Amara Berriko akelarreko partaideetako batzuk, entsegu batean. (Argazkia: Irati Salsamendi)
San Joan bezperako gauak garrantzia handia du euskal mitologian, eta Euskal Herriko txoko ugaritan ospatzen da. Sorginek ere lotura zuzena dute udako solstizioko gau magiko honekin.
Euskal Herriko txoko askotan bezala, donostiar askok ere dantza egingo dute suaren inguruan, urteko gau motzenean. Udako solstizioa ekainaren 21ean bada ere, San Joan bezperan, ekainaren 23an ospatzen da, erlijio kristauaren eraginez. Garrantzia handiko ospakizuna da euskal mitologian eta kutsu magikoa du. Herritarrak naturaren elementuekin lotzen dituen ospakizuna da, hala nola, suarekin, urarekin eta loreekin.
Azken urteetan feminismoak pisu handia hartu du herri mugimenduetan, eta honek jendarteak historiaren, festen eta tradizioen inguruan egiten duen irakurketan ere eragina izan du. Aurtengo San Joan bezperan, inoiz baino gehiago, historian zehar emakumeek izan duten paperen eta rolen inguruko hausnarketa egin dute askok, eta hiriko hainbat auzotan tradizio zaharren eta aldarrikapen berrien arteko nahasketa egin nahi izan dute, festen alde politikoa mahaiganeratuz.
Amara Berriko akelarrea
Bigarren urtea da Amara Berri auzoan akelarrea antolatzen dutela. Urteetan zehar Ikasbide Kultur Elkarteak antolatu du San Joan bezpera, baina azken denboran, euskararen aldeko eragileen batzordeak, Berritsuk bat egin du egunaren antolakuntzarekin. Beraien eskutik dator ere San Joan bezperan akelarrea egiteko ideia.
Akelarrea suaren inguruan egingo dute, Atano frontoiko parkinean, 22:00etan. Aurretik, hala ere, auzoan zehar «sorginen desfile-poteoa» egingo dutela azaldu du Amara Berriko Superxagu jai batzordeko Maddi Arrieta Lakak, «gorputzak lasaitu, berotu eta auzoa girotzeko asmoz». Iaz, sorgin ehiza izan zuten antzezpenaren korapilo, eta hura askatzea lortu zutela azaldu du Arrietak, inkisidoreak «bihurtuz». Aurtengo antzerkiaren trama sekretupean gorde nahi dutela adierazi du Amara Berrikoak.
Akelarrearen helburua «sotanaren iraultza» egitea dela baieztatu du Arrietak, eta gaineratu du, San Joan bezperak duen kutsu erlijiosoa gainditu, eta ospakizun honek udako solstizioarekin duen lotura berreskuratu nahi izan dutela:?«Aspaldi utzi genion igandeetan mezara joateari, baina kristautasuna barruan sartuta daramagu inkontzienteki».
Memoria historikoa ohiko irakurketatik berreskuratzea da helburua, iraganeko tradizio eta ohiturek egunerokotasunean duten eragina modu kritikoan aztertzeko. «Tradizioek gizarte sistema konkretu bat islatu eta erreproduzitzeko sortzen dira, baina baita herritarren behar eta nahia batzen dituen aldarrikapena azalaratzeko», baieztatu du Arrietak.
Sorginen pertsonaiak berebiziko garrantzia du akelarrean, eta gaur egungo emakumeak «haien alabak» direla aldarrikatu du Arrietak. «Aspaldi, euren lur eta gorputzen desjabetzearen aurrean, ohitura eta siniskera paganoak aldarrikatzeagatik herritar asko erre zituzten sutan eta gure ardura da oroitzapen hori bizirik mantentzea», dio Amara Berrikoak.
Maiz hartu izan dira sorginak aldarrikapen feministen irudikapen gisa, eta Amara Berrin ere, sorginak hartu dituzte erreferentetzat:?«bizitza bizi duten emakumeak dira sorginak, suaren inguruan dantza egiten dutenak, harreman anitzak dituztenak, eztabaidatzen dutenak, kantatzen dutenak, oihukatzen dutenak eta edaten dutenak».
Egiakoen sorgin dantza
Egian ere, San Joan bezperako festa egingo dute auzoko emakumeek. Egiako Lilatoi taldearen ekimenez, elkarrekin dantza egingo dute Plaza Haundin. Gainera, mikrofono irekia egongo da nahi duenak irrintziak egiteko. Itsaso Alkorta auzotarrak azaldu du martxoaren 8an egindako mobilizazioetan inspiratu zirela eta sorginen irudia hartu nahi izan dutela protagonistatzat: «Larrabetzuko Bizkargi Dantza Elkarteko gazteek koreografia egin zuten Xabi Solanoren Erre zenituzten kantan oinarrituta, eta guk ere sorgin dantza egiteko aukera ikusi genuen». 180 emakumek eman dute izena sorgin dantzan parte hartzeko eta Izar Etxebeste auzoko dantzariak koreografia egokitu du parte hartzaile guztiek erraz ikasi ahal izateko.