Koldo Almandoz ‘Zuzendari Berriak’ sailean lehiatuko da

oreina_filma

‘Oreina’ filmeko fotograma bat.

Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak –New Directors– sailean parte hartuko duten lehen hamahiru zinemagileen berri eman dute. Tartean da, Koldo Almandoz zuzendari donostiarra. Oreina filma aurkeztuko du Zinemaldian, eta oroigarria irabazteko lehiatuko da.

Nork bere buruarekin zein familiarekin izaten dituen gatazkak jorratuko ditu aurten Zuzendari Berriak sailak. Askotariko istorioak jasotzen dituzten hamahiru filmek osatuko dute: Errusiako urrutiko baserri batean, XIX. mendeko Vietnamen, 90eko hamarkada hasierako Jugoslavian nahiz Suitza garaikidean girotutakoak dira.

Hona hemen filme eta zuzendarien zerrenda:

  • Oreina, Koldo Almandoz (Euskal Herria).
  • Apuntes para una pelicula de atracos, Leon Siminiani (Espainia).
  • Un om la locul lui, Hadrian Marcu (Errumania).
  • Para la guerra, Francisco Marise (Argentina).
  • Boku Wa Iesu-Dama Ga Kirai, Hiroshi Okuyama (Japonia).
  • Julia y el zorro, Ines Maria Barrionuevo (Argentina).
  • La camarista, Lila Aviles (Mexiko).
  • Der läufer, Hannes Baumgartner (Suitza).
  • Neon Heart, Laurits Flensted-Jensen (Danimarka).
  • The Third Wife, Ash Mayfair (Vietnam).
  • Viaje al cuarto de una madre, Celia Rico Clavellino (Espainia).
  • Nëntor I Ftohtë, Ismet Sijarina (Kosovo).
  • Serdtse Mira, Natalia Meshchaninova (Errusia).

Almandozek ibilbide luzea egin du film laburraren munduan, Kimuak programarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lotuta. Hain zuzen ere, 1997an Zabaltegin programatu zuten haren lehen film laburra, Razielen itzulera, eta bi hamarkadaren ondoren sail horretantxe aurkeztu zuen Sipo Phantasma ere, Rotterdamen estreinatu eta gero. Oreina bigarren film luzea du.

Hona hemen film berriaren sinopsia: “Khalil gazte arroztua hiriaren aldirietan bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Khalil ahal bezala ateratzen da aurrera, eta ezkutatutako agure batekin ematen ditu egunak. Agurea ibaiertzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin hitz egin zuenetik. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora”. Antzezleak, berriz ondorengoak dira: Laulad Ahmed, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elias eta Erika Olaizola.

Kutxabank-New Directors saria nazioarteko epaimahai batek ematen du. 50.000 euro dira, eta zuzendariak eta filmaren Espainiako banatzaileak jasotzen dituzte. Sail honetako filmak Gazteriaren saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 300 ikaslek osatutako epaimahai batek erabakitzen du.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend