Lanuzteak egin dituzte Dia supermerkatuetako langileek

dia-protesta

Lanuztea egin dute hainbat supermerkatutan.

Ordubeteko lanuztea egin dute Dia supermerkatuetan, Prekarietateari EZ! ASKI DA! Gure eskubideetan aurrera egiteko, geldituko gara! lelopean.

Gipuzkoako DIAko dendetan egin dute geldialdia: “Bizitzen ari garen egoera jasanezina da. Enpresa Batzordetik denbora asko daramagu egunerokoan bizi ditugun arazo estrukturalak konpontzeko ahaleginetan, baina ez dugu egoera aldatzeko borondaterik nabaritu enpresaren aldetik”, dio langileek zabaldutako oharrak. Enpresa Batzordean sindikatu bakoitzak duen delegatu kopurua hau dela diote: 5 ELA, 2 LAB, 1 CCOO eta 1 UGT. “Egoera aldatu eta aurrera egiteko asmoz bilerak egin ditugu, konpromisoak hartu eta zerbitzuaren nahiz langileen lan baldintzak hobetzeko helburuarekin, baina dendetako egoerak bere horretan darrai”.

Langileon beharrak ez dituztela kontuan hartzen diote: “Guretzat egiturazko arazoa dena, beraientzat enpresa politika da. Eta hala salatu nahi dugu, DIAn enpresa politika da jendea gaixotasun bajan dagoela kaleratzea”. Diotenez, azken hilabetean beste bi langile kaleratu dituzte, bajan zeudela. Segurtasunik eza ere salatu dute: “Gure burua arriskuan jartzen dute ez dagozkigun funtzioak betetzera behartuz. Argi dago gure segurtasuna eta osasuna ez direla beraien irabaziak bezain garrantzitsuak”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend