Hainbat familiek bat egin zuten elkarretaratzean.
Euskal hezkuntza publikoaren aldeko borrokan dabiltza Altzako familiak. Elkarretaratzea egin zuten ostiral arratsaldean, Harria parkean, azken urteetan “krisiaren aitzakian” egin dituzte murrizketak salatuz. Kexu dira, esaterako, irakasle batek baja hartzen badu, ez dutelako hirugarren edo bosgarren egunerarte ordezkatzen, eta gogoratu dute Altzako institutuan 4 hilabetez egon direla musikako irakaslerik gabe. Kexu dira, aldi berean, behin-behinekotasunagatik: “Hamar irakasletik lau behin behinekoak dira, hori jasanezina da eskola bat aurrera eramateko. Eskola batek egonkortasuna behar du gauzak behar bezala egin ahal izateko. Beharrezkoa da denon indarrak batzea gure eskubideak defendatzeko eta Eusko Jaurlaritzari aurre egiteko”.