Ane Urrutikoetxea: 'Krisia'
Sare sozialen eta etengabeko albiste jarioen zurrunbiloan murgilduta bizitzeak baditu bere ondorioak. Alarmak jo, eta begiak irekitzearekin batera, Twitterrek eguneko gertaerak laburbiltzen dizkit. Gosaltzen ari naizen bitartean, hilekoa kontrolatzeko dudan aplikazioak gogorarazi dit 18 egun gelditzen zaizkidala ziklo berrirako. Kafeari ez diot esnerik bota gaur, behien esplotazioaren inguruan irakurri berri dudan albisteak gogoak kendu dizkidalako.
Esnea gorde dut hozkailuan, eta horrekin batera, goian dauzkadan arrautzen zenbakia begiratu dut; ez, ez dira 3 zenbakidunak. Laranja zukua egiteko denborarekin nabil; azalak botatzearekin batera nire buruari esan diot aste honetan faltarik gabe egingo dudala organikoaren ontzirako izen ematea. Eta nola da posible plastikoen ontzia dagoeneko betea egotea? Duela egun batzuk hustu nuen! Non erosi nezake plastiko gutxiago erabiliz?
Armairura noa; galtza bakeroen jatorria ezagutu beharko nuke? Ziur garbitzen ditudan bakoitzean itsasora kimiko pila botatzen ari naizela. Behintzat, hilabete honetan ez dut ezer berririk erosi. Hortzetako pastari begira gelditu naiz; horrek ere, sekulako elementu toxiko pila omen ditu, baina, zein da alternatiba?
Lanera bidean, janari beganoari argazki politak ateratzen dizkion nerabe baten Instagrama begiratu dut. Itxura ona dauka; noizbait gai izango naiz animaliarik gabeko dieta bat eramateko? Dieta hitza aipatu, eta gogoratu naiz laster dudala ezkontza bat; zergatik alboratuko nuen zunba ikastaroa?
Iritsi naiz bulegora; mugikorrak abisua pasa dit, 3.000 pauso egin ditut. Ea gaurkoan 10.000ra iristen naizen… Ordenagailua piztu, eta eguneko albiste bitxia irakurri dut; dirudienez, iparraldeko herrialdeetan modan jarri da plogging egitea, hau da, korrika egin bitartean zaborra jasotzea. Kirola eta ekologismoa bat eginda? Han badakite nola egin bi gauza batera!
Berriro mugikorra, dardar batean. Gaur ez omen dut behar bezainbeste ur edan. Fruta ere, gutxi jan omen dut. Lepo aldean tentsioa sentitzen hasi naiz; eserleku ergonomiko bat beharko nuke? Zahartzen hasi ote naiz? Gaur behintzat, yoga pixka bat egin beharko nuke.
Etxera iritsi, mugikorra itzali, eta arnasa hartu dut; zurrunbilotik irten beharra daukat, bizitzako kontraesanak besarkatu. 30 urteetako krisia izango da. Ezta?