Irati Salsamendi. (Argazkia: Malen Aldalur)
Jantzigintza eta patroigintza ikasketak egin zituen Irati Salsamendik (Aiete, 1991), Bartzelonan. Orain, Donostian dago eta bide berriak urratu eta proiektu berriak abiarazi nahi ditu.
Irati Salsamendik Komunikazio ikasketak egin zituen Deustuan , baina beti eduki du artisautzarekiko interes berezia. Izeba jostunak ditu, eta betidanik aritu izan da belarritakoak eta tankerakoak eskuz egiten. Zaletasun horrek bultzatuta, Bartzelonara joan zen patroigintza eta jantzigintza ikastera.
Komunikaziotik modara egin zenuen salto.
Bai. Komunikazio ikasketak egin nituen Deustuko Unibertsitatean, eta nazkatu samar amaitu nuen. Gustura egin nituen ikasketak, baina baneukan gogoa zerbait teknikoagoa egiteko. Batxilergoa bukatzean, presio sozialagatik edo ez nintzen animatu, eta unibertsitatera joatea erabaki nuen, baina behin ikasketak bukatuta patroigintza eta jantzigintza ikasteko aukera polita nuela iruditu zitzaidan.
Zer ikasi duzu Bartzelonan?
Lan teknikoa egiteko prestatu naute. Adibidez, Inditex kateko denda bat imajinatuz gero, prozesua diseinatzaile batek hasten du, ondoren patroigileari pasatzen dio hark formulen bitartez interpretatu dezan. Besteak beste, hori egiten ikasi dut nik. Baina baita mozketaren zatia eta josketarena ere. Izan ere, enpresa handietan lana oso banatua dago, baina denda txikiagoetan denetarik egitea egokitzen zaizu.
Modaren munduan lanean aritu zara?
Sistemactyon izeneko enpresa katalan batean aritu nintzen praktiketan. Bartzelonako Poblenou auzoan dago. Garai batean ehungintzak indar handia zuen han, eta enpresa honek oraindik bizirauten du. Hor mozketan aritu nintzen. Bestalde, boutique batean ere aritu nintzen lanean, eta hor gehienbat ezkontza soinekoen patroiak egiten nituen. Azken honetan oso deseroso sentitzen nintzen; denda txiki bat zen eta bezeroarekin oso gertuko harremana eduki behar nuen. Hala ere, ondoren antzerki konpainia batekin aritu nintzen lanean eta han dena oso bestelakoa zen; hasteko, txotxongiloak janzten nituen. Egin dudan lanik interesgarriena izan da, eta askatasun gehien eduki dudana ere bai. Hor ere identitate bat sortzen ari zara, baina ez pertsona batena. Horrek, sormenari askoz aukera gehiago eskaintzen dizkio.
Identitatea sortzen dute, beraz, jantziek?
Nik uste dut baietz. Egunerokoan eramaten dugun arropa, esaterako, oso faktore garrantzitsua da gure identitatea sortzerakoan. Modatik kanpo gaudela uste dugunok edo alternatiboak garela pentsatzen dugunok ere ez gaude modatik at. Agian ez ditugu pasareletan ageri diren modaren eliteko arau horiek jarraituko, baina azkenean talde batean identifikatuak sentitzeko beste arau batzuk jarraitzen ditugu. Hau da, modatik ihes egitea oso zaila da eta ihes egiten dugunean ere beste nonbait sartzen gara.
Moda ulertzeko moduaz zerbait gehiago ikasi duzu azken urteetan?
Praktiketan ibili nintzenean ikusi nuen modan korronte ugari daudela baian araua beti dela bera.
Moda oraindik ere nagusiki emakumeei zuzenduta dago edo gauzak aldatzen ari direla uste duzu?
Modaz hitz egiten dugunean bi atal bereiziko nituzke: alde batetik, produkzioa, eta bestetik, kontsumoa. Kontsumoari dagokionez, uste dut ari direla gizonei begirako korronte berriak sortzen, hor merkatu bat ikusi dutelako. Hala ere, oraindik kontsumismoa emakumeei oso lotua dago. Sinetsarazi nahi digute emakumeok barruan daramagula erosteko zaletasuna eta naturalki gustatzen zaigula moda, arropak edo dena dalakoa. Bestalde, produkzioari erreparatuta Katalunian eta Euskal Herrian ehungintzak gainbehera nabarmena eduki du eta horrek azpikontratatzea eta nazioartekotzea ekarri du. Horrekin batera, lan baldintzak okertu dira, eta lan horietan ari den gehiengoa emakumea da, kasu batzuetan baita umeak ere. Dena den, hau ez da gauza berria; gerra garaian ere emakumeak geratzen ziren atzeguardian soldaduei arropak egiten. Zaintzeko beste modu bat da, izan ere, arropak behar fisiologiko bat ez badira ere oinarrizko behar bat dira, eta hor ere emakumeek paper garrantzitsua dute.
Hala ere, diseinatzaileak, esaterako, asko dira gizonezkoak.
Beti gertatzen da hori. Produkzio lana eta lan prekarioa emakumeek egiten dute, baina erabaki guneetan gizonezkoak daude. Lehenago esplikatzen nuen lan kate horretan lehenengo pieza ideia da, diseinatzaileek edukitzen dutena. Garrantzitsua da ideia, baina horrekin bakarrik ezin da ezer egin. Hala ere, horixe da fama gehien duen atala, eta ondorioz, diseinatzaileek hartzen dute izena, bide batez, kate guztian atalik maskulinizatuena dena. Dena den, egia da arlo honetan ere gero eta emakume gehiago dagoela.
Ikasketak egin ondoren modarekiko beste ikuspegi bat duzula uste duzu?
Nik ikasi dudan tokian dena oso neoliberala izan da eta genero ikuspegirik gabea. Ez didate ikuspegi kritikorik transmititu, hori neure kabuz joan naiz eraikitzen. Uste dut aurretik ere banuela ikuspegia baina orain ezagutza handiagoa daukat.
Lanean aritu zaren lekuetan gertatutako anekdotarik baduzu?
Boutique batean lanean ari nintzela behin bezero bat etorri zitzaidan oso urduri eta triste. Disgustu ikaragarria zeukan bere ama eta amaginarreba haserretu zirelako. Izan ere, amak ezkontzara soineko urdin turkesa bat eraman nahi zuen eta amaginarrebak kolore bereko soineko bat erosi zuen. Bezero bat zenez, konbertsazioa eman behar izan nion.
Aurrera begira baduzu proiekturik esku artean?
Nik ikasi nuen lekuan patroigintza emakumeen arropari oso lotuta zegoen eta hori ez zait gehiegi gustatzen. Horregatik bestelako egitasmo bat daukat esku artean lagun ilustratzaile batekin batera. Etxeko arropak egin nahi ditugu –amantalak, maindireak eta halakoak– nik josi egingo nituzke kotoi organikoa erabilita edo, eta berak dekoratzeko ilustrazioak egin. Koop Fabrika programa batean sartu naiz. Egia esan betidanik eduki izan dut buruan nire lana autogestionatu ahal izatea eta uste dut Koop Fabrikaren barruan eduki dezakedala aukera ekonomia sozial eraldatzailearen barruan lan egiteko. Donostia ere horretarako egokia delakoan nago; jendea gero eta kontzienteagoa da eta gero eta gehiago jartzen du balioan kalitatezkoa eta eskuz egindako lana. Dena den, horrek ere kontraesanak sortzen dizkit; agian horrela beste elite batentzat lanean amaituko dut.