Deabru ogitartekoa

deabru ogitartekoa

(Argazkia: Estitxu Zabala)

OSAGAIAK

  • Patata frijituak

Saltsa egiteko:

  • Porrua
  • Azenarioa
  • Irina
  • Ardoa
  • Txokolate hautsa

Albondigak egiteko:

  • Txerri haragi txikitua
  • Txahal haragi txikitua
  • Baratxuria
  • Perrexila
  • Arrautzak
  • Ogia esnearekin nahastua

PRESTAKETA

Deabru ogitartekoa eskaintzen dute Kixkurra tabernan, Deabru Urdinak Realeko lagunartekoarengatik. Albondigak saltsan ditu, patata frijitu pila batekin. Ogitartekorik arrakastatsuena dela diote.

Saltsa egiteko, haragi salda bat egiten dute, eta gainean porrua eta azenarioa botatzen dituzte egosita. Beste alde batetik, irina, ardoa eta txokolate hautsa nahasten dituzte, eta sutan jartzen dituzte. Gero, dena nahastu eta irabiagailu batekin birrintzen dituzte. Horrela, saltsa egintzat ematen dute.

Albondigak egiteko, erabiltzen dute txerriaren eta txahalaren haragi txikitua. Portzentaian, %70 izaten da txahalarena eta gainontzekoa txerriarena. Gehitzen diote baratxuria, perrexila, arraultzak eta ogia esnearekin nahastua. Guztia nahastu, forma eman, eta albondigak egiten dituzte.

Irakiten edukitzen dute ordubetez guztia, albondigak eta saltsa, pil-pilean, maitasun handiarekin.

Ogitartekoan jartzeko, albondigak erditik mozten dituzte, eta gainean patata frijituak jartzen dizkiote.

Badute arrakasta handia duen beste ogitarteko bat, Irutxuloko Hitzako komertzial izandako bati eskainia, Lolo: bularkia, gazta eta patata frijituak. «Beti eskatzen zuen».


 

Peio Ostolaza, Kixkurra taberna.

«Gazteek eskaintza zabala izatea nahi dugu»

peio-kixkurra

(Argazkia: Estitxu Zabala)

Peio Ostolazak darama Groseko Kixkurra taberna. Bere aitarengatik jarri zion izena. Izan ere, Azpeitiatik iritsi ziren Donostiara, eta herrian denek Kixkurra deitzen zioten, bere ilearengatik.

Noiz hartu zenuen Kixkurra taberna?
1987an ireki nuen. Gaztea nintzen orduan, 31 urte nituen. Beti nahi izan dugu taberna ireki bat, denentzako egokia, eta, batez ere, gazte jendearentzako. Lehen gazteak, egia esan, gehiago biltzen ziren tabernetan.

Zein da zuen eskaintza?
Asko ordaindu gabe eta urrutira joan gabe gazteek eskaintza zabala izatea nahi dugu: patatak, plater konbinatuak, ogitartekoak… Ostiral eta larunbat gauetan mugitzen da jende gehiena, baina bazkaltzeko aukera ere ematen dugu.

Baduzue arrakasta berezia duen zerbait?
Taberna ezagutzen duenak badaki urdaiazpiko kroketek ospea dutela. Handi xamarrak egiten ditugu, gosea kentzen duten horietakoak. Gure beste berezitasun bat da kafea jelarekin. Kafea azukrearekin nahastu, irabiagailuan jelarekin txikitu eta harrotu egiten da. Baileys pixka bat botatzen diogu, eta geratzen da sagardo edalontzi bat dena kafez eta aparrez betea. Oso freskagarria da, eta udan asko eskatzen dute bezeroek.

Auzoaren aldaketa ezagutuko zenuen hainbat urtean!
Bai, kalea bera asko aldatu da, eta kontsumo ohiturak ere bai. Modak egon dira, eta orain, esaterako, garagardo artisauak jarri dira modan, eta gazte jende askok hori eskatzen digu. Lehen ardoarekin gertatzen zena, orain garagardoarekin gertatzen ari da.

Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Zabaleta kaleko Milcatas. Oso ondo jaten da kalitate-prezioaren barruan. Ezaguna dut sukaldaria, xumea eta ona.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend