Aldakonearen birsortzea
Egiako Aldakonea magalean hirigintza proiektu bat sustatuko dute Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak. 300 etxebizitza eraiki eta eremuaren irisgarritasuna hobetu nahi dute.
Egiako 45.000 metro karratu birsortuko ditu Aldakonea eremuko proiektuak. Donostiako Udalaren eta Kutxa Fundazioaren elkarlanaren bidez eramango dute aurrera, eta aste honetan egin dute proiektuaren aurkezpena. Eneko Goia alkateak, Manu Beraza Kutxa Fundazioko presidenteak eta Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak eskaini dituzte proiektuaren xehetasunak. Udalaren eta Kutxaren arteko hitzarmena aurki sinatuko dute.
Birsorkuntzak hainbat aldaketa ekarriko ditu Aldakonea eta Konkorrenea kaleen arteko lur eremuan. Hain zuzen ere, Onkologiko zaharra, Osalan eta Nazaret Lanbide Heziketako ikastetxea dauden lekuan. Hirigintza proiektuaren helburua da irisgarritasun zaileko eremua birsortzea mugikortasuna eta hiri-kalitatea hobetuta. Eperik zehaztu ez badute ere luzerako joko du. «10 eta 13 urte artean beharko dira proiektua bukatzeko», adierazi du Ramosek.
Diseinaturiko plangintza aurrera eramateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatu beharko du udalak. Izan ere, 300 etxebizitza eraiki nahi dituzte Aldakonea eremuan –28.140 kilometro karratu–. Babes ofizialekoak eta libreak izango dira, nahiz eta ez duten zehaztu zenbat diren bakoitzeko.
Plan Orokorrak Onkologiko zaharraren eta Villa San Antonio (Osalan) eremuen kalifikazioa aldatu daitekeela aurreikusten du etxebizitzak egiteko. «Dena dela, ez da nahikoa aldaketa hori. Izan ere, aldaketak ez du konpontzen deskribatutako irisgarritasun eta mugikortasun arazoa, handitu baizik», azaldu du Goiak. Hilabeteak eman dituzte lanean udalak eta Kutxak, eta azkenik adostu dute Plan orokorrak aurreikusitakoa baino proiektu «egokiago» bat egitea.
Eremuaren berrantolaketa
Plangintzak aurreikusten dituen 300 etxebizitza berriak direla eta, egun gauden 57 etxebizitza eraitsiko dituzte. Horretarako, jabeekin negoziatuko du udalak, eta «metro bat metro baten truke» printzipioa errespetatuko dute.
Mendi magalaren eta Egiako goiko aldearen oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko bi igogailu egingo dituzte Mandasko Dukearen kaletik Aldakonea egoitzaraino. Bertatik, %6ko malda baino txikiago den oinezkoentzako bide batetik auzoko goiko aldera iritsi ahal izango da. Etxebizitzak ez ezik, eremuan dauden beste hainbat eraikin ere eraitsiko dituzte, aurretik lekuz aldatuta. Hori da Nazaret ikastetxearen kasua. Kutxa Fundazioa da bere jabea, eta adosturikoaren arabera, Errotaburu-Ibaeta eremura mugituko dute; Infierno izenez ezagutzen den gunera.
Bestalde, Presentacion de Maria ikastetxeari hiriko beste eremu batera aldatzeko proposamena egingo diote. Ikastetxeko arduradunak, ordea, kritiko agertu dira udalaren asmoarekin: «100 urtetik gora daramagu Mandasko Dukean hezkuntza kristauaren aldeko lanean. Proiektuaren kontra gaude. Ez dugu ulertzen udalak eta Kutxak beraien proiektua inposatu nahi izatea besteoi».
Oposizioaren balorazioa
Proiektuaren lehen irakurketa egin ondoren, kezka agertu dute Irabazi Donostiaren eta EH Bilduren udal taldeek. «Kutxarentzako negozio bat ez izatea espero dugu. Udal gobernuak exijitu behar dio babes ofizialeko etxebizitza kopurua nahikoa izatea, ez bakarrik legeak ezartzen duen gutxienekoa», esan du Amaia Martin Irabaziko bozeramaileak. Hain zuzen, %40 da gutxieneko hori.
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak ere etxebizitzen banaketari erreparatu dio. «%44 izango dira babes ofizialeko etxeak, baino horren erdia izango da prezio baxuenekoa eta beste erdia tasatuak izango dira. Portzentaia oso eskasa da. Horrez gain, kenduko diren 57 etxebizitzak babes ofizialekoekin ordezkatuko dituzte?».
Aldakonea proiektuaren eraginez bi hezkuntza zentro lekuz aldatu beharko dituzte, eta hori ez zaio egokia iruditzen Irabaziri. «Egiarentzako ezkorra da hori».