Egiako Txoko Berri zahar etxean hainbat lan saio egin dituzte auzoko adinekoekin, eragileekin eta profesionalekin.
LKaleak izeneko proiektua abiatu dute Egian. Donostia Lagunkoia planaren barruan dago, eta hauskortasuna duten adinekoei begira ari dira lanean.
Zahartzaroaren erronkak hainbat dira, eta horiei garaiz erantzuteko hainbat egitasmo ari dira garatzen gurean zein nazioartean. Donostia Lagunkoia hiri planaren bidez, LKaleak proiektua lantzen ari dira Egian. Horretarako, auzoko adinekoak elkarrizketatu eta talde saioak egin dituzte beraien beharrak eta egin ditzaketen ekarpenak ezagutzeko. Adinekoekin batera, auzoko eragile eta profesionalekin elkartzen ari dira, guztien artean zaintza eta babeserako komunitate bat egituratu daitekeen ikusteko. Emanhar elkartea ari da prozesua aurrera eramaten.
Lkaleak proiektuak Donostiako Udalaren, Aptes elkartearen eta Deustuko Unibertsitatearen laguntza du. Helburua, berriz, gizartearen zahartzaroa aztertu eta dauden aukerak zein erronkak zehaztea da, beti ere, adinekoen iritziari garrantzia emanez. «Donostia Lagunkoiaren diagnostikoa egin zenean, adinekoek esan ziguten beraien artean egoera desberdinean dauden pertsonak daudela. Bereziki, hauskortasun egoeran dauden adinekoengan arreta berezia jartzeko eskatu ziguten», azaldu du Eva Salaberria Donostia Lagunkoia Hiri Planaren koordinatzaileak.
Bakardadea, isolamendua, gaixotasuna eta ahultasuna dira hauskortasun egoeraren adierazleak. Hauskortasun egoera bizi duten adinekoak identifikatu, beraien bila joan, parte hartzeko proposatu eta beraiekin lanean hasi ziren. «Proiektu bat diseinatu genuen, jakin gabe zein emaitza jasoko genituen. Horregatik, Gipuzkoako Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren barruan kokatu genuen, esperimentatzeko aukera izateko emaitza jakin bat gabe», dio Salaberriak.
Egia auzoa abiapuntu
Aukera asko aztertu ondoren, Egia auzoa «leku aproposena» zela erabaki zuten. «Hiriko zahartze tasa baino altuagoa du, adineko emakumeak gehiago dira eta bizitza komunitario indartsua dauka. Dinamika asko daude eragile desberdinen artean. Euskara, hezkuntza, feminismoa, festak… Hiriaren zahartze prozesuaren isla garbia zela ikusi genuen», azpimarratu du Salaberriak.
Egiako Txoko Berri zahar etxea da LKaleak proiektuaren topagunea. Emanhar elkartea ari da egitasmoa aurrera eramaten. Esperientzia dute parte hartze prozesuetan eta gustura ari dira lanean. «Nortasun kolektiboa dago Egian, eta oso lagungarria da horrelako jarduerak aurrera eramateko», esan du Xenki Berho elkarteko kideak. Egitasmoa hiru fasetan egiteko asmoa dute, eta dagoeneko lehen biak gainditu dituzte. «Zaila izan zen hauskortasun egoeran dauden adinekoak topatu eta beraien parte hartzea mantentzea. Hilabete batetik bestera asko dira etortzeari utzi diotenak osasun arazoengatik».
Horrela ere, adinekoekin elkartzea lortu zuten. «Lehen fasean, adinekoekin elkartu ginen iraganean nola bizi eta zaintzen ziren jakiteko, eta egun zein behar dituzten identifikatzeko», azaldu du Berhok. «Bigarren fasean, adinekoen errealitatea ezagutzen zuten bizilagun, zaintzaile eta profesionalekin elkartu ginen helburu berarekin». Orain hirugarren fasean daude. «Denda, eragile eta norbanakoekin elkartzen ari gara auzoko adinekoen errealitatea zein den ezagutu dezaten».
Egitasmoak harrera ona izan du auzoan. «Adinekoei eredugarria iruditu zaie. Gainera, beraien artean harremanak sortu dituzte. Hainbatek ez zekiten Txoko Berri egoitza auzoan zutenik, eta aisialdirako leku berri bat topatu dute», dio Berhok. Horrekin batera, adinekoak gustura daudela gaineratu du. «Beraien iritzia garrantzitsua dela jabetu dira, eta komunitateari ekarpena egin ahal diotela». Salaberriaren ustez adinekoak gizartera integratzea garrantzitsua da. «Adinekoei dena ematen diegula uste dugu. Eta beraiek ez digute ezer ematen? Integratu behar ditugu, zer eskaini ahal duten jakiteko».
Baliagarria izateko
Ekainean pare bat lan saio egingo dituzte Txoko Berrin. «Asko ikasten ari gara, eta ikusten ari gara zein elementu diren kontuan hartu beharrekoak saretzeak lortzeko», esan du Salaberriak. Gaur egun oraindik ere sare eta atentzio praktika asko daudela uste du, baino ez zaiela balioa ematen. Egiako eredu bat aipatu du. «Mandasko Dukearen kalean dagoen fruta denda batean erosketak egiten ditu 80 urteko emakume batek. Askotan dendara deitzen du behar duena eskatzeko, eta gero bizilagunen batek eramaten dizkio etxera».
Egitasmoak helburu bakar bati erantzuten ez badio ere, oinarrian bat dagoela dio Berhok: «Gure helburua da identifikatzea zein baliabide eta ezagutza behar dituen komunitate batek babes sare bat eskaintzeko. Ondoren ezagutza hori sozialitatu nahi dugu». Aurrera egiteko besteen beharra ezinbestekoa dela gaineratu du Salaberriak. «Harremanak garrantzitsuak dira eta elkar zaintzarako dinamikak sortu behar ditugu. Batzuetan besteak zaintzen ditugu, eta beste batzuetan zaintzen gaituzte».
Lan saioen dinamika ekainean edo uztailean bukatzea aurreikusten dute. Gerora, urrian lanketa guztiaren ondorioak konpartituko dituzte Egian eta hirian. «Urriaren 1ean ospatzen da Adinekoen Nazioarteko Eguna, eta aurten landu dugun gaia izango da nabarmenduko duguna. Topatu ditugun indargune eta ahulguneen berri eman, eta ikusten ditugun aukerak eta erronkak aurkeztuko ditugu», azaldu du Salaberriak.