Veronica Semis: "Gero eta bizilagun gutxiago dago eta beraz, bezero gutxiago"
Veronica Semis, Zas taberna (Gros)
Azken urteetan asko nabaritu al duzu turismoaren gorakada?
Grosen aldaketa handia nabaritu da. Taberna dudan Zabaleta kalean lau pisu turistiko berri inguru ireki zituzten iaz, eta kalean jende asko ikusten da atzera eta aurrera.
Eta hori tabernan nabaritzen duzue?
Ez. Jende asko ikusten da pasatzen eta kanpora ateratzen bazara ingelesez eta frantsez gehiago entzuten da euskaraz edo gaztelaniaz baino, baina jendea ez da tabernara sartzen.
Turismoak, beraz, ez dizue irabazi askorik ekarri.
Ez, irabaziak baino kalte gehiago eragin dizkigula uste dut. Pisu turistikoek etxebizitzen prezioa nabarmen igo dute, eta jendeak auzotik alde egin behar izan du. Taberna batzuk agian irabazten aterako dira baina gurea moduko auzora begirako taberna batentzat gero eta saiagoa da. Gero eta bizilagun gutxiago dago, eta, beraz, gero eta bezero gutxiago ditugu.
Turistek beste taberna mota bat lehenesten dute?
Turistak zuzenean Parte Zaharreko tabernetara joaten dira, edo, bestela, Grosen gero eta gehiago dauden taberna elitistagoetara. Bizilagunei begira lan egiten dugun tabernek ez dugu hortik irabazirik ateratzen.
Irabazirik ez eta gainera bezeroak galdu?
Grosen etxebizitzen prezioena ikaragarria da. Pisu txiki batek alokairuan hilean 850-900 euro balio ditu eta umeak badituzu eta etxe handiagoa behar baduzu 1.200 euro ingurura igo daiteke. Ezinezkoa da auzo honetan bizitzea gehienontzat eta jendeak alde egiten du beste auzo batzuetara edo inguruko herrietara.