Lan prekarietatearen zelaia

Anoeta estadioaren birmoldatze lanetan eta lurraldeko gainerako eraikuntza publikoetan iruzurra eta prekarietatea nagusi direla salatu du ELAk. Sindikatuak grebara deituko du hilabete amaieran.
Argazkia: Reala

Argazkia: Reala

Anoetako futbol zelaia eraberritzeko lanek lehen urtea beteko  dute datorren astean. Hiriko eraikuntza lan handienetarikoa da estadioarena, lurraldeko kirolaren  ikur arkitektoniko garrantzitsuena izatera deitua. Birmoldaketa proiektu honen ibilbidea, ordea, ez da horren eredugarria izan. Izan ere, urtebeteko epean estadioak hedabideetan izan duen presentzia sindikatuen salaketei dagokie batez ere: iruzurra, langileen prekarietatea, dokumentuen faltsutzea, lan istripu bat… Obrak fase berria hasi zuen astelehenean, udaran zehar berdegunea metro eta erdi hondoratzeko helburuarekin.

Sindikatuak kezkatuta daude, obraren konplexutasunak batetik, eta 2018-2019ko denboraldiaren hasierak epeetan ekarriko duen presioak bestetik, langileen baldintzek okerrera egitea suposatuko dutela uste dutelako. Egoeran horretan aldaketarik ez badago, ELA sindikatuak greba deialdia egingo du sektorean hilabete amaieran, protestaren fokua Anoetakoa bezalako obra publikoetan jarriaz. Gipuzkoako eraikuntza hitzarmen berri bat negoziatzea eta erakunde publikoek bere aplikazioa bermatzea dute helburu.

ELAk Gipuzkoan %60ko presentzia du eraikuntzan. Igor San Jose da sektoreko arduraduna sindikatuan eta Anoetaren birmoldatze lanen  jarraipen sakona egin du obra hasi baino lehenagotik. Duela lau urte idatzi zion lehen aldiz Anoeta Kiroldegiko zuzendaritzari, obraren adjudikazioan Gipuzkoako Eraikuntza Hitzarmena bermatuko zuten edo ez jakiteko. Ez zuen erantzunik jaso, eta geroztik eraikuntza hau inguratu duten irregulartasunen zerrenda hazi besterik ez da egin.

Egungo egoeraren oinarrizko arazoa obraren adjudikazioan dagoela uste du San Josek. Eraikuntza osatzen duten hiru zatiak 50 milioi euro ingurutan adjudikatu zituen Anoeta Kiroldegiak. Realak 35 milioi jarri zituen eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzak (10 milioi) eta Gipuzkoako Aldundiak (4 milioi) ordaindu zuten. Tamaina honetako eraikuntza baten prezioak, ordea,  askoz altuagoa izan beharko lukeela dio sindikatuak: «Proiektuaren teknikaria Izaskun Larzabal da eta berak beste obra asko egin ditu Donostian». San Joseren arabera, besteekin konparatuta, obra honetan prezioek nabarmenki egin dute behera. Proiektuaren prezioa gutxienez 70 milioi eurokoa izan beharko lukeela kalkulatu du ELAk.

Europako Batasunak kirol instalazioetarako inbertsio publikoak asko mugatzen dituela azaldu du San Josek, prezioaren beherapenaren arrazoia hortik joan daitekeela pentsaraziz. Herritarrek ordainduko dituzten 14 milioiez gain, proiektua finantzatzeko falta diren 20 milioiak lurraldearen eta langileen kaltetan iruzurra eta prekarietatearekin ordainduko direla uste du sindikatuko arduradunak.

