Zergatik ez dugu liburu dendarik gure auzoan? (II)
Amara Berriko auzotarrok irakurtzen ez duten horietarikoak ote gara? Ez dugu nahikoa daturik ondorioak ateratzeko. Halere, irakurketak denbora, gogoa eta bakardadea eskatzen ditu. Ez gaude egoera onenean baldintza horiek indartzeko; egun guztietan eta ordutegi luzeekin irekitzen duten saltokiak eta zerbitzuak ditugu eta tabernei dagokionez, inongo zalantzarik gabe, negoziorik ugariena da auzoan. Beraz, ematen du indartzen ari den kultura eta aisialdiaren erabilera irakurzaletasuna errazteko ez direla egokienak. Irakurketa sakona merizi luke auzotarren aisi aldien erabilerak, batez ere, gure belaunaldien eta ondorengoen gizartean egoteko eta eskuhartzeko moduak eraikitzen ari garelako.
Halere, auzoak izan baditu jendea liburu dendak jartzera animatzeko baldintzak. Biztanleriari dagokionez gure auzoa dinamikoa da. Gune oso trinkoa eta dentsitate handikoa. Bertokoez gain, joan-etorrian dabilen jendea ere badugu –baieztatzeko hor ditugu bost hotel eta beste hainbat ostatu–. Oso eskuragai ditugu ia zerbitzu guztiak eta kirol-gune ongi hornituaz gain Anoetako futbol zelaia.
Dagokigunerako interesgarriago gerta daitekeen Hezkuntza Sareak aipamen berezia merezi du. Hiru proiektu ezberdinek osatzen dute sarea: Amara Berri ikastetxea –hirian eta hiritik kanpo entzute handikoa–, Ikasbide Ikastola eta Kristau Eskola. Ikasketa Ertainetan, joan den mendeko Peñaflorida eta Usandizaga Institutuen ondorengoak, Donostian beti erreferente izan direnak; EASO Politeknikoa eta Hizkuntza Eskola Ofiziala (HIO/EOE). Guzti honi gehitu nahi genizkioke Mundaiz lur muturrean kokatzen diren Deustuko Unibertsitatea eta Mundaiz Ikastetxea, ibaia zeharkatzen duten lau zubiek auzoaren bihotzean jartzen dizkigutelako.
Bestalde, auzo-elkarteen eta eskola ezberdinetako gurasoen iniziatibaz kultur ekintza ugari sortu da azoan: kultur ekitaldiak, auzo danborradak, konpartsak, haur eta gaztetxoen aisialdirako eta kiroletarako guneak… eta sarritan iniziatiba publikoari legozkion zerbitzuak: haurtzaindegiak, ludotekak, musika eskolak, hizkuntzen irakaskuntza eta abar.
Ordea, bakoitza bere aldetik doazen eremu eta iniziatiba guzti hauek ikusgarri egingo dituen azpiegiturak huts egiten digu. Izan badugu oso garrantzitsua zaigun Ernest Lluch kultur etxea baina bere azpiegitura ez da egokia Amara Berriren “entitateko” auzoak XXI. mendean dituen eskaerei erantzuteko. Hasteko kokagunea du arazo: futbol- zelaiaren beharretara egokitu behar ditu lokalak. Eta auzoan ez dugunean ez zinerik ez antzokirik, gure kultur etxeak ken-ipinizko aulkiekin eta antzeko pantailarekin, ezdeus den eszenatokiarekin, auzoko elkarteak eta auzotarrak biltzeko arazoekin, zenbait emanaldi egiteko gutxiengo baldintzarik ez duela, erakusketak antolatzeko pasabidea eskaintzen… nola bereganatuko ditu auzotarren iniziatibak? Nola eskainiko diete merezi duten ikusgarritasuna?
Beraz, gure auzoan kultur-topalekuz hain eskas gabiltzan honetan, XXI. menderako horniturik letorkeen liburu denda bat (edo gehiago) gogoz hartuko genituzke. Animatuko al da norbait?