"Liga hau urte askotako lanaren saria izan da"
Nereba Belzunegi eta Itxaso Sanchez, Realeko jokalariak
Realeko belar hockey taldeak bere bederatzigarren liga irabazi zuen igandean. Taldeko bi jokalarik lortutako balentriaren nondik norakoak azaldu dizkigute.
Bizitakoaren ondoren atseden hartzeko aukera izan duzue?
Itxaso Sanchez (I.S.): Ez asko, zirrara oraindik hor dago eta.
Nereba Belzunegi (N.B.): Gutako askok ez dugu oraindik lortutakoa sinesten.
Ederki ospatuko zenuten.
I.S.: Liga bat ez da egunero irabazten, eta ospatzerako orduan nabaritzen da, bai. Finala jokatu eta kopa jasotzeko momentua iritsi bitartean ondoko taberna batean hasi ginen ospatzen, mutilek euren finala jokatzen zuten bitartean. Donostira iristean, berriz, Parte Zaharrera joan ginen denak ospakizunarekin jarraitzeko.
Zer moduz joan ziren aldundia eta udalaren omenaldiak?
I.S.: Oso politak izan ziren. Udaletxe parean jendea bildu zen titulua gurekin ospatzeko.
Emaitza ezin hobea izan bada ere, denboraldian une gogorrak pasa dituzue.
N.B.: Fase erregularreko azken jardunaldietan dezente sufritu genuen, eta azken partidara arte ez genuen jakin play-offak edo play-outak jokatuko genituen. Momentu horietan urduritasunak gora egin zuen taldean. Baina nola edo hala, barruan generaman guztia ateratzea lortu genuen eta, azkenean, play-offa jokatu, final fourrerako sailkatu eta Bartzelonan ere irabaztea lortu genuen.
Saiatu arren, fase erregularrean emaitzek ez zuten lagundu.
I.S.: Ligako neurketa asko gol bakarrarengatik galdu genituen. Sarritan partidako azken minutuetan gainera. Gure taldea oso gaztea da, eta horrelakoetan nabaritu egiten da. Azkenengo partidatan, ordea, hori hobetzea lortu dugu, eta emaitzetan islatu da.
Final laurdenean egundoko papera egin zenuten.
N.B.: SPV Complutenseren aurka 0-1 irabazten joan ginen neurketa osoan zehar, azken bi minutuan bi gol sartu zizkiguten arte. Momentu horretan denboraldiko dinamika beste behin errepikatuko zela pentsatu genuen.
Baina bueltako partidan inflexio puntua eman zen. Edo dena eman eta irabazten genuen, edo denboraldia hortxe amaituko zitzaigun. Presiorik gabe irten ginen zelaira eta, horrelakoetan, gure taldea hazi egiten da.
RC Polo iritsi zen ondoren, ligako bigarren sailkatua.
N.B.: Denboraldian zehar bi aldiz jokatu genuen beraien aurka eta bietan gol bakarrarengatik galdu genuen. Errendimenduari dagokionez ‘plus’ bat emanda aukerak izango genituela bagenekien.
I.S.: Neurketa horretan bi taldeek eduki genituen aukerak, baina ez zen golik egon. Shoot-out-etan garaipena lortu genuen, baina tanda oso lehiatua izan zen.
Eta finala?
I.S.: Asko defenditu eta sufritu genuen, baina gure aukeretan sinetsi genuen eta gure gola iritsi zen. Eta beno, ondorengo shoot-outetan ez zen alderik egon.
N.B.: Defendatu eta gure aukera urriak aprobetxatzeko asmoz irten ginen zelaira. Gure gola hamar minuturen faltan iritsi zen, eta azken une horietan lau penalti-korner izan zituen aurkariak. Zorionez, markagailua mantentzeko gai izan ginen.
Eta shoot-outetan 0-3 irabazi zenuten. Asko entrenatu zenuten hori?
N.B.: Beste taldekoek berdina galdetu ziguten, baina egia esan ez genituen bereziki landu.
Sekulako lana egin duzue urte osoan zehar.
I.S.: Bai, baina gauza hauek ez dira urte bateko gauza izaten. Bederatzi urtez jarraian sartu gara play-offean. Hau urte askotako lanaren saria izan da.
Entrenatzeko, ordea, zelai erdiarekin moldatu behar izan zarete orain arte.
I.S.: Zaila da, bai. Izan ere, partidak zelai osoan jokatu behar ditugu, baina zelai erdian entrenatzerakoan espazioak ez dira berdin ikusten.
N.B.: Harrobiak arazo berdina jasaten du. Zenbaitetan zelai erdian Realaren eskolako 50 ikasle biltzen dira, eta oso zaila da hori koordinatzea.
Aste honetan agintariek esan al dizuete zerbait gaiari buruz?
I.S.: Proiektua itxita eta hastear dagoela esan digute, baina zelaia ikusi arte guk ez dugu guztiz sinetsiko.
Oraina gozoa den momentu honetan, zer eskatzen diozue etorkizunari?
N.B.: Hurrengo urtean Europan jokatuko dugu, munduko jokalari onenen aurka. Horrek ilusio handia egiten digu, eta gauzak ondo joatea espero dut.
I.S.: Eta datorren urteko ligan ere goiko aldean egon nahi dugu ere, noski. Eta ea behingoz kopa irabazten dugun!