Segurtasuna genero ikuspegitik hobetzeko EH Bilduk aurkezturiko mozioarekin bat egin dute udal taldeek. Topoaren lehentasunen inguruan eztabaida sortu da.
Gai zerrendatik kanpo utzi dute Ondarea babesteko Plan Bereziaren Aldaketa, udalbatzarra hasi eta gutxira. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Donostiako Udalbatzak hilero egiten duen ohiko udalbatzarrean ezohikoak gertatu daitezke. Otsailekoa da horren eredu. Udal gobernuak Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia babesteko Plan Bereziaren berrikuspenaren behin betiko onartzea eraman du udalbatzarrera. Ordea, EH Bildu, PP eta Irabazi Donostiak erretiratzeko eskatu dute, idazkariari berme juridikoak betetzen diren galdegin ondoren. Azkenik, Enrique Ramos Hirigintza zinegotzia gai zerrendatik kentzea erabaki du.
Illunbeko Plan Bereziarekin gertatu bezala, udal gobernuak atzera bota du Ondarea babesteko plan aldaketa. EH Bilduk sare sozialetan jakinarazi duenez, Ingurumen txostenik ez du aurkezturiko proposamenak, eta horrek arazo juridikoak sortu ditzake. Horiek horrela, atzerapen berri bat izango du hiriko Ondarea babesteko Plan Bereziaren Aldaketak.
Berdintasunari dagozkion gaietan aldeko jarrera agertu dute udal taldeek. Hain zuzen ere, kontrolerako txandan EH Bilduk eta Irabazik aurkezturiko mozioen ia erdiak berdintasunari loturikoak izan dira. Nabarmentzeko adostasuna dBus zerbitzuan geldialdia eskatzeko eskaeraren proposamenarekin lortu dute.
«Neurri bat eskatzera gatoz, hiri askotan abian jarri edo aztertzen ari direna. Mugikortasuneko ordezkariak konplexua zela esan zigun, baina oraingoan aldeko botoa ematea espero dugu», azaldu du Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak. Mozioarekin bat egin du Irabazik, eta gaineratu du indarkeria sexistari aurre egiteko horrelako neurriak babestu behar dituela udal gobernuak. «%48 igo dira urte batetik bestera eraso sexistak gure hirian. Joera horri iraultzeko lagungarriak dira horrelako neurriak», esan du Amaia Martin zinegotziak.
Zaragozan eta Vigon indarrean jarri dute geldialdien zerbitzua, eta duela gutxi iragarri zuen Bilboko udalak udan saiakera bat egingo duela. «Txosten teknikoa egiterakoan, neurria hartu edo aztertzen ari diren hirien esperientziak jasotzea garrantzitsua litzateke», adierazi du Txema Murgiondoko PPko zinegotziak.
Pilar?Arana Mugikortasun zinegotziak eta Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotzia hitz egin dute udal gobernuaren izenean. Mozioa babestearekin batera, bakoitzak bere interpretazioa eskaini du. «Horrelako neurriek segurtasuna ematen diete emakumeei gauetan», azpimarratu du Agirrezabalagak.
Txosten teknikoa eskatzearen alde agertu da Arana, eta batzordean izandako jarrera azaldu du. «Ez nuen esan konplexua zenik, soilik galdera batzuen erantzunak ez dituguna. Ondo aztertu beharrekoa da. Halere, Sampedro anderea, zuk ez duzu hemen proposamenik aurkeztu». EH Bilduko zinegotziak erantzun dio udalak ere ez duela, momentuz, proposamenik egin.
Altza-Hendaia lotura
Topoak dituen lehentasunen inguruan bi aldiz hitz egiteko aukera izan dute udal taldeek. Altza eta Hendaia lotuko dituen topo sarearen beharra azpimarratu du Irabazik. «Altzatik Irunerantz edo Hendaiarantz jarraitu ahal izateko Herreran beste tren bat hartu behar da. Hori eragozpen nabarmena da bizilagunentzat eta gainerako erabiltzaileentzat. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Altzatik ekialderanzko topo sareari garrantzia ematea», azaldu du Martinek.
Udal gobernuak topo igarobidearen proiektua lehenetsi izanagatik, Altza-Hendaia lotura «hipotekatuta» geratuko dela kritikatu du Ayem Oskoz EH Bilduko zinegotziak. «Obra ‘faraoniko’ bat nahiago duzue biztanleen interesei erantzun beharrean. Gure ustez orain abian egon beharko lukeen obra Altza eta Hendaiaren artekoa da».
Udal gobernuko bi alderdiek zuzenketa bateratua aurkeztu dute, bitxikeria batekin. Testu bateratuan topo-metro izena eman diote garraio publikoari. Horrez gain, Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotzia kritiko agertu da mozioarekin. «Hiriko tren-aldaketa nagusiena Easoko geltokian dago, eta beraz, argi dago zerk izan behar duen lehentasuna. Igarobideak hori dena erraztuko du».
Topo igarobidearen kontrako jarrera izatea egotzi die Aranak EH Bildu eta Irabaziri. «Topoari oposizioa egin nahi diozue etengabe, eta duen diskurtsoak ez du zentzurik. Herrerako tren-aldaketa kaltegarria bada auzotarrentzat, zer esanik ez Easokoa. Lehentasunak argi daude».