Irati Urkiola: 'Gurean, arrotz'
Oharkabean bete ditu 22 ekainak, eta horren arrasto gutxi badugu ere, badatorkigu uda; klima lagun izan ez arren, aspaldi ohartu ginen horretaz sorosle, tabernari, ikasle zein irakasleok. Nor bere esparruan, baina aspaldi harrotu zaizkigu guri egun, aste, zein bizitzak. Nor bere esparruan, baina aspaldi harrotu gera denak.
Oharkabean egin du ibilbidearen erdia 2018ak, eta ohikoa den lez, udarako atseden egunetan dugu gehienok burua. Orain, inoiz baino gehiago. Izan ere, jarri al zarete pentsatzen noiztik daramazuen gogoa uztaila eta abuztuan iltzatzen? Beharbada, nire moduan, askok urtea estreinatu berritan hasi zenuten uztaila eta abuztua usaintzen; hasi egun horiek eskain dezaketenarekin amesten; hasi, ohikoa dugun lez, oraina ez den beste dena bizitzen.
Eta hala, zenbatekin izan ote dugun udarako plan horien inguruko elkarrizketa; zenbati erantzun eta galdetuko ote genion udako asmoen inguruan. Igogailuko elkarrizketa txoroen gisan aritzen gara oporren inguruan galdezka ideiak hartu, eman, edo besterik gabe, isiltasuna apurtu, eta egoera deserosoak ekidin nahian.
Aitortu beharra daukat, baina, aurtengoan, ideiak baino gehiago jaso ditudala hausnarketarako gakoak erantzunetan. Ziztadez beteriko gakoak. Horiek horrela, eta aspalditik buruan darabilgun galdera idatzira ekarriz, zergatik egin beti lotura opor eta bidaia kontzeptuen artean? Zergatik uste bidaia luzeek are eta oporrago egiten dituztela opor egunak?
Postureo kontua izan liteke: “ni zu baino urrutiago/toki exotikoago/apenas inor joaten denera noa”; edo kontzientziak lasai mantentzeko nahia: “nola geldituko naiz opor egunetan etxean, urteko gainerako egunak badauzkat horretarako”. Susmoa dut, hala ere, azken urteotan oporrak etxetik gertu igarotzeko diskurtsoa geroz eta gehiago entzuten dugula. Eta horretarako arrazoiek badute nahikoa pisu: nori ez zaio interesatuko norberaren zaintzarako hartzea egunok; edo inguruan izan, baina bisitatu gabeko parajeak deskubritzeko aukerak edukitzea.
Hala ere, esango nuke, badela azken aldi honetan horretarako aukera oztopatzen digun faktore garrantzitsu bat: turismoa. Geure herriak ez ezik, geure bizimoduak aldaraztera bideratu gaitu horrek: lehengo poteo ibilbidea, lehengo hondartza ordu lasaiak, lehengo paseo isilak erabat aztoratu dizkigu askori turismoak. Finean, geure hiriaz harro egotetik geure hirian arrotz egotera pasa gara azken aldi honetan.
Uda honetan, beraz, egin dezala bakoitzak nahi edo ahal duena, baina saia gaitezen, behintzat, geurea dena geure egiten, geurea den horretaz ez ahazten.