Aitziber San Roman: «Euskaldunok ere alde egin behar izan dugu inoiz gure lurraldetik»
Aitziber San Roman, Gizarte Ekintzako Zinegotzi Delegatua.
Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako Zinegotzi Delegatua da Aitziber San Roman eta udalak errefuxiatuen aferarekiko dituen konpromisoen inguruaz mintzatu da. Donostia “harrera hiria” bilakatzea erabaki zuen aho batez Donostiako Udaleko bozeramaileen batzarrak, pasa den maiatzean. Errefuxiatuen krisia terminoaren erabilpenak eztabaida ekarri du. Nola ikusten duzu zuk? Bi elementu hartu behar dira kontuan afera honetan. Alde batetik, Giza Eskubideez ari gara. Pertsona hauek haien aurreko bizitza halabeharrez utzi behar izan dute, eta gure babesa behar dute. Bestetik, lege ezberdinek ere, esaterako Errefuxiatuen Estatutuak, horretara behartzen gaituzte. Horrekin batera, ez dugu ahaztu behar, euskaldunok ere alde egin behar izan dugula gure lurraldetik, eta horrelakoetan kanpoan hartu gaituztelako jarraitu ahal izan dugula bizirik. Donostiako Udalak zenbat pertsona errefuxiaturi egin die harrera? Legez, Espainiar Estatuarena da errefuxiatuak artatzeko eskumena, beraz, udalek ezin diete errefuxiatuei harrera egin. Estatuak hainbat erakunde homologatu ditu pertsona hauen harrera egiteko, eta gurean, Donostian, CEAR eta Gurutze Gorria dira erakunde horiek. Donostian, azken hiru urteetan 160 pertsona errefuxiatu artatu dituzte bi erakunde hauek, eta une honetan 40 ditugu gure artean. Zeintzuk dira Donostiako Udalak errefuxiatuei eskaintzen dizkien zerbitzuak? Donostiako Udalak errefuxiatuei harrera egiteko Errefuxiatuak jasotzeko erakundeen arteko batzorde soziala lan-taldean hartzen du parte. Talde hau Eusko Jaurlaritzak jarri du martxan eta bertan Foru Aldundiak, udalen ordezkariek eta errefuxiatuei harrera egiten dieten CEAR eta Gurutze Gorriak, eta beste zenbait erakundek ere hartzen dute parte, Caritasek, esate baterako. Lan-talde horretan erabaki garrantzitsuak hartu dira, esaterako, errefuxiatuei Euskadiko edozein herritarrek dituen zerbitzuak erabiltzeko eskubide berbera aitortzea. Erabaki horren bitartez, udalak eskaintzen dituen zerbituzak eskaini zaikie haiei ere:?kirol-txartela, ezgaitasunen balorazioa, etab. Horrez gain, Donostiako Udalak bost pisu jarri ditu errefuxiatuak artatzeko ardura duten erakundeen esku:?lau Gurutze Gorriaren esku eta beste bat CEARen esku. Gainera, urgentziazko egoeraren bat gertatu izan denean ere, gure baliabideak eskaini izan dizkiogu zegokion erakundeari. 2015ean «gainerako erakundeekin batera plan integral bat» aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen udalak; zertan datza plan integral hori? Harrerarako ibilbidea zehaztu da eta une honetan arreta ematea oztopatzen duten hainbat gairi irtenbidea emateko lanean dihardute. Esaterako, RGI delakoaren lege berriaren zirriborroak pertsona errefuxiatuei prestazio ekonomiko horiek jasotzeko eskubidea aitortzen die. Horrez gain, itzultzaileen sistema aldatu egin da. Nolakoa da gainerako euskal erakunde publikoekin gai honen inguruan egiten duzuen lana? Kooperazioa erabatekoa da. Bai erakunde publikoekin, eta baita hirugarren sektoreko eragileekin ere, etengabeko lankidetzan ari gara. Egoerak hala eskatzen du eta. Eta errefuxiatuen eskubideen alde dabiltzan herri mugimenduetako eragileekin? Guregana jo dezaketen guztiekin hitz egiteko prest gaude. Azken batean, prozedurak hobetzeko aukera beti da ona, eta lankidetza bultzatzea ere bai. Gaur egun zeintzuk dira Donostiako Udalak errefuxiatuen etorrerarekiko dauzkan konpromisoak? Errefuxiatuak jasotzeko erakundeen arteko batzorde sozialean parte hartzen jarraituko dugu eta baita pertsona errefuxiatuak artatzeko eskumena duten erakundei gure esku dauden gauzetan laguntzen ere. Donostian pertsona errefuxiatuak donostiartzat hartu ditugu orain arte, eta horrela egiten jarraituko dugu ere hemendik aurrera.