Jexux Arrizabalaga: 'Gure esku dagoelako, Eman eskua etorkizunari'
Horixe da datorren igande honetan, hau da, ekainaren 10ean egingo duguna. Jada, asko gara hiru hiriburu (Donostia, Bilbo eta Gasteiz) giza katearen bidez batu nahi diren katerako prestatu garenak.
Hala ere, seguru asko, oraindik bat baino gehiago izango dira apuntatu ez direnak, izan ere, daramagun bizimoduak aukerarik eman ez dionik izango da gure artean. Presaka bizi gara eta sarri ez dugu astirik izaten gure inguruan zer gertatzen den jakiteko. Hain zuzen ere, despistatu hauek animatu nahiko nituzke pozgarria izango den egitasmo honetara.
Giza kateari eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera eta donostiarroi dagokigu lehen kilometroak osatzea. Bertan parte hartzeko aurrez eskuratu behar da bost euro ordaindu ondoren, zapi zuria. Dena dela, norbait zapi hori gabe gelditu bada, hori ez dadila izan giza katea horretara joan gabe gelditzeko aitzakia. Neuk, behintzat, ez diot kontu hartuko. Borondatezko ekimena da eta herritar guzti-guztiek parte hartu dezaten nahi da.
Herri ekimena da eta ez dago partidismorik. Uste badugu herri bat osatzen dugula eta beste herri guztiek bezala erabakitzeko eskubidea dugula, orduan, ez dugu arazorik ekimen honetan parte hartzeko. Ez gara bakarrak horrelako edo antzeko gauzak egiten; hor ditugu katalanak edo eskoziarrak, esate baterako. Ez daukazu aukera politiko baten alde egon beharrik, soilik, herritar izatea aski da; herri bateko kide izan eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea duzula uste izan, besterik ez da behar. Ez da ezer gehiago eskatzen.
Jakina, aurrera egin nahi badugu herri bezala, une batzuetan behinik behin, herri izan nahi horretan, alde batera utzi behar ditugu desberdintasunak eta eskua eman behar diogu elkarri, Zerbaitek batzen gaituelako, ala ez? Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta gure garaia da.
Gaur egun, erabakitzeko eskubidea ukatzen zaigu. Ez dugu eskubiderik etorkizun politikoa eta soziala libre eta demokratikoki erabakitzeko. Erabakitzeko eskubidea eskuratu eta indarrean jartzen dugunean:
- Ez da Altsasuko gazte horiei gertatu zaiena gertatuko.
- Ez da mila kilometrora presorik izango.
- Jubilatuek 1.080 euroko saria izango dute minimo.
- Soldatak duinagoak izango dira.
- Langabezia ez da oraingoa bezalakoa izango.
- Gure auzokoekin hobeto konponduko gara.
- Ingurumenarekin arduratsuagoak izango gara
- Euskara eta euskal kultura guztiona izango da.
- Elkarbizitza berreraikiko dugu.
- Zoriontsuagoak izango gara.
- Kultura parekidea sustatuko dugu.
- Eta oskorria zabalduko da euskaldunen lurrean.