Gazteentzako leku bat Urgullen
Udalaren eta Xomorro taldearen elkarlanari esker, Urgulleko gaztelekuak bere ateak ireki zituen martxoa hasieran, Parte?Zaharreko gazteentzako guneen faltari aurre egiteko helburuarekin
Auzoan gazteentzako gune baten falta zegoela ikusita, Parte Zaharreko guraso batzuk udalarekin harremanetan jarri ziren udazkenean, arazo horri irtenbide bat topatzeko asmoz. Geroztik, Xomorro taldearekin batera gazteleku bat sortzeko proiektua abiatu zuen udalak.
Orixe ikastolan eta hiriko hainbat ikastetxetan egindako lanarengatik jo zuen udalak taldearengana. Egitasmoa hasieratik interesgarria iruditu zitzaien Xomorro taldeko kideei, baina Parte Zaharreko gazteen ikuspuntua ezagutzea ezinbestekoa zela uste zuten beraiek. Gauzak horrela, auzoko gazteak eta udala bilduko zituen prozesu parte hartzaile bat abiatzea erabaki zuten abenduan?Xomorroko kideek.
Parte Zaharrean gazteentzako espazio falta nabarmena dagoela uste du taldeko Mikel Agirrek (Parte Zaharra, 1990). Auzoan haurtxokoa, gaztelekua eta estalpeak ez izateak gazteen aisia asko mugatzen zuela dio: «Identifikatu genuen estalpeko espazio bakarra Konstituzio plazako aterpeak dira, eta hura ez da gazteek arratsaldea pasatzeko leku aproposa».
Elkarrizketek aurrera egin zuten ahala, auzoko espazio berria forma hartzen joan zen pixkanaka, martxoa hasieran Urgulleko gaztelekuak bere ateak lehen aldiz ireki zituen arte. Auzoko gazteek Gobernadorearen baterian dute orain eurentzako lekua, Aste Santuan eta udaran zehar Natur Txokoa jasotzen duen erakinean.
Gaztelekuaren kokapena, ordea, ez da behin betikoa, udalaren asmoa espazio faltaren arazoari momentuko irtenbidea topatzea izan baita. Gaztelekuaren ekainetik aurrerako kokapena ez dago oraindik erabakita, gune berean Natur Txokoarekin bat egitea zaila ikusten delako. Xomorro taldeko Eider Villalbaren (Amara, 1991) ustez, eraikina ez da, ordea, proiektu berri honen aspektu garrantzitsuena. Bere hitzetan, «gazteen artean fisikoa ez den espazio bat sortzea da helburu nagusia».
Erronka handia aurretik
Auzoko gazteei eskaintza erakargarria zabaltzeko asmoz, aktibitate programa sendoa garatu dute Xomorroko kideek. Gunea 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako dago pentsatua, eta bertan zer eginik ez zaie faltako. Izan ere, gaztelekuko joko zein denbora pasa guztiez gain, eraikinaren eremua bera bestelako ekintza pila egiteko aparta da.
Gunea ireki zenetik bertara gerturatu den gazteen kopurua, ordea, ez da nahi bezain altua izan taldeko kideentzat. Zentzu horretan «erronka handia» dutela diote, jende gehiago erakarri ahal izateko zailtasun desberdinei aurre egin beharko dietela uste dutelako.
Batetik, Parte Zaharreko gazteen artean gaztelekura joateko ohitura falta dagoela pentsatzen du Villalbak: «Ulertzen dugu hasiera besterik ez dela eta denbora behar dela auzoko jendeak egitasmoa ezagutzeko». Zentzu horretan, Agirrek gazteekin lotura bat sortu eta falta den ohitura hori areagotzea bilatuko dutela dio.
Bestetik, gaztelekuaren kokapenak bere mugak ere badituela nabarmentzen dute taldeko bi kideek. Izan ere, Urgull mendian kokaturik egoteak alde onak baditu ere –kanpoan baratza jartzeko asmoa dute–, leku horretan gaztelekua ez dago oso eskuragarri auzoko gazteentzat. «Urruti egoteak ez du kuxkuxeatzera etorri daitezela errazten», uste du Villalbak.
Eguraldiari begira, gaztelekua Urgullen egoteak beste zailtasun bat ere suposatu dezakeela dio Agirrek. Guneak eguraldi txarra egiten duenean hartzen du garrantzia beraien ustetan, eguzkiarekin gazteek kanpoan egotea nahiago dutelako. «Euria egiten duenean, ordea, mendira igotzea ez da oso plan erakargarria», azpimarratu du Agirrek. Horregatik, emandako aukerarengatik pozik agertzen badira ere, Xomorroko kideek etorkizunean auzotik hurbilago egoteko aukera emango lukeen leku batekin amesten dute.
Aukera hori iristen den bitartean, pozik eta ilusio berdinez jarraituko dute Parte Zaharreko gazteekin lanean, auzokoei ondo pasa eta elkar ezagutzeko espazio bat eskainiz. Gobernadorearen bateriara hurbildu eta momentu atsegin bat pasatzeko gonbidapena zabaltzen diote, hortaz, Urgulleko gaztelekua ezagutzeko interesa duen edonori.
Gunea ostiraletan 16:30etik 19:30era dago zabalik, eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan. Maiatzetik aurrera, Urgulleko ordutegien aldaketa dela eta, ostiraletan 20:00ak arte mantenduko dute irekita eta 21:00ak arte larunbatetan.
Gaztelekua kudeatzen duen Xomorro taldea kontaktatzeko gaztelekuaxomorro@gmail.com helbidera idatzi edo 699964267 telefono zenbakira deitu daiteke.