Feminismoaren aterpea
Zortzi urte bete ditu aurten Donostiako Emakumeen Etxeak. Sorreratik hazi eta hazi ari da, eta dagoeneko 1.000 bazkide dira. Etxea txiki geratu zaie, eta aurrera begirako aukerak aztertzen ari dira.
June Bertiz Donostiako Emakumeen Etxeko dinamizatzaileak dio aldea ikuspegian dagoela: “Guk literatura ikastaro bat egiten badugu, ez da edozein literatur ikastaro izaten; irakurketa feminista bat egiten dugu, liburua idatzi zen garaia kritikoki aztertzen dugu, eta autorearen pentsamendua ulertzeko gakoak ematen ditugu. Gure helburua ezagutza hori birpentsatzea eta ikuspuntu feminista txertatzea da”. Beste adibide baten moduan batukada aipatu du Bertizek: “Batukada bat egiten badugu, esaterako, espazio publikoa nabarmen okupatzeaz gain diskurtso feminista bat egiteko ere baliatzen dugulako”. Garbi du guztiaren gainetik, Emakumeen Etxearen egitekoa dela ezagutza guztien azterketa bat egitea eta birpentsatzea.
Klase sozial, arraza, jatorri eta adin ugaritako emakumeak biltzen dira, eta ahalduntzearen bidean ere nork bere bidea egiten duela dio: “Esaterako, emakume batzuek egoera oso gogorrak sufritu dituzte, beste batzuek, aldiz, ez. Bakoitzak bere bidea egiten du, baina denek elkarrekin”. Izan ere, uste du indibidualki bizi dutenaz gain emakume guztiek kolektiboki jasaten dituzten hainbat zapalkuntza daudela eta horien inguruan hitz egiteko eta elkarrekin indartzeko espazio bat dela Okendon kokatuta dagoen etxea.
Mugimendu feminista
Bestalde, Emakumeen Etxea hiriko mugimendu feministaren ostatua ere bada: “Emakumeen etxea konplizitate eta identitate askoren gotorleku da. Norbanako gisa mundu patriarkalari aurre egiteko, bertan gaudenean bere barneetatik erraztasunez eta minik gabe murgiltzeko aukera ematen digu etxeak”, dio hiriko mugimendu feministak. Uste dute espazio hori gakoa izan dela emakumeen arteko sareak sortzeko, elkar ezagutzeko eta indentitateetan sakontzeko. Mugimendu feministak gaineratu du ibilbidea orain arte ez dela erraza izan, baina gaur egun asanblada feminista bat osatzea lortu dutela, eta eta bide horri eutsi nahi diotela.
Asko dira Emakumeen Etxea erabiltzen duten talde feministak, horregatik, 2012. urtetik Emakumeen Etxea elkarrekin kudeatzen dute. Alde batetik udala dago, eta bestetik, Emakumeen Etxeko elkartea. “Elkartea oso irekia da, izan ere komisio horrez gain, hainbat talde daude, eta hilabeteko hirugarren ostegunetan biltzen gara elkarren berri jakiteko”, dio Arangurenek. Gaineratu du, komisio horiek guztiz irekiak direla eta nahi duen emakume orok hartu dezakeela parte.
Elkarrekin kudeatzen dutenez, Emakumeen Etxea egun osoan irekita mantentzea lortu dutela dio Bertizek: «Goizean udaleko langileak egoten dira, eta arratsaldean ni». Izan ere, Bertiz Emakumeen Etxeko kontseiluak kontratatuta aritzen da lanean.
Gero eta gehiago dira Donostiako Emakumeen etxera gerturatzen direnak. Ordenagailuak erabiltzera, ikastaro eta hitzaldiak entzutera, aholkularitza juridikoa eskatzera, beste emakume batzuekin egotera eta protestaren bat antolatzera.
