Lide Marquet: "Probetara kontzentratua joatea da garrantzitsuena"
Lide Marquet, igerilaria.
Etxetik datorkio kirolzaletasuna Lide Marqueti; gurasoak kirolariak ditu, baita bi ahizpak ere; igeriketan ibilbide oparoa egiten ari da Donostiako Atletikorekin. Aieten bizi den arren, Benta Berriko igerilekua du bigarren etxea Lide Marquetek (Aiete, 2003). Gurutze Sola entrenatzailearen eskutik gogor ari da lanean bere markak hobetzeko. Podiumera igo berri da asteburuan, izan ere, Gipuzkoako Open Sarian hirugarren eta bigarren postuan geratu zen, tximeleta estiloko 100 eta 200 metroko probetan. Betidanik izan zara kirolaria? Eskola Kirolean hasi nintzen ikastolan. Gero, txikitatik egin ditut igeriketa ikastaroak, eta 8 urterekin-edo hasi nintzen igeriketa denboraldiak egiten, Donostiako Atletikon. Asko entrenatu beharko duzu, ezta? Bai, ordu asko dira aste barruan, eta ongi antolatu behar naiz. Diziplina handia eskatzen du igeriketak. Hasi nintzenean bi egunetan entrenatzen nuen, gero hiru egunetara igaro nintzen, eta iaztik astean bost egunetan ditut entrenamendu saioak. Astean hiru egunetan bi orduko saioak egiten ditugu, beste bi egunetan ordu eta erdikoak, eta besteetan lehorrean aritzen gara. Zein lehietarako prestatzen zarete bereziki? Ligako jardunaldiei ez diegu hainbesteko garrantzia ematen, entrenamendu saioak bezala hartzen ditugu. Ongi prestatzen saiatzen gara txapelketetarako, Gipuzkoakoak eta Euskadikoak. Gutxieneko denborak lortzen baditut, udara arte luzatzen ditugu entrenamenduak, Espainikoetara joateko uztailean. Taldeak garrantzia izango du. Oso harreman ona dugu denen artean eta taldeak asko laguntzen du. Bakarkako kirola da, baina txandakako probetan ere parte hartzen dugu. Lehen helduen mailetara iristean gehienek utzi egiten zuten, baina orain nire adinekoek nahiko talde polita dugu, denboran irauten ari dena. Datorren denboraldian juniorrak izango gara, eta aspaldi ez zegoen maila horretako talde handirik. Entrenatzailearekin ere harreman estua duzu, ezta? Bai, oso ongi moldatzen gara! Distantzia luzeko probetan, esaterako, identifikatzen dut entrenatzailearen txistua, eta behatzekin ere markatzen dit 100 metroko bakoitza zenbatera egin dudan. Eskola mailan jada podiumetan sartu zinen. Hamaika urterekin podiumean sartu nintzen eskola mailako Gipuzkoako Txapelketetan, eta gero selekzioarekin joan nintzen Euskadiko Txapelketara. Lehenengo urte hartan bigarrena izan nintzen tximeletako 800 eta 100 metrotako probetan. Bigarren urtean, Gipuzkoan ere podiumean sartu nintzen, eta Euskadiko Txapelketan, laugarren. Gerora ere ederki ibili zara! Iaz jada haur mailako lehiatan sartu nintzen, eta hor jokatzeko gutxieneko denborak lortu behar nituen. Iaz, Gipuzkoako Txapelketan, neguan podiumean sartu nintzen tximeletako 200 metrotan, eta udarakoan, tximeletako 200 eta 100 metrotan sartu nintzen lehenengo hiruen artean. Euskadi mailan nire adineko bigarrena izan nintzen, eta Espainiarako sailkatu nintzen 200 metroko tximeletan. Argi dago tximeleta dela zure modalitate gogokoena! Bai, besteetan ere parte hartzen dut, baina tximeleta da nire gogokoena. Hasi nintzenean bularreko modalitatea gustatzen zitzaidan gehien, baina orain horixe da okerren ematen zaidana. Tximeleta probatu nuenean asko gustatu zitzaidan, eta horrekin jarraitzen dut oso gustura. Zerk kateatu zaitu igeriketara? Oso kirol osoa da, eta lagun asko egin ditut. Asko saiatu behar dut nire markak hobetzeko, baina lortzen dudanean pila bat pozten naiz. Igerilekuaz gain, itsasoan ibiltzea ere gogoko dut; Irlako Zeharkaldia egiten dut normalean urtero, baina besterik ez. Aurten ere izan dituzu garaipenak. Bai, aurten Euskadiko Txapelketan lesionatua egon nintzen, baina Gipuzkoako Txapelketan eta Gipuzkoako selekzioarekin sartu naiz lehen postuetan. Orain Espainiako gutxieneko marka lortzen saiatuko naiz, denboraldi hasieran esaten dituzte. Aurreko urteetan baxuagoak ziren marka horiek, pixkanaka igotzen joan dira… baina saiatuko naiz lortzen. Azkenean probetara kontzentratua joatea da garrantzitsuena, entrenamenduetan egindakoa egiten saiatzea. Ingurukoek zer esaten dizute? Lagunek esaten didate asko entrenatzen dudala, baina animatu egiten naute jarraitzeko. Etxekoak etortzen dira probetara eta asko laguntzen didate. Igerilekuan zaudenean zarata entzuten da batzuetan, baina beste batzuetan identifikatzen dituzu gertukoen ahotsak. Aurrera begira igeriketan jarraitzeko asmoa duzu? Bai, igeriketan jarraitu nahi dut, momentuz neure burua ez dut beste kirol batean ikusten. Nire bi ahizpak atletismoan dabiltza, eta biak ikasten ari dira Soin Hezkuntza eta Kirol Zientziak. Zuk ere kirolarekin lotutako ikasketak egin nahi dituzu? Bai, nik ere ahizpen ikasketa berak edo fisioterapia egiteko asmoa dut.