Ibaetak asteburu honetan ospatuko ditu bere jaiak. Atzo Aingeru Zaindariaren erromerian giro apartarekin eman zioten hasiera festari, auzotarrak astelehenarte dantzan edukiko dituen egitarau batekin
Ibai Ikastolako ikasleek ederki pasa zuten atzoko erromerian. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Nortasun propioa eta giro ezin hobea duen festa da Aingeru Zaindariaren erromeria. Martxoaren lehenarekin ospatzen dute urtero auzotarrek Ibaetako ermitarako igoera, jaiegun nahiz laneguna izan, eguzkia nahiz elurra egin. Izan ere, auzoko jaiei hasiera emateaz gain, heldu zein gazte biltzen dituen ekitaldi jendetsu honek sentimendu berezia pizten du auzotarrengan. Txikitatik bizi izan duten festa delako, agian; auzoak luzerako bizirik dirauela erakusten dielako, seguruenik.
Edozein kasutan, beste urtebetez, Ibaeta eta inguruetako jende mordoa igo zen atzo Urreizti Gainera, eguraldi atseginak lagunduta. Ohiturazko festa honetan ermita zaharra jendez gainezka zegoen jada 11:00etako mezarako. Jai batzordeko kideak, berriz, kanpoan zituzten txorizo egosia eta sagardoa prestatzen, ermitaren ateak ireki bezain laster ederra datorkiela ongi dakite eta. Ez zaie horiei eskarmenturik falta.
Trikitilariak ere adi zebiltzan eta giroa alaitzeari ekin zioten behin jendea kanpoan zegoela. Jendetza bilduta, musikaz eta jaiaz gozatzea besterik ez zen gelditzen.
Ibai Ikastolako umeek ere festarekin bat egin nahi zuten, ordea, eta 12:00ak aldera bertara iritsi ziren ere. 50 bat ikasle bildu ziren bertan, klasetik irten eta jolasean hasteagatik ume batek eduki dezakeen alaitasunarekin. Gorriti showaren kamioiak lehen astindua eman zuenean, ordea, urduri jarri ziren gaztetxoenak, ongi asko baitzekiten bertan zain zeukatena. Hesiak ipini eta kamioiaren atea ireki zutenean algara batean nahastu ziren ume guztiak, poney zein bigantxekin jolasteko irrikaz.
Goizak, ordea, gauza gehiago zekartzan. Eguerdiko ordubatean, trikitiak gorde eta Ibaetan ongi ezagunak diren lau bertsolari igo ziren taula gainera: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Unai eta?Beñat Gaztelumendi anaiak. Beste urtebetez han ziren laurak, ermita parean, eta hor ibili ziren, bertsoz bertso, bazkaltzera jaisteko momentua iritsi zitzaien arte. Izan ere, indarrak hartzeko premia zuten bertako guztiek, festak hasi besterik egin ez zuela ongi zekitelako.
Asteburu luzea aurretik
Gaur arratsaldean auzoko kaleetara irtengo dira Txaranga Oriak eta buruhandiak. Ondoren, txokolate jana eta urteroko gazteentzako playback dantzaokea egingo dituzte.
Gaualdera, berriz, auzoko elizatik abiatuko den danborrada poteoak girotuko du festa, 22:30ean Lautximeneta frontoian hasiko diren kontzertuen aurretik. Musikazaleentzat asteburuko gau indartsuena izango da gaurkoa, Joseba B. Lenoir, Herenegun eta Pavloven Zakurrak taldeen kontzertuekin.
Larunbatean ere musikak protagonista izaten jarraituko du, Segan taldearen eta BaGo!az-eko dantzarien emanaldiarekin, alde batetik, eta Gozo Gozo erromeriaren eta La Jodedera taldearen kontzertuekin, bestetik. Bertso-poteoaz ere gozatuko dute auzotarrek, 20:00etan, Agin Laburu eta Eli Pagolaren eskutik.
Atseden hartzeko astirik ez dute izango ere ez igandean, goizeko diana eta dultzaineroen musikarekin berriro ekingo baitiote festari Ibaetan. Toka, bote eta mus txapelketaz gozatuko dute egunean zehar, besteak beste, astelehenean jaiari amaiera eman aurretik.