Bezpera aurretik bada festarik

antigua_laboa

‘Mikel Laboaren adaxka gazteak’ kontzerturako gonbidapenak ordu gutxitan agortu ziren. (Argazkia: Antiguako jai batzordea)

Antiguako San Joan jaiak eta Herrerako San Luis jaiak pasa den astean hasi ziren, eta San Joan sua iritsi bitarte egitarau zabala izango dute asteburu honetan. Baita ere, Amara Berriko jaiek.

Uda ekainaren 23an hasiko da, eguraldi txarrak zalantza asko sortu dituen arren. Solstizioaren atarian, Donostiako hainbat auzotako festak abian dira dagoeneko San Joan suaren inguruan dantza egin bitarte. Iragan asteko larunbatean hasi ziren Antiguako San Joan jaiak eta Herrerako San Luis jaiak. Asteburu honetan izango dute jarraipena. Aldiz, asteburuan hasiko dira Ikasbide kultur elkarteak antolatzen dituen Amara Berriko jaiak.

Egitarauen asteburu «indartsuena» datorrela diote Antiguatik eta Herreratik. Maila berean ospatzeko gogotsu daude Amara Berrikoak ere. Hiru auzoetan daude zeruari begira, eguraldiak jaietan eraginik izan ez dezan.

Hilaren 9an hasi ziren Antiguako sanjoanak, eta hilabete bukaeraraino proposamenak dituzte. Gaurko kontzertu berezia antolatu dute frontoian. Mikel Laboaren adaxka gazteak emanaldia egingo dute, 22:00etan. Ez da gonbidapenik geratzen, maiatza bukaeran ordu gutxitan agortu ondoren. «Bakarra eta berezia izango da. Gainera, gaurko egunez jaio zen Laboa eta kontzertua bereziagoa izango da», dio Idurre Zugazagasti Antiguako jai batzordeko kideak. Mursego, Ekiza, Petti, Olatz Salvador, Pelax, Beñat Antxustegi, Jon Ozaeta, Xendarineko ahizpak, Zigor DZ eta Miren Lizeaga dantzariak parte hartuko dute omenezko ikuskizunean. Hain zuzen ere, 10 urte beteko dira abenduan abeslaria zendu zenetik.

Haurrentzako olinpiadek emango diote hasiera biharko sanjoanetako egitarauari, Benta Berriko jokalekuan (11:00). Lugaritz kultur etxeak antolatu ohi duen ikuskizuna ere nabarmendu nahi izan du Zugazagastik: «Trapu Zaharrak konpainiaren ‘Sefini’ antzezlana ikusi ahal izango da Gaskuña plazan, 13:00etan». Haurtxokoak eta gaztelekuak antolaturiko jarduerak ere azpimarratu ditu. 16:00etatik 20:00ak arte izango dira Jose Maria Sert plazan. «Euria egingo balu Merkatu eraikinean izango lirateke».

Arratsaldean Do Ta Ke txarangak girotuko ditu kaleak (17:00), eta afari herrikoia egingo dute 21:00etan frontoian, auzoko elkarteen laguntzarekin. Eguna biribiltzeko XX. Ez Don/k Hamahiru Antiguan Hamalau jaialdia egingo dute pilotalekuan 22:30etik aurrera. «Helburua auzoko presoentzako dirua lortzea da, eta aurtengo urteurrenarekin bat eginez, hainbat preso auzoan izango ditugu bueltan». Ondoren, La Pop’Lla eta Oihu taldeak ariko dira zuzenean.

Igandea ere egun garrantzitsua izango da Antiguan. 35 urte bete ditu Antiguotarrak dantza taldeak eta emanaldi berezia eskainiko du frontoian Astigar eta Otsagabiako dantza taldeekin batera (13:00). Aurretik, kalejira egingo dute Matia kalean zehar, 11:30ean hasita. «Astigarragako eta Otsagabiako dantza taldeak gurera etorri ohi ziren. Haurrak eta helduak auzotarren etxeetan geratzen ziren lotan. Aurten berriz ere berreskuratu nahi dugu hori. Hori bai, frontoia txiki geratzen zaigu horrelakoetan», esan du Zugazagastik.

herrerako_jaiak_gazteak

Herrerako jaietan gazteak giro ederrean aritzen dira. (Argazkia: Herrerako jai batzordea)

Kontzertu esanguratsua
Herrerako San Luis jaiak ere ekainaren 9an hasi ziren, kirol jarduerak tarteko, baina festen hasiera ofiziala atzo izan zen txupin elegantearekin. «Bigarren urtea da egiten dugula, iazkoa arrakastatsua izan zelako», azaldu du Ane Lazkano Herrerako jai batzordeko kideak. Egitaraua, berriz, normalean baino gehiago luzatuko da. «San Ferminak baino luzeagoak izango direla esan du jai batzordeko kide batek».

