Altzako kiroldegia itxi zutenetik, hiriko klub batzuek arazo handiak dituzte euren jarduerarekin aurrera jarraitzeko. Kezka dute nagusi, eta konponbidea eskatzen dute.
(Argazkia: Waterpolo Donostia)
Altzako kiroldegia 2016ko azaroan itxi zuten. Proiektu berri bat zuen udalak eskuartean, kiroldegia handitu eta zerbitzuak hobetzeko, baina eraikina bota ostean, lurrak amiantoz kutsatuta daudela jakin zuten, garai batean leku horretan zegoen fabrikak egindako isurketen ondorioz. Aurkikuntzak dena nahastu du, eta prozesua asko luzatzen ari da. Joan den astean udalak jakinarazi zuen hitzarmen bat sinatu duela Kutxa Fundaziorekin, horrela, behin behineko kiroldegia egiteko Altzako Eraikuntzaren Institutu zaharrean. Egokitzapen lanak urtea bukatu aurretik bukatzea aurreikusi dute, datozen lau urteetan erabilgarri izateko. Aurrekontua 1.550.000 eurokoa da. Bien bitartean, ahal duten moduan moldatzen ari dira kiroldegian entrenatzen zuten klubak. Kiroldegirik gabe geratzeak bereziki hiru klubei eragin dien: Donosti Gimnasia Erritmikoari, Waterpolo Donostiari eta Alde Zaharra klubari.
Naiara Crujeiras, Donosti gimnasia erritmiko klubeko entrenatzailea da. Klubak aurten 30 urte bete dituela azaldu du, eta lehenengo bizpahiru urteetan Bidebietan egon ziren arren, Altzako kiroldegia erabili izan dute beti entrenatzeko. Aurten 132 gimnasta dituzte, eta horretaz gain, Donostialdeko bost eskoletan mugitzen dira, eskolaz kanpoko jarduerak emateko. Gainera, San Sebastian egunean Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen klubak. «Lau urterekin hasi nintzen klubean, eta 18 urte izan arte ibili nintzen gimnasta gisa. Hogei urterekin entrenatzaile gisa hasi eta hortan daramatzat hamabi urte».
Anoetako Paco Yoldi kiroldegira aldatu dituzten arren, ordutegi bera mantentzea lortu dute: «Obrak hasi zirenean aldatu gintuzten. Oso ondo gaude, ez dugu entrenamendu ordurik galdu eta pista ere nahiko egokitua dago gimnasia egiteko. Frontoi bat da, baina lurra egokia da eta altuera nahikoa du». Kontua da leku aldaketak sortu diela gimnasta gaztetxoenen galera: «Min gehien egin diguna da gimnasta pila bat galdu ditugula Amarara aldatzeagatik. Intxaurrondoko eta Oarsoaldeko haurrek utzi egin dute». Horretaz gain, orain bulegorik ez dutela kexu da: «Altzan bagenuen gela bat kudeaketa kontuetarako eta materiala gordetzeko. Horrelako leku bat ez izateak asko mugatzen gaitu». Klubaren artxiboa eta materiala bi garajetan gordeta dute orain. «Beti nahi dugu gehiago, baina gure entrenamenduetan ez du eragin aldaketak, eta larunbaterako txapelketa bat prestatzen ari gara, Karmelo Baldan (11:00 eta 15:30). Pena da udalak ez gaituela informatzen, prentsaren bidez jasotzen dugu informazioa. Irakurri dugun azkena da 2020an irekiko dutela».
Mantentzeko arazoak
Waterpolo Donostia da jarduera osoa Altza zuen beste klubetako bat. 2005ean sortu zuten, Tximistarritik banatuta, eta, egun, 50 jokalari inguru dituzte, hainbat kategoriatan: alebinak, haurrak, kadeteak, jubenilak eta seniorrak. Ainhoa Novo klubeko gurasoa da eta azaldu du orain nola moldatzen diren: «Alebinek igeriketa bakarrik egiten dute, Intxaurrondon, ez dutelako non entrenatu. Haur mailakoetatik gora, Anoetako kiroldegian entrenatzen dute, 19:30etan. Oso berandu da gazteenentzako, eta horrek oso konplexua egiten du jokalari berriak erakartzea». Partidetarako larunbatak izaten dituzte, hiru kluben artean banatzeko, eta hori ere arazo bat dela dio. «Berdintasun plana bultzatu genuen, baina ordutegi horiekin oso zaila da erakartzea neskak. Orain hamar ditugu, eta mutilekin nahastuta jokatu dezakete haur mailara arte bakarrik». Novok dio euren borondate on guztia eskaintzen ari direla beste era batera antolatzeko: «Baja asko izan ditugu Altzatik Anoetara aldatu garenetik, ordutegiengatik. Sostengatzea oso zaila da». Lokal bat ere bazuten Altzan, eta, orain, material hori garajetan banatua dute. Bilerak egiteko, berriz, lokalak alokatzen dituzte. «Ahal dugun heinean presioa sartzen jarraituko dugu, egoera hobetzeko».
Alde Zaharra klubak hiru saskibaloi talde ditu, guztiak gizonezkoen senior mailakoak. Guztira, 40 jokalari inguru dituzte, eta bi entrenatzaile. Bigarren mailako taldea darama Iñaki Ugartek:?«Altzan egon ginen tartean, emakumeen taldeak ere izan genituen, baina orain ez dauzkagu. Arratsaldero genuen entrenatzeko aukera Altzan, eta materiala gordetzeko gela bat ere bagenuen». Orain, Benta Berriko kiroldegian entrenatzen dute, eta bi egunetan eman diete pistako zati bat erabiltzeko aukera:?«Talde bakoitzak bi entrenamendu ordu ditu astean, bi egunetan banatuta. Lehen baino lau ordu gutxiago ditugu entrenatzeko, eta asko nabaritzen dugu. Ez dugu ikusten Altzako kiroldegia bide onetik doanik, eta errendimenduan asko eragin digu».
Klubetako kirolariez gain, norbanakoei ere eragin die itxierak noski. Donostia Kirolaren datuek argi uzten dute erabiltzaile kopuru handiko kiroldegia zela Altzakoa: 2014an, 193.876 erabiltzaile; 2015ean, 194.853 erabiltzaile, eta 2016an, 173.701. Bestalde, 2016an Altza kiroldegiaren ixtearen ondorioz, hazi egin da beste kiroldegi batzuetako erabiltzaile kopurua, noski: Bidebieta (+20.000), Intxaurrondo (+60.000) eta Yoldi (+ 50.000). Oso beteak daudela kiroldegiak bada, konponbidearen zain.