Iñigo Arricaberri, Videoneten jabea, mostradorearen atzean. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Hamazazpi urte eta gero, ateak itxiko ditu Videonetek. Groseko bideokluba da Donostian gelditzen den azkena, eta hemendik hilabete gutxira iragarriko dute behin betiko itxiera eguna.
Groseko Videonet bideokluba itxi egingo dute hilabete gutxi barru. Hamazazpi urteko ibilbidea eta gero, negozioa ixtea erabaki du bideoklubaren jabeak, Iñigo Arricaberri Gomezek. Dendaren sarreran jarritako kartel baten bitartez jakinarazi die auzotarrei erabakia. 2001. urtean ireki zituen ateak Videonet bideoklubak, Groseko Secundino Esnaola kaleko 36. zenbakian, eta gaur egun dendaren arduraduna Arricaberri bada ere, hasiera batean hiru izan ziren proiektua abian jarri zutenak: Igor Garcia, Carlos Martin eta Iñigo Arricaberri bera. 17.671 bazkideko familia osatu dute urte hauetan.
Urte hauetan guztietan hainbat aldaketa egin behar izan dituzte negozioaren biziraupena bermatu ahal izateko, baina azkenik, proiektuari amaiera ematea erabaki du Grosekoak. Erabakia hartzeko arrazoi nagusia egin beharreko gehiegizko lan-orduak izan direla dio Arricaberrik; «lehen, mozkin-marjina handiagoa zen, eta beste norbait kontratatu nezakeen ordu gehiago egiteko, baina gaur egun ez dago aukera hori; dendan beste bi langile dauden arren, nik hartu behar ditut nire gain ordu gehienak» baieztatu du.
Ordu asko, etekin gutxi
Astelehenetik ostegunera, hamabi orduz egoten da irekita Videonet. Goizeko hamarretan irekitzen du Arricaberrik denda, eta gaueko hamarretan itxi. Ostiraletik igandera, aldiz, gaueko hamaikak arte egoten da irekita. Proiektuaren hastapenetan, astean zehar gaueko hamabiak arte egoten zen irekita bideokluba, eta asteburuetan, gaueko ordu biak arte. Pelikulak alokatzeaz gain, denda barruan bideo-jokoetan jolasteko prestatutako gune bat sortu zuten hasieratik. Arricaberrik gaineratu duenez, zerbitzu horrek bermatzen zuen bideoklubaren ordutegia errentagarria izatea, izan ere, auzoko jende asko egoten zen bertan jolasten. «Garai haietan 26 urte inguru nituen, eta denda itxi ondoren, askotan gelditzen ginen goizeko seiak arte lagun bilakatu diren bezeroekin jolasten», gogoratzen du Grosekoak.
Denbora da ordutegia murriztu zutela, jabearen arabera, hiriko gauetako ohiturak eta gustuak aldatzen joan direlako. «Donostiako gaua guztiz aldatu da, esaterako, gazteen artean lokalak kuadrilaka alokatzeko moda oso negatiboa dela uste dut, eta horrek ere asko eragin digu guri», kexatu da bideoklubaren jabea. Horrez gain, urteak joan ahala, lehentasunak ere aldatu dira Arricaberrirentzat, eta aita izateak asko eragin diola aitortu du. «Bideokluba aurrera ateratzeko egin behar ditudan orduak ez dira bateragarriak aita izatearekin».
Hastapenak
Warner Lusomundo enpresak kudeatutako Ilunbeko zinemako langileak ziren Arricaberri, Garcia eta Martin. Batera egin zuten txanda bateko atsedenaldian, afaltzen ari zirela, Videonet sortzeko ideia bururatu zitzaien. «Salamancan etxez etxeko pelikulen banaketak zuen arrakastaren inguruan mintzatu ginen, eta horren harira sortu zen negozio hau irekitzeko ideia», gogoratzen du Arricaberrik. Proiektuaren lehen urtean filmeen etxez etxeko banaketa egiten aritu ziren, baina zerbitzuak ez zuen arrakastarik izan. «Donostia hiri txikiegia da horrelako eskaintza baterako, eta motorrarekin zebilenak egun osoa zain ematen zuen», dio Arricaberrik.
