Donostiako lau traineruek denboraldi berriari ekingo diote datozen egunetan, berritasunez eta gogoz beterik. Donostiarrako gizonek aurten euren debuta egingo dute TKE Ligan.
Arraun Lagunaken trainerua iazko denboraldiko Lekeitiko estropadan. (Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak)
Hockey, eskubaloi, futbol eta saskibaloi denboraldiak amaitu diren arren, udaran zehar ere zirrara sentitzeko aukera izango dute kirolzale donostiarrek. Izan ere, hiriko bi talde donostiarrek datozen asteetan lehiari ekingo diote berriz arraun denboraldian: Arraun Lagunakek eta Donostiarrak.
Uretara sartuko diren lehenengoak hiriko emakumezkoen bi taldeak izango dira. Bihar Portugaleten abiatuko den ETE?Ligako lehen estropadarekin hasiko dute denboraldia Arraun Lagunakek eta Donostiarraren nesken taldeak. Biharkoa eta datorren asteko estropadak, ordea, ez dira lehiaketarako puntuagarriak izango, baina ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean egingo diren Euskotren Ligarako sailkatze estropadei begira oso baliagarriak izan daitezkeela uste dute bi taldeetako entrenatzaileek. Izan ere, datozen bi estropadek lehiakideei neurria hartu eta taldean azken frogak egiteko erabiliko dituzte.
Lehia nagusia ondoren hasiko da, hilabete amaierako asteburuan Sestaon eta Zierbenan egingo dituzten sailkatze estropadekin. Bertan izango diren hamabi traineruak Euskotren Ligarako lau postuetako bat eskuratzeko lehian ibiliko dira, kanpo geratuko diren zortziek ETE?Ligan jarraituko dutelarik.
Patxi Olabe eta Ekain Iriarte Arraun Lagunakeko entrenatzaileak dira, eta iaz Euskotren Ligarako sailkatzearekin lortutako balentria aurten errepikatzen saiatuko direla diote: «2017ko emaitzak hobetu nahi ditugu, baina erronka zaila izango da, aurreko denboraldian maila oso altua erakutsi genuelako».
Iñaki Mendizabal Donostiarrako entrenatzaileak, berriz, helburu zehatzak ez finkatzea nahiago du, arraunlariek presiorik gehiturik gabe jardun dezaten. Bere ustez, taldearen maila ETE Ligan lehiatzeko modukoa izango da ziurrenik, baina argi dio beraiek ez diotela ezeri uko egingo: «Sailkatze estropadara indartsu joango gara».
Bi kasuetan, arraunlariei dagokienez taldeek eraberritze prozesu garrantzitsua bizi dute urte batetik bestera. Bai batak eta bai besteak bederatzi kide berrirekin orekatu dituzte iaz izandako bajak, taldearen bataz besteko adina nabarmenki jaitsiz. Horrek ekarriko dien esperientzia falta arraunlarien ilusio eta gogoarekin konpentsatuko dutela diote, ordea, bi taldeetako entrenatzaileek.
Arraun Lagunakek beste baliabide berri bat izango du, gainera, aurtengo denboraldirako. Lehen aldiz ordezko traineru batekin abiatu ahal izango dute denboraldia:
Iriyarena ontzia. Traineruak ohikoak ez diren ezaugarriak dituela diote bi entrenatzaileek, baina horri teknikoki etekina atera ahal izango diotela uste dute biek. Gainera, edozein ezbeharren aurrean bigarren ontzi bat erabiltzeko aukera izango dutela azpimarratu du Iriartek: «Orain lasaiago ibiliko gara».
Ametsa beteko dute
Donostiarrako mutilek klubaren historian gordeta geratuko den momentua biziko dute ekainaren 24an. Izan ere, taldeak lehen aldiz hartuko du parte gizonezkoen arraunaren maila gorenean: TKE Ligan, alegia.
Igor Makazaga taldeko entrenatzaileak pauso hori ematea klubarentzako beharrezkoa zela zehaztu du: «Taldea ate joka zegoen, igoeraren zain». Baina iazko denboraldian hainbat urtetan zehar desiratutako saria lortu bazuten ere, orain erronka berria aurkezten zaiela uste du Makazagak. Hala ere, garbi dauka aurkari onenen kontra lehiatzeak beraien onena ematera eramango dituela, kategoria nagusian maila on bat erakutsiz.
Helburu zehatzik gabe iritsiko dira ere datorren astean Bilbon egingo duten ligako lehen estropadara. Lehiaketaren lehen laurdena igarota euren «gerra» zein izango den ikusiko dutela dio entrenatzaile pasaitarrak: «Momentuz gure buruari begira gabiltza, denboraldi hasierara mentalizatuta iristeko».
Hortik aurrera, denboraldiari gorantz begira ekingo diotela azaldu Makazagak: «Ligara azkenak iritsi garenez, azkenak irtengo gara parrilatik. Lehenik hamaikagarrena harrapatzen saiatuko gara, ondoren hamargarrena, gero…».
Donostiarraren erronka berri honi aire freskoarekin ekingo diote, urte batetik besterako baja eta fitxaketek taldea are gehiago gaztetu dutelako ere. Taldearen heren bat «oso gaztea» dela dio Makazagak, arraunlarien batezbesteko adina 22 urtekoa delarik. Hala ere, gaztetasun horrekin batera kalitate maila handia bildu dutela uste du ere entrenatzaileak. Zentzu horretan, denborarekin taldeak hobera egingo duela azpimarratu du, epe erdi eta luzerako proiektu sendoa dutelako.
Donostiarraren bigarren taldeak ere urtez urte hazten jarraitzen du, eta asteburu honetan lehiari ekingo dio ere KAE-2 kategorian. Bermeon izango dute denboraldiko lehen proba, igandean, iazko emaitza onak hobetzeko helburuarekin.