1.000 bazkideko langa gaindituta erronka berriei begira jarrita dago etxea; orain arte egin duten moduan, hazten eta ikasten jarraitu nahi dute: “Harrigarria da nola eboluzionatu duen Emakumeen Etxeak. Lehen jendea zer zen galdetzera etortzen zen, orain gehienak beste emakume batek gomendatuta etortzen dira, eta badakite zer den eta zertara datozen”. Uste dute horren ondorioz, kopuruak nabarmen egin dela gora. Hala ere, bazkideen markak hausten jarraitu nahi dutela diote: «Bazkide egitea oso erraza da, eta doakoa da. Etorri eta izen abizenak eta kontaktua eman behar dira, eta horrela, emakumeen etxeko jardueren inguruko informazioa jaso dezakete, baita bileretara etorri eta aktak jaso ere”.
Hitzaldiak, ikastaroak, literatur tailerrak, xake txapelketak, protestak antolatzeko bilerak, ordenagailuak. Asko izan daitezke emakumeen etxera gerturatzeko aitzakiak eta arrazoiak. Izan ere, ugariak izan dira zortzi urte hauetan etxeko lau paretek jaso dituzten jarduera eta gertaerak.
Hiriko mugimendu feministaren aspaldiko aldarrikapena zen Emakumeen Etxea, eta atzera begira jarrita, harro daude lortu duten guztiarekin. 1.000 bazkideko langa gainditu dute dagoeneko, eta instalazioak txiki geratu zaizkie. Emakumeen Etxea hiriko mugimendu feministaren oinarri garrantzitsu bihurtu da, eta horren adierazle da lau horma horien artean geratzen den guztia.
Okendo kaleko emakumeen etxea jaiotzen ikusi zuen Joana Arangurenek. Hiriko Emakumeen Foroaren parte zen, eta beste kideekin batera gogor borrokatu zuen Emakumeen Etxea lortu ahal izateko. Beranduago ezagutu zuen etxea Iratxe Garciak: “2012an hurbildu nintzen lehenengoz Emakumeen Etxera». Simone de Beauvoirren inguruko ikastaro batean hartu zuen parte Garciak: «Asko gustatu zitzaidan lan egiteko modua, ona da kolektiboki ikasteko aukera eskaintzen duten espazioak egotea”. Esperientzia gustatu zitzaiola eta, pixkanaka emakumeen etxean antolatzen ziren beste jarduera batzuetan parte hartzen hasi zen. Ikasketak tarteko, Emakumeen Etxean modu “aktiboago” batean parte hartzeko pixka bat itxaron zuela dio Garciak: «Denbora libre gehiago izan nuenean erasoen aurkako batzordean parte hartzen hasi nintzen”. Horrek, indarkeria matxistak identifikatzeko eta izendatzeko balio izan diola dio: “Emakumeen etxean beste emakume batzuekin elkartzeak balio izan dit ikusteko ez nagoela bakarrik eta ez naizela bakarra; eguneroko erasoei aurre egiteko erremintak eskaini dizkit”.
Bat dator horretan Aranguren ere: “Ahalduntzearen kasuan, noski, ikaragarri lagundu dit, baina beste emakume batzuekin elkartzeak hori baino gehiago ere eman dit”. Azaldu du txikitatik oso ohituta egon dela gizonezko artean egotera eta Emakumeen Etxean mundu bat aurkitu duela: “Hemen emakume ugari ezagutu ditut, adin guztietakoak eta asko ikasi dut beraiengatik». Bestalde, Arangurenek eta Garciak uste dute Emakumeen Etxeak asko lagundu diela ezagutza handitzen: «Emakumeek egindako literatura irakurri eta aztertu dugu ikuspuntu feminista batetik”. Horixe da hain zuzen Emakumeen Etxetik Arangurenek eta Garciak gehien eskertzen dutena.
Feminismotik begira
Ez zuten Emakumeen Etxea hiriko beste espazio sozio kultural bat gehiago izatea nahi; ez zituzten besteek egiten dituzten gauza berberak egin nahi: “Hasieran zaila iruditzen zitzaigun beste zerbait asmatzea, baina uste baino errazagoa izan zen, benetan Emakumeen Etxe baten falta zegoelako hirian”.