Kontxako hondartza pareraino iritsi da ontzi bat, denboralearen eraginez
Euri eta haize zakarraren eraginez ezbehar hainbat gertatu dira gaur, Donostiako Udalak jakitera eman duenez. Esaterako, Kontxako badian loturik zegoen ontzi bat bertatik askatu eta hondartza pareraino etorri da. Kontxako pasealekuko barandaraino iritsi da masta eta guzti (ikusi bideoa).
Bestetik, istripu bat gertatu da Igarako Pokopandegi bidean. Banaketaz arduratzen den furgoneta bat irauli egin da, eta trafikoa oztopatu du ordubete inguru. Gidaria furgonetatik atera behar izan dute suhiltzaileek eta ospitalera eraman dute zauri arinekin.
Horrez gain, Udaltzaingoak eta suhiltzaileek hirian egin behar izan dituzten beste hainbat ekintzen berri eman du udalak: hamalau bat zuhaitz erorketengatik, bi fatxadetako elementuen erorketagatik eta bi lur-jausi –Errondo bidean bat eta bestea Guardaplatan (Igeldo). Errondora igotzeko bidea itxi dute pitzadura bat aurkitu dutelako, eta segurtasun arrazoiengatik itxita mantentzea erabaki dute.