Adjudikazioaren irteera prezioak lurraldeko enpresen haserrea ere eragin zuela dio San Josek. Obraren zati garrantzitsuenaren  lehiaketara  bi talde bakarrik aurkeztu ziren, sindikatuaren arabera horrelakoetan normalena zortzi edo hamar enpresa aurkeztea denean. Bi horietako batek, ordea, proiektuaren irteera prezioa %15ean gainditzen zuen aurrekontu bat aurkeztu zuen, esleipenaren bideraezintasuna salatzeko. Besteak berriz, Moyua-Altuna y Uria enpresen aldi baterako batasunak (EAB), irteera prezioa baino %2,11 baxuagoa den aurrekontu batekin irabazi zuen lehiaketa.

Adjudikazioa aurretik «lotuta» zegoela salatu du sindikatuak. Izan ere, bigarren lote handiena EAB berdinari egokitu zitzaion ondoren, lehiaketa horretara aurrekoan baino enpresa gehiago aurkeztu ziren arren.  Adjudikazio horretan, Moyua-Altuna y Uria batasunak puntuazio tekniko «altuegi eta susmagarri» batekin irabazi zuela zehaztu du San Josek.

Azpikontratazioa oinarri
Obra adjudikatu zenean, ELAk idatzi bat zuzendu zion bi enpresek osatutako EABari, eraikuntzan zein hitzarmen beteko zuten jakiteko. Gipuzkoako Eraikuntza Hitzarmena errespetatuko zutela erantzun zioten sindikatuari, baina obra hasi bezain pronto, bertan lanean zebiltzan enpresa azpikontratatuek hitzarmena betetzen ez zutela ziurtatu ahal izan zuen ELAk.

Reis, Maiztzi eta EPB ziren proiektua hasi zuten azpikontratatuak. Beste eraikuntza batzuetan jarritako salaketengatik hirurak ezagutzen zituen ELA sindikatuak. San Joseren arabera, Anoetan lan egiteagatik Gipuzkoako hitzarmenak markatzen duen soldataren %40a soilik jasotzera iritsi zitezkeen enpresa hauetako langileak. Astean hiru edo lau aldiz pasatzen da bera estadioko obretatik: «Langileek egunero hamar ordu sartzen dituzte gutxienez, eta horietako askok, gainera, erraustegian eta beste obra batzuetan egin behar izaten dute lan asteburuan».

Azpikontratatu hauetako langileek orduko sei eta zortzi euro bitarteko soldata jasotzen dutela salatu du ELAk,  dietak eta oporrak barne. Era berean, langile hauek urtean 600 edo 700 ordu estra egitera iritsi daitezkeela eta lan ordu horiek ordu arruntak bezala ordaintzen dizkietela dio sindikatuak.

Gainera, Maiztzi enpresak bere langileei mediku azterketa pasa ez ziela jakin zuen ELAk eraikuntzako langileen bitartez. Gaia ikertzen hasi zirenean, ordea, enpresa azpikontratatuak 31 langileren azterketa medikuen dokumentazio faltsua aurkeztu zuela ikusi zuten sindikatuko kideek.

Ipinitako salaketei esker hiru enpresa horiek Anoetaren birmoldatze lanetatik kanporatzea lortu zuen ELAk martxoan, baina horrek poz handirik sortu ez ziela aitortzen du San Josek: batetik, enpresa horiek hiriko beste eraikuntza publikoetan lanean jarraitzen dutelako eta, bestetik, Anoetako obrara sartu diren enpresa azpikontratatu berriek ere hitzarmena aplikatzen ez dutelako. Sindikatuak hainbat salaketa jarri dizkie jada Anoetako obran sartu berri diren enpresei.

Azpikontratatuen aldaketa horiek, ordea, lana zerotik hastea suposatzen diete sindikatuei. Izan ere, langile berriekin harremanak egitea prozesu motel eta konplexua dela azaltzen du San Josek. Euren egoera zein den azaleratzeagatik kaleratuak izateko beldurra dute langile gehienek. IRUTXULOKO HITZAk Anoetako obran egindako bisitan, enpresa azpikontratatu bateko langile batek sindikatuko arduradunari telefono zenbakia ezkutuan pasa behar izan ziola ikusi zuen, nagusiek bere aurkako neurriak hartzearen beldur zelako. Era berean, Txomin-Eneako District Heating zentral energetikoaren eraikuntza publikoko hiru langile euren lan baldintzak salatzeagatik kaleratu dituztela salatu du ELAk aste honetan.

