetara idatzita:
luismipausoka@gmail.com. Interes zuzena duenak, gainera, martxoaren 2an aurkezpen ekitaldira joateko aukera du, 18:30ean, Groseko Keler-en egoitzan. Aurrerago, Malagan ere aurkezpen bat egiteko asmoa dute, argitaletxea hangoa baita.