Xila Pihlstrom: 'Hizkuntza bat ikastean aberastu egiten zara'
Euskal Herrira iritsi nintzenean euskara ez nuen ezagutzen, baina segituan ekin nion lanari. Hori bai, gaztelaniarekin batera, halabeharrez.
Bi hizkuntza dituen herri batekoa naiz, izan ere, Finlandia ofizialki elebiduna denez bi hizkuntzen arteko hartu emanarekin ohituta nago. Euskara ikastea ezinbestezkotzat jo nuen berehala, bai jendearekin komunikatzeko baita Euskal Herriko kultura eta ohiturak ulertzeko ere eta horietan guztietan parte hartzeko gai izateko ere. Beharbada, kanpotarra naizelako eta jatorriz hizkuntza txiki bateko hiztuna naizelako sentitzen dut euskararen garrantzia? Baliteke.
Suomitar elkartearen (Euskal Herria-Finlandia elkarte kulturala) lehendakaria naiz eta euskararen aldeko apustua aintzat hartzen dugu elkartean, nahiz eta elkarkide guzti-guztiek ez duten euskaraz hitz egiten (ezta guzti-guztiek suomieraz ere).
Nolanahi ere, beti dugu lagunen artean euskaraz hitz egiten ez duen bat. Zoritxarrez lagun bat nahikoa izaten da gainontzekoak gaztelaniaz egiten hasteko. Aldi berean, hitz egitean, euskaldunak, eta ni neu, joera dugu gaztelaniazko hitzen jarioa tartean sartzeko. Ia oharkabean sartzen ditut nik neuk halakoak, akaso ingurukoentzat mesedegarria delakoan. Baina nori komeni ote zaio horrelako nahasketa entzutea? Galdera ona.
Hain justu horretarako baliagarria izango da Euskaraldia. Euskal Herri mailan antolatu da eta Euskarak 365 egun zein Euskararen nazioarteko egunarekin batera datorkigu Euskaraldia. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean “hamaika egunez” ahobiziak eta belarriprestak ibiliko dira euskara lau haizetara zabaltzen; Euskaraldiak euskaraz hitz egiteko aukerak zabaltzeko tresna bat delako, alde batetik, eta bestetik “euskañola” zenbateraino egiten dugun hausnartzeko balio duelako. Era berean, euskara aktiboki sustatzeko aukera itzela ere bada. Zeren asko dira euskaraz hitz egin ez baina euskara ulertzen dutenak eta haiei bereziki eskaini nahiko nieke Euskaraldia.
Xila Pihlstrom, Suomitar elkartearen presidentea