Galdu baino gehiago irabazi dute
Lehendabizikoa izan da, eta ez dadila azkena izan. Realak eta Athleticek Anoetako lehen euskal derbia jokatu dute, gaur arratsaldean. Harmailak bete egin dira Emakumezkoen Lehen mailako partida bertatik bertara ikusteko. Hain zuzen ere, 21.503 lagun izan dira futbol estadioan, datu ofizialen arabera.
Txuri urdinek ezin izan dute egun historikoa biribildu, eta galdu egin dute 1 eta 4 zurigorrien aurka. Chini Pizarrok sartu du Realaren gol bakarra, bigarren zatian. Aurrez, Ramajok bere atean, Erika Vazquezek, Nekane Diezek eta Lucia Cordobak sartu dituzte Athleticen aldeko golak. Dena dela, bi taldeek ligako helburuak bete dituzte. Realak Kopa jokatuko du zazpigarren postuan bukatu duelako denboraldia. Bizkaiko taldeak, berriz, hirugarren postuari eutsi dio.
Galdu eta irabazi. Markagailuak adierazi duena baino garrantzitsuagoa da Anoetako neurketa bera. Emakumeen futbolak urrats asko ditu egiteko, eta gaurkoa beste bat izan da. Gainera, harrera ezinhobea izan du. Haur eta gazte asko hurbildu dira Anoetara, guraso eta bi taldeetako jarraitzaile askorekin batera. Giro onean igaro dute arratsaldea, eta berandu baino lehen esperientzia errepikatu nahi izango dute. Horrela bedi.