Pelikulen etxez etxeko banaketa zerbitzua baztertu ostean, bideoklubak harrera ona izan zuela ikusi zuten, eta horri heltzea erabaki zuten. Gainera, bideo-jokoen gunearen eta litxarrerien salmentaren aldeko apustua ere egin zuten: «Carlosi asko gustatzen zitzaizkion ordenagailuak eta jokoak, eta hiru gauzen konbinazioa probatzea erabaki genuen».
Berritu ala hil
2005 urtean VHS formatutik DVD formaturako aldaketa egin zuten, pixkanaka bideoak diskoengatik ordezkatuz. VHS-ak prezio baxuan jarri zituzten salgai, eta orain DVD-ekin berdina egin du Arricaberrik. «Hilabetero pelikulen katalogoa jasotzen dut eta aukeratzen ditudan filmak dendara iristen zaizkit; horrela, zaharrak saldu ahala denborarekin DVD eskaintza zabala osatu genuen», azaltzen du Arricaberrik.
2008. urtean egin zuten lehen aldaketa, Carlosek, hiru kideetako batek, proiektua uztea erabaki zuenean. «Asteburuetan lana egiteaz nekatu zen», dio Arricaberrik. Grosekoaren ustez, hori da negozioaren gauza txarretako bat: «Astebururo lana egin behar izan dugu, baina irabazi gehienak egun horietan egiten dira». Ostiraletan auzoko ume guztiak bertatik pasatzen direla gaineratu du Arricaberrik, «eskolatik atera eta litxarrerien bila». Denda Txofre plazaren ondoan kokatuta egoteak asko lagundu duela dio, jende asko ibiltzen delako bertan eta ekitaldi eta jarduera asko antolatzen dituztelako.
Hurrengo aldaketa nagusia, kale berean beste litxarreria denda bat ireki zutenean egin behar izan zuten. Lehia asko nabaritu zutela aitortu du Arricaberrik, eta orduan erabaki zuten zinemarekin lotutako merchandisinga jartzea, besteak beste, kamisetak, txapelak eta aterkiak. Azkenean, arropa ere kendu behar izan dute, jantzigintza korporazio handiak irudi berdinekin kamisetak egiten hasi direlako, eta haien prezioak baxuagoak direlako.
2014. urtean, beste aldaketa garrantzitsu bat jasan zuen Videonetek: Igor Garciak joatea erabaki zuen, eta lan-sozietatea desegin zuten. Arricaberrik negozioarekin bakarrik jarraitzea erabaki zuen. «Azken urte hauetan ikusi dut gehienbat pelikulen alokairuaren gainbehera», ziurtatu du bideoklubaren jabeak. Donostiako azken bideokluben itxierak ere ikusi ditu Arricaberrik: «Pasa den urtean itxi zuten Euskalbideo, eta orain Intxaurrondoko litxarreria denda batean pelikulak alokatu daitezke makina baten bidez, baina bideoklubaren esentzia galdu egin da».
Auzoarentzat galera
Videonet da hirian gelditzen den azken bideokluba, eta donostiar askok haren falta sumatuko dute. Arricaberri Grosen jaio zen eta auzoan eman du bizitza; horregatik, bideoklubeko bezero gehienak ezagutzen ditu eta dendara erostera joaten diren ume asko eskolako ikaskideen seme-alabak direla azaltzen du.
Urteen poderioz, erreferentziazko denda bihurtu da Videonet Gros auzoan. Askorentzat, topaleku bat ere izan dela gaineratu du Arricaberrik: «Auzotar askok bideoklubeko atean jartzen dute hitzordua, zerbait erosi, eta buelta bat ematera joaten dira».
Itxi aurreko hilabeteetan ordutegiak berdin jarraituko duela azaldu du Arricaberrik. Lokalaren gaineko pisuko gestoriakoak izango dira maizter berriak eta lehen pisuan, turistentzat izango diren etxeak jarriko dituzte.