Gema Gonzalez de Txabarriri eskutitz irekia
Hasteko, eskertu nahi dizugu hirugarren aldi honetan Landaberriko irakasleoi erantzuteagatik.
Hala ere, gure zentrutik kilometro eskaxeko distantziara eraikitzen ari diren errauskailuak irakasleon eta ikasleen osasunean eragin litzazkeen ondorietaz argibideak eskatu genizkizun eta hauxe erantzun duzu: “Ordezkaritza honetako ekimen eremua gainditu egiten du”.
Ez dugu onartzen zure erantzuna. Hezkuntza buru zaren heinean, badagokizu ere ikastetxeetako osasun baldintza egokien bermatzaile izatea.
CSIC-en Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian ari diren Eduard Rodriguez eta Fernando Palacios ikerlariek berriki jakitera eman dutenez, Zubieta erraustegiaren ingurumen baimen integratuak gabezi handiak ditu ez dituelako aintzat hartu hainbat substantzia arriskutsu, horien artean metal astunak.
Errauskailuak sortuko lituzkeen dioxinak, nitrogeno oxidoak, eta arsenikoa arnastuko genuke.
Ikastetxean jarrita genituen eta errauskailuarekiko kezka adierazten duten pankartak kentzeko agindua eman zenuen, ordea. Eta hori bai zure ekimen eremutik kanpo dagoela, Hezkuntza Ordezkaria. Administrazioaren otsailaren 13ko 1/2003 jarraibidearen arabera, ez duzu horretarako eskumenik. Berez, Lasarteko udalari baitagokio eraikinaren kudeaketa eta pankarten inguruko baimen edo agindu ematea.
Gure praktika pedagogikoan ikasleak beren kabuz pentsa dezaten hezten ditugu, gaien inguruan galderak egitera animatzen ditugu eta beren irudipena adieraz dezaten aukera emanez ere jarduten dugu. Aldi berean, hondakinen kudeaketan engaiatuta gaude. Hori dela eta, ezin dugu onartu ikasleekin bereizten ditugun plastikoak erraustegira bidera ditzatela.
Azkenik, zugandik eta Ikuskaritzatik jaso ditugun presioen aurrean, jakitera eman nahi dizugu ere, gure kezkak bere horretan dirauela eta pankartak jarrita jarraitzen dutela gure ikastolan.
Adeitasunez,
Maripi Arruiz, Marijo Vivas, Xabi Zendoia eta Iñigo Aldabaldetreku, Landaberri ikastolako irakasle kezkatuen izenean