1974ko belaunaldiko ikasle batzuk. (Argazkia: Ibai ikastola)
Ibaietako Ibai ikastolak 50 urte bete ditu aurtengo ikasturtean. Ospakizunaren harira, bazkaria egingo dute maiatzaren 19an, Ibaetako frontoian. Han bilduko dira ikasle, langile eta guraso ohiak, lagunartean egun polita igarotzeko asmoz, garai zaharrak oroituz. Bertso poteoa egingo dute goizean, paella bazkalduko dute, eta, ondoren, kontzertua izango dute.
Bazkarirako txartelak 20 euroan dituzte salgai, eta eros daitezke Illarra berri elkartean, apirilaren 27an, 18:00etatik 20:00etara.
Erreportaje zabala osatu du IRUTXULOKO HITZAk ikastolaren urteurrenaren aitzakian, historiari erreparatuz. Egon gara Antxon Irizar fundatzaile eta guraso ohiarekin, Andoni Lizeaga zuzendari ohiarekin, Oihana Santolaria ikasle ohi eta gurasoarekin eta Anabel Anta zuzendariarekin. Argazki zaharrekin batera argitaratuko dugu erreportajea ostiraleko astekarian.