Ane Urrutikoetxea: 'Bizi duzue bizikleta?'
Orain euria atseden txiki bat ematen hasi zaigula, garajera jaitsi eta neguko hilabete ilunetan hautsa pilatzen utzitako bizikleta berreskuratzea erabaki dut. Bazen garaia! Hiritik bi gurpilei eragiten hasteko gogoz nenbilen. Baina aurten gainera, hiriak eskaintzen duen bizikleta alokairu publikoan, hau da, Dbizin, izena ematea erabaki dut. Arrazoia? Nori ez zaio gertatu bizikletan hiriaren beste puntaraino joan, bat-batean euria hasi, eta bi gurpileko laguna bertan utzi behar izatea? Edo alderantziz, oskarbi dagoela nabaritu eta bizikleta hartzeko gogoekin gelditzea?
Praktikotasuna ikusten diot sistema honi (Ez legoke batere gaizki gaueko ordutegia luzatuko balute, taxi eta autobus garestien aurrean alternatiba merke bat izan genezan) eta aukera bat ematea erabaki dut. Lehen kontaktua duela egun gutxi izan nuen, eta esperientzia ez da uste bezain gozagarria izan; lehen bizikleta gaizki aparkatuta gelditu zitzaidan, eta eskerrak abisatua nengoela! Mantenu zerbitzura deitu izan ez banu, 200 euroko isuna jasoko nukeen.
Lehen hanka-sartze horrek ez nau desanimatu, noski, baina… zergatik da horren zaila bizikleta horiek ondo aparkatzea? Segurtasunagatik ez da izango, askotan ikusi izan baititut bide ertzetan abandonatutako bizikletak, norbaitek indarrez hartuak agian?
Lasai, ez noa oso positiboa eta beharrezkoa den zerbitzu hau hankaz gora jartzera; baina oraindik galdera gehiago eragin dizkit beste gai batek. Dbiziko lehen bizikletak ez ziren elektrikoak, eta ondoren, aldapan dauden auzoetako bizilagunen onurarako, elektrikoekin ordezkatzea erabaki zuten, baina paradoxikoki, Aiete eta Egia auzoetako gune gorenetan ez dago Dbiziko bizikletak aparkatzeko posturik. Orduan, nola erabiliko dituzte?
Hain zuzen, martxoan adierazi zuten etorkizunean zerbitzura bueltatuko direla berriro elektrikoak ez diren bizikletak. Elektrikoak ez dira desagertuko, eta bi modeloak elkarrekin eskainiko dituzte. Espero dezagun behintzat, elektrikoak ez diren horiek hobeto tratatuko dituztela erabiltzaileek; zer demontre egiten du jendeak horren denbora gutxi duten bizikletak egoera kaxkar horretan egon daitezen?