(Argazkia: I. Esnaola)
Mojo Workin’ R&B eta soul jaialdia egingo dute gaur eta bihar. Gure Gauza elkarteko kidea da Arkaitz Kortabitarte (Altza, 1979), eta gogotsu dago antolatu duten egitarauaz gozatzeko.
Arkaitz Kortabitarte Punko, antolatzailea
Donostia bakarra da munduan, eta Mojo Workin’ jaialdia bakarra Europan?
Bai, egia esan, Europa mailan guk egiten dugun antzeko jaialdirik ez dago. Guk dakigunez antzeko bakarra New Orleansen (AEBak) egiten da, bi urtetik behin ospatzen den Ponderosa Stomp jaialdia.
Zein berritasun nabarmenduko zenituzke?
Aurten berririk nabarmenena Sings Beltza Sounds lerro musikal berria da. Musika beltzan aritzen ez diren gertuko taldeek beraien gustukoen artistei omenaldia eginez, soul eta R&Beko errepertorioa joko dute. Iruñeko Las Kasettes eta Los Jambos bandak dira egitasmo berri honetan parte hartuko duten lehendabizikoak.
Lanketa berezia egiten duzue Gure Gauza elkartetik asteburu esklusiboa lortzeko. Oraingoan, buruan zenituzten artistak ekartzea lortu duzue?
Bai. Jerry Williams, adibidez, Billy Princeren laguna da 60ko hamarkadatik, elkarrekin lanean Atlantic diskoetxean zeudenetik. Beraz, Donostia, Euskal Herria eta jaialdiari buruz hitz egin zion bere lagunari. Deitu bezain pronto eta esaldia bukatu baino lehen, «Demontre! Noski! Gogoan har nazazu!» erantzun zidan ozenki.
Talde nagusiak lau dira. Zer azpimarratuko zenuke bakoitzari buruz?
Nik Jerry Williamsen errepertorio aparta ikusteko aukera nabarmenduko nuke. Gaur egun, Swamp Dogg goitizenarekin aritzen da zuzenean. 60ko hamarkadako bere kantak interpretatzen ikusteko sekulako aukera da. Bestalde, La La Brooksek The Crystals bere taldeko kanta asko abestuko ditu, denok ezagutzen ditugunak. The Vandellas taldearekin gauza bera gertatuko da, Motown zigiluaren abestiak mundu guztian ezagunak direlako. Bukatzeko, Spencer Wigginsen gospel eta Memphisko soul sakonarekin gozatuko dugu.
Jaialdia areto ertain batean egiteak artisten eta publikoaren arteko harreman zuzena ahalbidetzen duela diozue. Horrek onura ekarri dio jaialdiari?
Dudarik gabe. Artistek ikusleekiko duten gertutasuna da jaialdiaren bereizgarria. Beste jaialdi handietatik aldentzen gaitu izaera desberdin bat emanez. Jende asko miresten dituzten artistak agurtzeko aukera izango dutelako etortzen dira urtero jaialdira. Horrek, zale fidelak sortzen ditu, eta horrekin batera, giro goxoa eta familiarra.
Halere, areto handiago batera eramatea pentsatu duzue inoiz?
Ez dugu horretan pentsatu bereziki. Dena den, gure bizileku naturalak gaur egungo esparruak dituen ezaugarriak izan behar dituela uste dut. Alegia, gure formatua aproposa da transmititu nahi dugunerako.
Larunbat eguerdian bi aurkezpen egingo dituzue. Batetik, jaialdiaren bigarren liburu ofiziala aurkeztuko duzue. Zer aurkituko dugu bertan?
Bisitatu gaituzten artistei buruz idatzi dut berriz ere bigarren liburu honetan. Bertan, artisten istorioak, beraiek pertsonalki kontatutako bitxikeriak, eta gehienbat, beraiekin gertutik elkarrekin bizi ondoren dudan ikuspuntua kontatzen dut. Gaztelaniazkoa ez ezik, euskarazko bertsioa ere argitaratu dugu.
Bestetik, Billy Princek 2015ean zuzenean grabatu zuen LPa aurkeztuko duzue. Nolakoa izan zen kontzertu hura?
Jaialdiak izan duen hoberenetariko bat, dudarik gabe. Billy Prince sasoi betean iritsi zen eta bere bandarekin batera perfekziotik oso gertu ibili zen. Oraindik diskoa entzuten dudan bakoitzean edo zuzeneko horri buruz hitz egiterakoan hunkitu egiten naiz. Jaialdiaren momentu ahaztezina izan zen.
Zuzenekoekin batera, DJ saioak egingo dituzue bi egunetan. Eiger edaritegian sortzen den giroa nola azalduko zenuke?
Lehenago esan bezala, familia giroa da sortzen dena. Bertan, jaialdiaz urtero gozatzen dugun lagunok elkartzen gara. Kanpoko pertsona batzuentzat etxera bueltatzea bezala da, bertakoentzat familiarekin gabonetan elkartzea bezala.
Dr. Punko gisara musika saioa eskainiko duzu. Errepertorio bereziren bat prestatu duzu?
Noski, biniloen maleta 60ko hamarkadako soul, R&B, blues eta reggaez josita izango dut.
Horrez gain, izango al duzu jaialdiaz gozatzeko nahikoa denbora?
Denbora beti ateratzen dut denetarik egiteko. Iazko jaialdia benetan kontzertuez gozatu nuen urtea izan zen. The Contours taldearen emanaldiarekin asko hunkitu nintzen. Aurten sentsazio hori errepikatzea espero dut.
Bosgarren urtez jarraian salduko ote dira sarrera guztiak?
Larunbaterako dena salduta dago. Gaurko 100 sarrera baino gutxiago gelditzen dira. Badirudi aurten ere bi egunetan Sold Out delakoa iragarri beharko dugula.
R&B eta soul unibertsoan barneratzeko zein artista gomendatuko zenituzke?
Iritsi berrientzat oinarrizkoak dira Otis Redding eta Stax zigilua, Ray Charles, Sam Cooke, Atlantic Records eta Motown diskoetxea. Abiapuntu onak dira horiek estiloa ezagutu eta pixkanaka soinu horietan barneratzeko.
Bada artista edo bandarik bereziki jaialdira ekarri nahiko zenukeena?
Smokey Robinson, Chuck Jackson, Tina Turner edo Stevie Wonder, adibide batzuk jartzeagatik. Guretzako ezinezkoak dira horiek Donostiara ekartzea. Batez ere, arrazoi ekonomikoarengatik. Horrek frustrazio pixka bat sortzen dit, batez ere, artista horiek egunean batean mundu honetatik joango direlako.
Donostia musika afroamerikarraren hiriburua izango da
Bederatzigarren urtez Mojo?Workin’ jaialdiak R & B eta soul doinuekin jantziko du hiria. 2010ean egiten hasi zirenetik asko hazi da musika afroamerikarra oinarri duen festa.
Bi eguneko egitarau interesgarria antolatu du Gure Gauza kultur elkarteak. Gaur, Spencer Wiggings, Lala Brooks eta Los Jambos taldeak ariko dira Gazteszenan, 21:00etan. Bihar, berriz, Jerry Williams a.k.a. Swamp Dogg, The Original Vandellas eta Las Kasettes banen txanda izango da, ordu eta leku berean. The Individuals taldeak lagunduko ditu kartelburuak agertoki gainean backing band gisara.
Bestalde,
Alldayer DJ saioak egingo dituzte Parte Zaharreko?Eiger edaritegian 17:00etatik aurrera.
Allnighter saioak, aldiz, Gazteszenako kontzertuen ondoren izango dira.