Julen Etxeberria zuzendaria, Karlos Trenor guraso ohia, Pepi Maritxalar irakasle ohia, Aitzibier Gurutzeaga ikasle ohia eta gurasoa, eta Maitere Garmendia irakasle ohia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aitor ikastolak 50 urte bete ditu ikasturte honetan; urtebetetzearen aitzakian, abestia sortu dute eta dokumental bat ere osatu dute; ekaineko eskolako jaiarekin bukatuko dute ospakizuna.
Ezin dute Egia irudikatu Aitor ikastola gabe, ezta alderantziz ere. Hain zuzen, duela 50 urte sortu zuten Egiako Aitor ikastola, 1967-68 ikasturtean. Guraso talde txiki batek bultzatu zuen euskarazko hezkuntza auzoan, fraile frantziskotar batekin, eta bi andere-ñorekin batera. Haur Hezkuntzarekin bakarrik abiatu ziren, mojek utzitako gela txiki batean. Hortik Ibai Ikastolara bideratzen zituzten ikasleak, euren hezkuntzarekin jarrai zezaten. Historiaren parte dira Pepi Maritxalar eta Maitere Garmendia irakasle ohiak, Aitziber Gurutzeaga ikasle ohia eta gurasoa, Karlos Trenor guraso ohia, eta Julen Etxeberria zuzendaria. Euren bizipenen berri eman digute guztiek ere.
Lehenengo urteetan material falta izugarria zela ongi gogoan dute irakasleek. «Ez zegoen dirurik, norbaitek oparitutako folio satinatuak genituen, eta umeek ezin zuten marrazkirik egin», dio Garmendiak. Gainera, gela bakoitzean 40 haur inguru zituzten, eta lan egitea gogorra zen arren, familiekin eta langileen artean oso giro goxoa zutela diote bi andereñoek. «Lau katu ginen eta oso harreman estua genuen guztien artean», oroitu du Maritxalarrek. Hori horrela zela ziurra da, oraindik ere hilabetean behin elkartzen jarraitzen baitute erretiratutako irakasleek, elkarrekin bazkaltzeko: «Ez dugu nahi izaten, baina askotan bukatzen dugu ikasle ohietaz hitz egiten», dio barrez Maritxalarrek. Etxeberriak dio orain harremana desberdina dela: «Oraingo harremana ez da txarra, baina ez da hain estua. Agian borrokak aldatu egin direlako, orain gure aldarrikapenak Lakuara eraman behar ditugu».
Zenbat belaunaldi, ehun urte zati bi dio urteurreneko abestiak, eta halaxe izan da. Belaunaldiz belaunaldi egoera aldatuz joan zen; 1979-1980 ikasturtean Lehen Hezkuntza sartu zuten, baina oraindik baimenik ez zutenez, eskola liburuak Ibai Ikastolaren izenean eskatzen zituzten. 1980ko hamarkadan ikasle askok euskaraz ez zekitela ongi gogoan du Garmendiak: «Ikasturte oso bat pasa nuen orduerdi lehenago etortzen, okerren zebiltzan haurrak bildu eta mintzapraktika egiteko».
1983an legeztatu zuten ikastola, eta lizeoa egiteko ahalegina egin zuten arren, bere horretan geratu zen erronka. 1994an ikastetxe publiko bihurtu ziren. «Onuragarria izan da publifikazioa. 1987an egunero bilerak egiten genituen antolatzeko, eta gero lasaiago ibili ginen», dio Etxeberriak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza iritsi zenean ere ikastola saiatu zen hori barneratzen, baina ez zuen lortu. Horrela, gaur egun, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ditu ikastolak, eta ondoren, ikasleen bide naturala Lauaizeta ikastolan DBH egitea izaten da. Hainbat eraikinetatik igaro ostean, 2010-2011 ikasturtetik ikastola bi eraikinetan banatua dago, Konkorrenean eta Ametzagainan.
Urte horietan guztietan zerbait ez bada aldatu, gurasoekin duten harremana dela diote, oso estua izan baita beti. Garai bateko matrikulazio kanpainak, esaterako, ongi gogoan ditu Trenorrek: «1986an sartu nintzen, eta hurrengo urtean inplikatu nintzen. Matrikulazio garaian ibiltzen ginen postontzietan publizitatea sartzen». Etxeberria 1987an sartu zen irakasle gisa, eta ordutik eskolan jarraitzen du: «Orain ez da matrikulazio kanpainarik egin behar, egunero egiten dugu lana auzoarekin». Proiektu asko lantzen dituzte gurasoekin batera oraindik ere: eskolako bide segurua, ongi etorri… Maria Reina da auzoko beste eskola publikoa, eta haiekin ere oso harreman ona dutela diote. Horrela, urtean jarduera batzuk elkarrekin lantzen dituzte.
Lehenengo urteetako ikasleak, andereñoekin. (Argazkia: Aitor ikastola)
Gurutzeaga lehenengo belaunaldietako ikaslea da, hortaz, auzoan sei urte arteko hezkuntza bakarrik jaso zuen. Ama izan zenean, ez zuen zalantzarik izan haurrak ikastolara bidaltzeko, beste ikasle ohi askok bezala: «Eskola txiki baten modukoa da eta auzokoa, niretzat hori oso garrantzitsua da. Oso oso pozik nago egindako aukerarekin, oso ikastola aktiboa da eta batzuetan ez zara denera iristen!».
Urteurrenaren ospakizuna
Urteurrenaren aitzakian, ikasturtean barrena hainbat jarduera antolatu dituzte: lipduba egin zuten Egian barrena; Superlaguna ipuin kontalariaren emanaldiaz gozatu zuten; Realeko jokalariak bisitan egon ziren ikastolan; hastapenei ohore eginez, Aitzarte mendi taldearekin mendi irteera bat egin zuten; Egiaren hauspoa abestia sortu du Unai Pelayo Pelax ikasle ohiak… «Proposatu zidatenean sekulako poza hartu nuen. Pentsatzen hasi eta folk estiloko doinuak etorri zitzaizkidan burura. Nahiko pozik geratu naiz emaitzarekin, dantzagarria da, eta hori zen eskatu zidatena», dio Pelaxek. Joan den ostiralean aurkeztu zuten abestia,Konkorreneako jolastokian, eta prestatutako koreografia dantzatzen aritu ziren ikasle guztiak. «Ospakizunak balio izan digu ikusteko historia handia egin dugula», azaldu du Etxeberriak.