Mentxu Gal Lorategiak parkea, gaur egun. (Argazkia: I. Esnaola)
Mentxu Gal parkeko komunak kafetegi bihurtzeko proiektua bertan behera geratu da. Une honetan, aukera guztiak aztertzen ari da udala; horietako bat da eraikina ostalaritzara bideratzea.
Amarako Easo kalea eta Antso Jakitunaren hiribidea lotzen dituen eremuan dago Mentxu Gal lorategien parkea. Bertan dauden komun publikoek 30 urte baino gehiago daramatzate itxita. Erabilgarritasuna emateko asmoarekin, 2016ko abenduan ostalaritzako bi enpresariren proiektua baimendu zuen Donostiako Udalak: komunak zaharberritzea, kafetegi bihurtzea eta lorategian terraza bat jartzea. Urtebete luze pasa ondoren, sustatzaileek uko egin diote proiektuari bideragarritasun eza argudiatuta.
Mentxu Gal lorategiko komunekin zer egin aztertzen ari da udala. Proiektua «konplexua» dela uste du EAJren udal taldeak. Azken urtean udalak saiakera egin du itxita dagoen eraikinari erabilgarritasuna emateko. «Proiektu bat aurkeztu zen baina eraikina txiki gelditzen zaio, izan ere, hainbat baldintza jartzen zaizkio; eta ondorioz, ez da bideragarria», diote. Hain zuzen ere, eraikinaren barruan klimatizazio unitatea jartzeak, komunak handitzeak eta leihoak kanpoko barra bezala ezin erabiltzeak atzera bota ditu proiektuaren sustatzaileak. Horrela ere, eraikinari erabilera bat ematearen aldekoak dira jeltzaleak, «parkea biziberritzen» lagunduko duena.
Pasa den astean, Eneko Goia alkateak adierazi zuen ez dela baztertzen eraikina handitzea: «Duen tamainak ez du ematen horrelako negozio bat bideragarria egiteko. Aukera guztiak aztertuko ditugu, baina lorategia eta komunak errespetatuz». Proiektua baimendu zutenean kafetegiaren garrantzia azpimarratu zuen Ernesto Gasco Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak: «Ingurua biziberritzeko lagungarria izango da eta Amara auzoaren bi zatiak batuko lituzke».
Auzoko merkatari eta bizilagun hainbatek eraikinari erabilgarritasuna emateko eskatu izan dute. «Aspaldi eskatu genuen komunak berritzeko, eta kafetegiaren ideia ondo iruditu zitzaigun», dio Iñaki Olasagasti Amara Berri auzo elkarteko kideak. Auzoaren lotura egiteko gunea egokitzea ezinbestekoa dela gaineratu du: «Aste Santuaren ondoren udalarekin biltzeko asmoa dugu, eta besteak beste, parkeko eraikinaren gaia mahai gainean jarriko dugu».
Eguzki talde ekologistak ez du bat egiten udalaren asmoarekin. Lorategia kafetegi baten beharretara ez «sakrifikatzeko» eskatu dute. «Udalak egun lorategian indarrean dagoen hirigintza araua aldatzeko Plan Berezi bat sustatuko balu, orain arte bertan sartu ez den kafetegia sartzeko, Amarako berdegune hori ostalaritza jarduera pribatu baten beharretara sakrifikatzen ariko litzateke», esan du Martin Anso kideak. Parkea biziberritzeko eta bertako zuhaitzak errespetatzeko eskatu diote udalari. «Lorategiaren erabilera publikoa mantentzea besterik ez dugu eskatzen».
Parkeko komunak 50eko hamarkada inguruan. (Argazkia: Kutxa Fototeka)
Izena eta izana
Mendeurrenaren parkearen zati izatetik, izen propioa izatera pasa zen Amara bitan zatitzen duen lorategia. 2015eko martxoko udalbatzarrean adostu zuen Mentxu Gal margolariaren omenez, haren izena jartzea. Lorategien eta bertako komunen historia luzeagoa da. Irutxuloko Hitzak ez du argitu komunak noiz eraiki ziren, baina Ancora elkartekoen ustez 1945-50 urte bitartean izan zen.
Irekita egon ziren denbora ere ez dago argitzerik. Jakina dena da duela 30 urte pasa itxi zituela udalak, eta ordutik ez dute inolako erabilerarik izan. Nolanahi ere, 2011ko abenduan Amarako Gazteak izeneko taldeak komunak okupatu eta txukundu zituen auzotarren eskura jartzeko. Ordea, udalak berriz ere ixtea erabaki zuen.
Parkea bera ezaguna da bertan hazten diren zuhaitzengatik, eta bereziki, gereziondo japoniar batengatik. Eguzki taldeak teoria bat du horren inguruan. «1935ean Hirohito enperadoreak edo Tokio hiriak, iturrien arabera, hainbat gereziondo oparitu zizkion Donostiari. Bada, horietako bat omen da Mentxu Gal lorategikoa». Udaberria hasi berri denean, loratuta ikus daiteke momentu honetan gereziondoa.