Ander Edo: 'Saberestarra'
Batzuetan marmotaren egunean bizitzearen irudipena izaten dut. Lagunartean adibidez badira urtetik urtera errepikatzen diren debateak. Martxoa iristen denan esaterako, emakumezko eta gizonezkoen arteko desberdintasunaren inguruan izaten dira eztabaida hauek. Edo hobeto esanda hau salatzeko eta honi aurre egiteko izaten diren ekimen inguruan.
Aurten urteroko Lilatoiaren gaiari beste bat gehitu zaio gainera: Martxoaren 8ko greba feminista. Gaia atera orduko polemika segituan pizten da. Eta aurten “zergatik ezin dut emakumeen eskubideen alde korrika egin” klasikoari, “zergatik ezin dut nik ere greba egin” berria gehitu zaio. Esaldi desberdinak dira baino funts bera dute biek.
Ekintza hauetan gizonezkoak diskriminatzen direla esaten dute batzuek. Baina horrelako adierazpenak egiterakoan ez dute kontuan izaten gizonoi bietan parte hartzeko gonbidapen zuzena egiten zaigula. Gauza bakar bat aldatzen da, ekimen hauetan eskaintzen zaigun papera. Protagonismo guztia emakumeei eman eta bigarren planoan, ekimen hauek babesten egoteko eskatzen zaigu. Dorsala kendu eta bide bazterrean animatzen egoteko eskatzen zaigu, megafonoa utzi eta manifestazioaren amaieran joateko eskatzen zaigu eta grebaren kasuan zaintza lanak gure esku hartzeko eskatu zaigu. Parte hartu nahi izan ezkero beraz, badugu zeregina. Zein da arazoa orduan?
Egoten jakitearen ideia azaltzeko bada batzuek euskaraz ere erabiltzen duten gaztelaniazko hitz bat: “saberestarra”. Kontu honen gakoa hor dagoela esango nuke. Egoten berrikasi behar dugu gizonok (beste hainbat konturen artean).