Jaien hasierako kontzertuarengatik dira ezagunak Herrerako jaiak, eta aurten ere ez dira motz geratuko. Gaur Def Con Dos, Reincidentes eta Dosis Gray taldeak ariko dira zuzenean 22:00etan, auzoko plazan. «Gure helburua beti izan da kontzertuekin auzoa beteta ikustea. Azken hamar urtetan egin dugun saiakerarekin lortu dugu Donostiako nahiz inguruko herrietako pertsonak erakartzea». Beraz, egun garrantzitsua da antolatzaileentzako. «Auzotarrek lan asko egin behar izaten dugu dena ondo atera dadin. Hurrengo egunetan izango dugu gozatzeko aukera», dio Lazkanok.

Eguraldi txarrari ez diote beldurrik, iragarpenak erabat argi ez badaude ere. «Bi karpa handi ditugu eguraldia petraltzen bada erabiltzeko. Euria egin izan du beste urte batzuetan, eta dagoeneko badakigu nola jokatu horrelako kasuetan».

Biharko eta etziko egitarau klasikoari eutsi diote Herreran. «Larunbatean, VI. Paella lehiaketa egingo dugu. Dagoeneko 22 talde aurkeztu dira, eta parte hartzaileen zerrenda beteta dago. 12:00etan hasiko da txapelketa, eta ondoren, paella jana egingo dugu plazan 14:00etatik aurrera», azaldu du Lazkanok. Arratsaldean egingo dute haurren txupina, eta San Luis jaietako beste une garrantzitsu bat izaten da. Luisito eta Luisita arduratuko dira horretaz 17:00etan.

Haur eta familientzako ikuskizun arrakastatsua ere izango dute Herreran. «Ene Kantak taldearen emanaldia izango dugu plazan, eta harrituta gaude sare sozialetan iragarri genuenetik izandako harrerarekin. Ea familia asko animatzen diren». Gauean Eonian elektrotxarangak plaza dantzan jarriko du (22:00), eta ondoren Trakets plaza taldearen txanda izango da. «Hauek bai direla klasikoak gurean».

Euskal jaiak ospatuko dituzte igandean, ohiko egitaraua eta estreinaldiak tartekatuz. «Boilur azoka egingo dugu hirugarrenez, artisau azoka, eta lehen aldiz, kotxe eta moto klasikoen erakusketa». Asteburuari bukaera emateko erromeria gidatua egingo dute plazan. «Auzoko dantza taldeak hurbiltzen diren herritarrak dantzan jarriko ditu».

amaraberri_bazkarisolidarioa

Amara Berriko jaietako bazkari solidarioa, iaz. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Ohiturak jarraituz
Ikasbide kultur elkarteak antolatzen dituen Amara Berriko jaiak gaur abiatuko dira txupinarekin. 19:30ean izango da eta Juanlu Aranbururi ohorezko domina emango diote. Ordu laurden lehenago elkarte sarrerako horma-irudiaren inaugurazioa egingo dute auzotarrek. I

Igandera bitarteko egitaraua, aldiz, «ohikoa» izango dela esan du Juan Martin Urkola Ikasbide elkarteko kideak. «Haur, gazte zein helduentzako egitarau zabala prestatu dugu beste behin ere. Iaz harrera ona izan zuten jarduerak mantendu eta indartzea erabaki dugu. Esaterako, elektro-txarangak arrakasta izan zuen, eta aurten ere ez da faltako». Hain zuzen ere, Elektrotxufla taldea bihar ibiliko da auzoko kaleetan zehar 19:30etik aurrera.

Probestu plaza izan ohi da Amara Berriko jaien topalekua. Bertan izango dira jarduera gehienak. Toka, paella eta mus txapelketak bihar egingo dituzte, eta auzotarrek gehien espero dituztenak direla dio Urkolak. «Zezen-suzkoa ere gustuko dute herritarrek, eta hori bihar izango da 22:30ean». Igandean, berriz, Ikasbideko dantza taldeak erakustaldia emango du 12:00etan, eta Zaporeak elkartearen aldeko elkartasun bazkaria egingo dute 14:00etan.

Suari begira
Antigua, Herrera eta Amara Berriko jaien egitarauan bada egun bat gorri kolorez azpimarratuta dutena; ekainaren 23a, San Joan egun bezpera. Hiru auzoetan modu berezian ospatuko dute, hiriko beste hainbat txokotan bezala. Antiguakoak pizgarri bat ere izango du. «Luberri abesbatzak bere ikasturte bukaerako emanaldia eskainiko du 23an, 19:00etan auzoko Esklaben elizan», nabarmendu du Zugazagastik. Sua, aldiz, Gaskuña plazan piztuko dute 22:00etan.

Herrerako San Joan bezpera egunak ere bereizgarri bat izango du. Lehen aldiz auzoko zahar eta gazteen arteko toka zein bote apustua egingo dute (18:00). Sua 21:30ean piztuko dute. Amara Berriko jaietako San Joan sua ere «indartsua» izango da, Urkolaren hitzetan. «Atano III. frontoi aurreko aparkalekuan piztuko dugu 22:30ean,eta antzerki ikuskizun berri bat izango dugu».

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend