Lucia Etxeberria, Andoni Godoy, Naroa Abeijon, Oier Aranburu, Carla Palacio eta Ohier Goikoetxea Bidebieta Institutuko ikasleek Ondarea saria irabazi dute ‘Gutun baten atzetik’ dokumentalarengatik
Itziar Ansa irakaslea, filmaren sei egileekin. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Iragana eta oraina dituen auzoa da Bidebieta, eta horren adibide da Bidebieta Institutuko sei ikaslek lortu berri dutena. Urte hasieran, ikasturtean zehar auzoaren historiaren zati bat bilduko zuen film labur bat sortzeko erronka bota zien Itziar Ansa irakasleak. Euren asmoa auzoa gertuagotik ezagutzea eta filmarekin Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarea lehiaketan parte hartzea zen. Espero ez zutena, ordea, saria irabazi eta Napolirako talde osoarentzako bidai bat lortzea zen.
Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jaso zuten Ondarea saria ekainaren 12an, Gasteizen, Gutun baten atzetik izeneko lanarengatik. Bertan, auzoaren frankismo garaiko egoera islatu nahi izan dute, Bidebietan bizi zen ingeles batek fusilatua izan aurretik Portsmoutheko bere senideei idatzitako fikziozko gutun batetik abiatuz. Ideia nola otu zitzaien azaltzen du Ohier Goikoetxea taldekideak: «Aipatu nahi genituen leku eta gertakariak erabaki genituenean, elementu horiek nola lotu genitzakeen pentsatu genuen, eta gutunaren ideia oso aproposa iruditu zitzaigun».
Lehiaketaren helburua kultur ondarea zabaltzea eta balioan jartzea da, euskal gizartearen arloko sormena sustatzearekin batera. Aurten, guztira, 18 ikastetxetako 66 ikaslek hartu dute parte bertan, eta Bidebietako institutuaz gain, Barakaldoko Minas Institutua eta Durangoko Maristak ikastetxea saritu dituzte.
Behar zuten informazioa biltzeko, hasieran Internetera jo zutela diote ikasleek, baina auzoko bizilagunen testigantzak biltzea askoz interesgarriagoa izango zela pentsatu zuten ondoren, zuzeneko informazio mordoa eskaini ziezaieketelako. Elkarrizketen bitartez, auzoko baserri zaharren bizimoduaren errepasoa egiten da filmean, Frankoren garaian eraikitako hamabi dorre altuen sorrerara bitarte.
Kameraren aurrean, garai hartan gazte izandako bi anai-arrebek euren baserritik nola kanporatu zituzten azaltzen dute. Hain zuzen, hamabi apostoluetako (izen hori jarri zieten dorreei) zazpigarren eraikinean sartu zituzten, inguruko baserrietako jende guztiarekin batera. Geroztik, bloke horri Euskaldunen etxea deitu zitzaiola zehazten dute, gainerako eraikinak auzoko lantegietan lan egitera etorritako galiziarrez beterik zeudelako.
Uliako ubideen sorrera eta Guardaplata baserriaren ondoko tiro eremua ere aipatzen dira filmean. Besteak beste, bertan, umeak zirela, militarrek erabilitako balak lurretik jaso eta saldu egiten zituztela gogoratzen dute auzotarrek.
Bidebietaren historiaren atal hauek filmaren grabaketarekin batera ezagutu zituzten institutuko ikasleek. Jasotako istorioek harritu egin zituztela onartzen dute seiek, euren auzoan horrelako gertakariak eman izana espero ez zutelako. Egindako lanak, ordea, hausnartzera eraman ditu orain, eta Bidebietaren eta hiriaren historia gogora ekartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaie, «hemengoak garelako eta zer kontatu badagoelako», esan du Goikoetxeak.
Egindako lanarengatik auzoko jendeak zoriondu eta eskerrak eman dizkiela diote gazteek, baina, jasotako harrera egundokoa izan bada ere, momentuz bigarren atal bat grabatzeko asmorik ez dutela garbi utzi dute ikasleek. Izan ere, aste honetan bertan amaitu dituzte 1. Batxilergoko azterketak, eta burua jada Napolin daukate. Bihar abiatuko dira Italiara, ekainaren 30era bitarte, hiriko kultura ondarea bertatik ezagutzeko. Luigi de Magistris Napoliko alkateak harrera egingo die han.