Amaia Portugal: 'Dilemarik gabe'
Ibai, Amassorrain, Ikasbide, Herri Ametsa… Mende erdia betetzen ari dira Donostiako ikastola asko. Esan daiteke horien ondarea dela Irutxuloko Hitza bera ere: orriotan gehiago edo gutxiago aritzen garenon adina kontuan hartuta, ia guztiok zor diegu ikastolei, euskaraz txukun antzean idazteko ahalmena.
Ni neu Aitor Ikastolako kumea naiz. Joan den larunbatean izan genuen 50. urteurrenaren festa. Ehunka lagun elkartu ginen bazkarian, belaunaldi oso desberdinetakoak. Harrigarria da: distantzia fisiko eta mentala handituz doa, txikitako oroitzapenak korapilatsuak dira zenbaitentzat… Eta hala ere, ikastolaren lokarria ez dugu inoiz erabat askatzen. Gizakiaren aberria haurtzaroa dela zioen hark bazekien zer edo zer.
Aitor Ikastola publikoa da orain dela 25 urtetik. Hain zuzen, Donostiako ikastola gehienek egin zuten sare publikoaren alde, 1993an. Ez zen hautu erraza izango, eremu ezezagunera egiten ari baitziren jauzi, baina aldi berean, erabaki hark bat egiten du benetako Donostiaren gizarte eta ekonomia ezaugarriekin. Batzuei ahaztu egiten bazaie ere, gehiengoa baitira Egia, Intxaurrondo, Añorga edo Martutene bezalako langile auzoak.
Ez daukat, hemen, Ikastolen Elkartea vs Euskal Eskola Publikoa ika-mikan sartzeko asmorik. Biei ala biei zor diet naizenaren zati bat, eta ez dago alderik, ikastola batzuek eta besteek sorreran partekatzen zituzten ametsen artean, ez eta guraso eta andereñoek hartu zituzten arriskuen artean ere. Hala ere, iruditzen zait Donostiako auzo batzuk gehiago eta arinago euskaldundu direla, une gako hartan publikoaren alde apustu egin zutelako.
Aitor Ikastola, esaterako, ez da soilik Egiako D ereduko ikastetxe bakarra. Ikastetxe publiko bakarra ere bada, gaur egun. Lehen bazegoen beste bat: Egia Berri eskola, oker ez banago B eredukoa. 2000 urterako, ordea, ikasle gutxi batzuk baino ez ziren geratzen bertan, eta Aitor Ikastolak hartu zuen Ametzagañan zuten eraikina, hark bazuelako toki premia. Ikastola sare publikoan sartu izan ez balitz, ez dut uste Egiako gurasoek hain azkar eta hain nabarmen egingo zutenik euskarazko heziketaren alde.
Izan ere, Donostiako langile auzoetako hainbat familiatan, ezerk ez du zama handiagorik, diru faltak baino. Militante jartzen garenean ahaztu egiten zaigu, baina gure bizilagun askorentzat, euskararen aldeko hautua baino are naturalagoa da publikoaren aldekoa. Hautu posible bakarra ere bai, batzuetan.
Egiako eta beste auzo askotako ikastolek 1993an hartu zuten erabaki hari esker, guraso horiek ez dute dilemarik. Heziketa publikoa, eta euskaraz. Biak.