Orixe Saria jokatuko dute Añorgako Jolas Etxean

orixe-saria-Anorga

Aurreko sariketa bateko irudia.

Hiru urteko atsedenaldiaren ostean, XVI. Orixe Saria jokatuko dute Añorgan, maiatzaren 27an. Olatu Talkaren egitarauaren barnean sartu dute sariketa, eta formatu berria izango du, saio bakarrarekin. Jolas Etxean bazkaldu ostean, hauek ariko dira bertsotan: Unai Gaztelumendi, Iñaki Zelaia, Iratxe Ibarra, Nahikari Gabilondo, Eneko Lazkoz eta Manex Mujika. Epaileak hauek izango dira: Mikel Lersundi, Zigor Leunda eta Martin Aramendi. Gai-jartzaile lana Añorgako bertso eskolaren esku joango dira.

Bazkaria 13:30ean izango da eta joan nahi duenak izen eman dezake Jolas Etxean bertan jarri duten zerrendan.

Bertsolariek kantatu beharko dituzte hamalauna bertso puntuagarri, eta hauek izango dira ariketak:

  • Binaka ofiziotan, zortziko handian, hiruna bertso.
  • Binaka ofiziotan, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Bina punturi erantzun.
  • Binaka gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: gai baten inguruan bi bertso, nahi duten doinu eta neurrian.

1972tik

Orixe Saria 1972an antolatu zuten lehenengo aldiz Añorgako zenbait bertsozalek, Euxebio Igartzabal izan zen lehenengo txapelduna. Lehenengo sariketatik bigarrenera hiru urte pasa ziren, eta ordutik 1978ra urtero antolatu zuten. Hemeretzi urtetako etenaren ondoren, 1997tik aurrera bi urtetik behingo maiztasunez egin zuten. Orain, hiru urteko etenaren ostean itzuli da. Azken sariketa 2015ean jokatu zuten, eta irabazlea izan zen Oiartzungo Arkaitz Oiartzabal Xamoa.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend