Intxaurrondo Hegoa eta Altza jaietan murgilduko dira asteburu honetan, ekitaldiz beteriko egitarauekin. Gazte zein heldu, mundu guztiak hartu ahalko du parte San Martzial eta Intxaur jaietan.
Mikel Estonba, Malen Domingez eta Iñigo Estonga, jai batzordeko kideak, Intxaur Jaien kartelarekin. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Behin udaran sartuta, Euskal Herriko herri eta auzoek bata besteari pasa ohi diote festaren lekukoa. Donostian, aste honetan, bi dira lekuko hori jaso eta jaietan murgilduko diren auzoak: Intxaurrondo hegoa eta Altza, alegia.
Intxaurrondo Hegoak bere Intxaur Jaiak laugarren urtez ospatuko ditu gaurtik aurrera. Zenbait urte badira, hortaz, Kaldero Jaun festa egiteari utzi eta auzoak bere jai berriak ospatzeari ekin zionetik. Letaman gaztetxeko gazte batzuek hartu zuten belaunaldi zaharraren erreleboa hartzeko ardura, jai herrikoi, euskaldun, parekide eta parte hartzaile batzuk sortzeko asmoz. Hamar pertsona inguruk osatzen dute gaur egun jai batzordea, batez besteko 21 urteko adinarekin, eta parte hartu eta laguntzeko prest dagoen edonorentzako ateak zabalik dituztela zehaztu dute bere kideek.
Lehenengo urteko antolakuntza «apur bat prekarioa» izan zela badiote ere, laugarren urte honetan askoz hobe moldatu direla diote auzoko gazteek, eta horren isla da asteburu osorako osatu duten ekitaldiz beteriko egitarau sendoa. Iazko planteamendu berdinean oinarritu dituzte aurtengo jaiak, ilusio aldiz sortu duten berritasun batekin:?Intxa konkistatzailea. Larunbat goizean egingo dute (11:30), eta ETB2ko telesaio ezagunean inspiratutako ekitaldia izango da, auzoan zehar askotariko talde probez osaturiko lehiaketa batekin.
Festa, ordea, gaur abiatuko dute, 19:00etako txupinarekin, eta indartsu amaituko dute eguna Andoni Oilokiegi, Bidelapurrak eta Pelax & Cowboys Orchestra taldeen kontzertuekin. Larunbatean, berriz, bertso saioaz (13:00) eta herri bazkariaz (14:00) gozatu ahal izango dute auzotarrek, arratsaldeko trontza txapelketa (17:00) eta buruhandien (19:00) aurretik. Asteburuko bigarren parranda Sardeska, Gozo gozo eta DJ Jotatxoren emanaldiekin botako dute.
Igandean karate erakustaldia (11:30) eta bermutekea (12:00) izango dituzte goizean, eta arratsaldean Intxaurrondoko kultur etxeak antolaturiko Far West antzerkiaz gozatu ahal izango dute auzotarrek.
San Martzialak ere, prest
Altzatarrak kirol elkarteko kideak horren gazteak ez badira ere, haiek ere ilusio eta ederki moldatu dira auzoko San Martzial jaiak antolatzen. Festetako egitarauaren lehen ekitaldiak aurreko asteburuan egin zituzten, sardina jatea, baserriz baserriko erromeria eta pala eta frontenis txapelketekin. Jaietako egun kargatuenak, ordea, astelehenera bitartekoak izango dira, adin eta gustu guztientzako osatu duten aukera zabalarekin.
Aurtengoak berritasun handirik gabeko jaiak izango direla dio kirol elkarteko Iñaki?Aginaga lehendakariak:?«aurreko urteetako kate bera jarraitu dugu, aldaketa txikiekin». Bere ustetan, izaera horrek aspalditik ospatzen diren jai hauen xarma mantentzen lagundu du, eta bertara auzotik kanpoko jende asko ez datorrela aitortzen duen arren, Altzakoa sentitzen den pertsona ororentzat festa bereziak direla azaldu du.
Gaurkoa egun garrantzitsua izango dute, gaueko danborrada (22:30) eta udaletxe parean egingo duten San Martzial ereserkiaren kantuarekin (00:00). Lehenago, ordea, txikienek haur jolasekin (17:00) gozatu ahal izango dute frontoian, eta toka zaleen momenturik gorena XXXI. San Martzial txapelketarekin (18:00) iritsiko da. 20:30ean Altzatarra kirol elkartearen egoitzara joango dira afaltzera, ondoren Nonguayaz taldeak San Martzial plazako oholtzan eskainiko duen kontzertuarekin dantzan egiteko.
Larunbata ere ekitaldiz beterik izango dute, goizetik gaualdera bitarte, baina asteburuko egun indartsuena igandea izan ohi dela dio Aginagak. Izan ere, Juantxo Koka pelotari altzatarraren laguntzari esker urtero antolatu ohi duten pilota partidak (10:00) arrakasta handia du auzotarren artean. Aurten, Titin III eta Sanchez lehiatuko dira Exposito eta Kokaren aurka, goizeko hirugarren partidan.
Jaiak astelehenean bukatuko dira, idi proben (12:30) egunean. Andoni Egaña eta Sustrai Colina bertsolariak bertan izango dituzte ere, 19:00etan Altzako plazan San Martzial jaiei amaiera ezin hobea emateko.