'Donostiako eskola Euskaraldiarekin bat!'
Euskaraldiak praktika suposatzen duelako eta praktika etengabeak ekarriko duelako ikasitakoa erraztasunez eta jariotasunez erabiltzea, euskaraz pentsatu eta bizitzea naturaltasunez egitea.
Gure gizarteak horrela eskatuta, Donostiako eskolen eginkizuna funtsezkoa izan da euskararen ezagutza eta zabaltzea sustatzeko; familiekin batera egin duen lana eta egiten ari dena eraginkorra izan da euskal hiztun eta euskara ulertzen dugunon artean ia donostiarron %70a izateko; baina hor geratzen gara nahi baino gehiagotan. Orain, berriz, Euskaraldiarekin bat egiteko aukera heldu zaigu, elkarren indarrak batuz, gizarteko beste eragile askorekin batera gure artean euskara ahotik belarrira eta zentzumen guztiekin erabil dezagun, “Euskararen Donostia” esatetik egiterako urratsa eman dezagun. Euskara periferiako erabileretatik erdigunera ekar dezagun.
Tamalez, gure eskoletan ez dugu nahi adina entzuten gure hizkuntza, hainbat ikerketek (Arrue-k esaterako) erakusten digute arrakala dagoela ikasleen ezagutzaren eta erabileraren artean, ez dela nahikoa jakitea egiteko eta ekiteko, gure ekosisteman eragin beharra dagoela eta partaideon aktibazioa ezinbestekoa dela egoera iraultzeko, euskara biziberritzeko… Hori lortze aldera egin ditugu eta ari gara ahaleginean, baina oraingoan ez gaude bakarrik, gure familiez gain gizarteko eragileak ere bat egiten ari dira ekimenarekin, ekosistema zabaltzen ari da. Auzo eta kaleak, elkarte eta etxeak “ahobizi”-z eta “belarriprest”-ez hornitzera dator Euskaraldia, askoren praktika kolektiboarekin ingurune euskaldun aktibo eta proaktiboa bultzatuz.
Euskara jakitetik erabilerarako jauzi kualitatiboaren garrantziaz kontziente izanik helduko diogu erronkari geuk ere. Denon inplikazio eta ahalduntzearekin, ikasleak beraiek eta eskolako eragileak oro har, ikastetxe bakoitzaren errealitatetik abiatuta, zenbait ekintzaren plangintzan eta kudeaketaren planifikazioan protagonista bihurtuta.
Dagoeneko probatuak ditugu Eusle eta Euskaraz Bizi-ren barruan egiten diren ekimenak, Euskararen egunaren eta beste egun seinalatuen bueltan, Euskarak 365 egun dituenaz kontziente gara. Aurten Euskaraldiaren aire freskoa baliatuz “hamaika” egunez ikastetxeetako ikasleei laguntzeko, irakasleok, hezitzaileok eta langile guztiok, guraso eta familiekin batera, martxan jarriko gara gure egunerokoan euskarari aire horretan hegalak emateko, bakoitzak beretik: irakasle, hezitzaile eta langile oro praktikaren eredu eta aitzindari izanez, ikasleek euskaraz eta euskararekin ikasteaz gain, eremu informaletan ere bere eginez, eta familiek harreman formal eta informaletan eskolaz haratagoko bizitza emanez. Eskolak “ahobizi” biziz eta “belarriprest”-ak ahobizituz, gizarte osoarekin batera bilaka gaitezen “Eusle” praktikariak erronka aberasgarri hau aurrera eramateko.
Josune Otxotorena, Donostiako Berritzeguneko partaidea