Ikuskapen falta
Abenduaren 27an lan istripu bat gertatu zen Anoetako eraikuntza lanetan. Estadioaren obrak estaltzen dituen lonaren bederatzi metroko metalezko egituraren zati bat erori zen. Behera etorri aurretik mugitzen hasi zenean, bertan zeuden langileak konturatu eta txistuka hasi ziren besteak abisatzeko. Zorionez, plataformaren azpian zeuden langileek eremutik irteteko denbora izan zuten. Hauek San Joserekin jarri ziren harremanetan, eta eraikuntzara iritsi zenerako, lan ikuskaritzako inor ez zegoela eta ikerketarik egin gabe langileak berriro lanean jarri zituztela dio sindikatuko arduradunak. Plataforma horretan istripuen prebentziorako egindako diseinua aurreko asteetan erabat aldatu zutela salatzen du San Josek: «Anoetan epeak eta itxura langileen segurtasunaren aurretik jarri dira».

Zenbait eraikuntza publikoetan lan-ikuskaritzak behar bezain beste lan egiten ez duela salatzen du ELAko arduradunak. Bere ustez, bisita bakarra nahikoa da Anoetako eraikuntzan irregulartasun larriak gertatzen ari direla ikusteko. Ikuskaritza sartzen denerako, ordea, beranduegi izaten dela dio ELAk, enpresek kaltea egin eta alde egin dutelako. 90eko hamarkadan Anoeta estadioaren eraikuntzan bi langile hil zirela gogora ekarri du San Josek.

Arazo hauen atzean erabaki politiko bat dagoela uste du sindikatuko arduradunak: «Ez dugu ahaztu behar lan-ikuskaritzaren burua politikariek izendatzen dutela». Bere iritziz, Anoetaren kasuan «interes handia dute beste aldera batera begiratzeko». EAJk obra aurrera ateratzeko interes handia duela dio sindikatuak, hauteskundeetan izan ditzakeen eraginarengatik.  ELAko kideei, ordea, «lotsagarria» iruditzen zaie diru publikoarekin ordaindutako eraikuntzetan gutxieneko lan-baldintzak ez bermatzea.

Gainera Anoetako eraikuntzan parte hartzen duten enpresak beste era batera konpentsatuko dituztela azpimarratu du San Josek, erraustegian eta lurraldeko beste obra publikoetan talde berdinak topatzen direla nabarmenduz: «Argi dago enpresa horiek ez direla Anoetako eraikuntzara dirua galtzera sartu. Beste era batera konpentsatuko dituzte, eta obra guztiak ez dira merke eta azkarrak izango».

Era berean, Realak jarri behar dituen 35 milioien zati bat herritarrek ordainduko dutela dio ere ELAko arduradunak. Izan ere, erakunde publikoek ordainduko dituzten 14 milioiez gain,  udalak talde donostiarrari estadioaren alokairuaren zati bat deskontatuko dio eraikuntzaren akordioaren ondorioz, sindikatuaren arabera. Herritarrei urteetarako diru sarrera bat galtzea suposatuko die horrek.

Anoetako eraikuntzan ematen ari den egoera larria ezagutu arren, hura eteteko borondate politiko falta dagoela uste du San Josek: «Iruzurren eta prekarietatearen frogak mahai gainean jarrita, inork ez digu esan oraindik gezurretan ari garela».

IRUTXULOKO HITZAk erreportaje honetan bere ikuspuntua eskaintzeko aukera eman die Realari eta Donostiako Udalari. Klubak uko egin dio gonbidapenari eta udalak ez du erantzunik eman.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend