180 emakumek parte hartuko dute Egiako sorgin dantzan

Egian berezia izango da San Joan bezpera. Auzoko emakumeak batu egin dira eta elkarrekin dantza egingo dute Plaza Haundin. Egiako Lilatoi taldearen ekimenez bildu dira denak. Itsaso Alkortak azaldu du aspalditik izan dutela zerbait egiteko gogoa, eta martxoaren 8an egindako mobilizazioetan inspiratu zirela: “Larrabetzuko Bizkargi Dantza Elkarteko gazteek koreografia egin zuten Xabi Solanoren Erre zenituzten kantan oinarrituta, eta guk ere sorgin dantza egiteko aukera ikusi genuen”.

Bilera bat egin zuten ideia lantzen hasteko, eta 60 emakume bildu ziren. Ahoz aho zabaltzen hasi zen, eta hilabetean 180 emakumek eman dute izena sorgin dantzan parte hartzeko. Zerrenda itxi behar izan dute, dantzari gehiago ez baitira sartuko plazan.

Pozik daude antolatzaileak. “Sortu den emakume taldea oso plurala da. Askotariko emakumeak elkartu gara”, esan du Alkortak. Horrelako egitasmo batek komunitatea indartzen duela gaineratu du: “Lau entsegu egingo ditugu. Elkar ezagutzeko egitasmo polita da. Bizilagunek oso ondo erantzun dute, eta horrek harrotasun puntu bat eman digu. Gainera, ondo pasatzeko gogoa ere badagoela erakusten du”.

Izar Etxebeste auzoko dantzariak koreografia egokitu du parte hartzaile guztiek erraz ikasi ahal izateko, entsegu bakarrean ikasteko. Azken entsegua ekainaren 22an egingo dute, Aitor Ikastolan, Ametzagañako eraikinean, 18:00etan.

San Joan bezperan Plaza Haundi hartuko dute eta sorgin dantza berezia dantzatuko dute. Aurretik, dantzari hasiera emateko, adar eta txalaparta soinuarekin girotzen hasiko dira gaua. Gainera, mikrofono irekia egongo da nahi duenak irrintziak egiteko. Sorgin dantzaren ondoren, kalejira egingo dute, eta sua piztu ondoren, ohi bezala, zortzikoa dantzatuko dute auzotar guztiek.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend