‘Lorategi inbaditzailea’, Uliako Mintegietako Parkean. (Argazkia: Alberto Lopez eta Manuel Prados)
‘Lorategi inbaditzailea’ sortu dute Alberto Lopez Baena eta Manuel Prados Sanchez artistek Ulian, artea eta landare inbaditzaileen inguruko hausnarketa uztartuz.
Lorategi inbaditzailea Alberto Lopez eta Manuel Prados artista sevillarrek sortutako landare inbaditzaileen lorategi botanikoa da. Proiektuak botanikaren eta lorezaintzaren poetikak eta metodoak jartzen ditu praktikan, eta lorategi basati honen eraikuntzarekin, «landareak giza kontroletik nola askatzen diren» aztertu nahi izan dute. Artelana Uliako mintegietako parkean egindako lorategiak eta Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean ikusgai egongo den erakusketak osatzen dute.Proiektu artistikoa da, ingurumenari buruzko lanketa egiten duena, baina artisten arabera landare inbaditzaileen gaiak «konotazio politikoak» ere baditu, izan ere, askotariko iritzi eta jarrera daude honen inguruan. Horrez gain, gaia ikuspegi politikotik begiratuta, migrazioen inguruko diskurtsoekin ere paralelismoak egin daitezkeela aitortzen dute artistek: «bi kasuetan, tokikoaren eta kanpokoaren, alegia, hemengoaren eta
bestearen arteko gatazka azaleratzen da». Alberto Lopez (Sevilla, 1979) diseinatzailea, komisarioa eta artista bisuala da, eta gaur egun Cadizen (Espainia) bizi da. Manuel Prados (Sevilla, 1981) aldiz, Madrilen bizi da, eta artista eta kultur ekoizlea da.
Denbora pasa da ideia bururatu zitzaienetik gauzatu ahal izan duten arte. Manuel Pradosek dioenez, zailtasunak izan dituzte proiektua Andaluzian garatzeko, kontaktatutako instituzio artistikoek ingurumenarekin lotura duen proiektua dela esaten zutelako, eta alderantziz, ingurumenaren esparrua kudeatzen dutenek, egitasmo «artistikoegia» zela kontsideratzen zutelako.
Arrakastarik gabeko zenbait saiakera eta gero,
Egonaldiak lurrean erresidentzia artistikoaren berri izan zuten, eta proiektua aurkeztea erabaki zuten. «Gure lanak Donostialdeko testuinguruan problematika globala den biodibertsitatearen inguruko lanketa proposatzen duenez, aukera paregabea iruditu zitzaigun», dio artistak.
Landare inbaditzaileak zabaltzeko arriskuak ere zailtasunak eragin dizkie, instituzioek lorategia espazio kontrolatu batean egiteko baldintza jartzen zieten-eta. Uliako mintegietako parkean negutegiak zeudela jakin zuten, eta toki egokia zela pentsatu zuten. Gainera, auzotarren erresistentzia eta borroka ibilbidea zoragarria iruditu zitzaiela aitortu du Pradosek.
‘Egonaldiak lurrean’
Sevillako artistek 2017ko abenduan jakin zuten
Egonaldiak lurrean izeneko egitasmoko ebaluazio-batzordeak haien proiektua aukeratu zuela. Cristina Enea Fundazioa eta Tabakalera Nazioarteko Kultura Garaikide Zentroa dira egonaldi artistiko hauen antolatzaileak eta egitasmo honen helburua lan artistikoen garapenerako espazio bat eskaintzea eta ikerketa prozesuak babestea da. Aurtengoa da ekimenaren lehen ekitaldia eta, gaur egungo problematika ekologikoei eta hirietan, zein hiri-landa eremuetan eraikitzearen inguruko hausnarketa egiten duten lanak bultzatu nahi ditu. Andaluziako artisten proiektuak, guztiz betetzen ditu baldintza horiek. Egonaldiek lau eta zortzi asteko iraupena izaten dute, eta kasu honetan, Lopez eta Prado 2018ko otsailetik maiatza bitartean egon dira euren ideiaren bueltan lanean.
Proiektuaren aurkezpena
Asteburu honetan aurkeztuko dute Lorategi inbaditzailea eta horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte. Alde batetik, larunbatean, maiatzaren 26ean, lorategiaren aurkezpena egingo dute Uliako mintegietan. Gainera, Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren hitzaldia, Burdeos artistaren musika emanaldia eta Gorka Zubeldia aktorearen performancea egingo dituzte. Zubeldiaren obra Nietzscheren
La Gaya Ciencia obran oinarrituta dago, eta Pradosen esanetan, «inspirazio iturri bat» izan da haientzat ere. Bestetik, igandean, hilaren 27an, Lorategi inbaditzailearen erakusketaren irekiera egingo dute Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean eta gaiarekin lotura duten bi film proiektatuko dituzte:
?Flores eta
El jardin en movimiento, Gilles Clement.
‘Lorategi inbaditzailea’ren inaugurazioa
Maiatzaren 26a, larunbata. Lorategi inbaditzailea-ren aurkezpena 17:00etan, Uliako mintegietan. Horrez gain, Jakoba Errekondoren hitzaldia, Burdeos musikariaren emanaldia, eta Gorka Zubeldia aktorearen performancea egingo dituzte.
Maiatzaren 27a, igandea. Erakusketaren inaugurazioa 17:00etan, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Flores eta El jardin en movimiento, Gilles Clement filmak proiektatuko dituzte.
Uztailak 15, igandea. Uliako lorategia eta Cristina eneako erakusketa uztailaren 15era arte egongo dira ikusgai.