'Kalean ikusiko dugu elkar'
Planto. Horixe egingo dugu emakumeok* martxoaren 8an. Aurretik munduko beste hainbat lekutan egin duten moduan oihukatuko dugu gu gabe ez dela produzitzen eta ez dela erreproduzitzen.
1975ean gelditu ziren lehen aldiz emakumeak Islandian, planto egin zuen emakumeen %90ak. 2016an egun osoko geldialdia egin zuten Polonian eta antzeko mobilizazioak egin zituzten Korean eta Argentinan ere. Horien atzetik, 2017an deitu zen lehen aldiz nazioarteko greba feminista eta 70 herrialdetik gora batu ziren protestara. Aurten, Euskal Herriko Mugimendu Feministak bat egingo du nazioarteko mobilizazioekin. Nazkatuta gaudelako; gure gorputzak eta bizitzak geureak bakarrik direlako; hiltzen gaituztelako; kontsumorako objektu bihurtu garelako; zaintza lan oro gure gain geratzen delako. Planto egingo dugu, lan ordainduan ari garenok, zaintzaileok, etxeko lanetan gabiltzanok, ikasleok. Planto egingo dugu.
Garrasi egin nahi dugulako, kaleak hartu nahi ditugulako, lehen lerroan jarri nahi dugulako. Amonengatik, amengatik, alabengatik. Amonari lehenengo aitak eta gero senarrak dirua administratzen ziolako. Amak etxeko lan guztiak egiten dituelako. Alaba etxera beldurrarekin joaten delako. Planto egingo dugu emakumeen*, lesbianen eta transen indar politikoa berretsi nahi dugulako.
Tanpoiek eta kabiarrak zerga kopuru bera dutelako; emakumeon bizar-xaflak garestiagoak direlako, planto egingo dugu. Emakume eta gizonen arteko soldata arrakalak hor jarraitzen duelako, prekarietateak emakumeen aurpegia duelako; egunero egiten ditugun zaintza lanengatik ez balitz, gaur egungo sistema ekonomikoak porrot egingo lukeelako. Guk planto egingo dugu, eta zuk? Kalean ikusiko dugu elkar.