Ander Edo: 'Topen!'
Ekainaren 28an jaso genuen berri tristea: Patxi Ezkiaga anaia Salletar eta irakaslea zendu zen. Ikasturte bakar batean izan bazen ere, Ezkiaga irakasle bezala izateko zortea izan nuen. Ingelesa irakasten zigun eta bere irakasteko estilotik zerbait nabarmendu beharko banu, hori, pasioa izango litzateke.
Ingeleseko irakaslea baino askoz gehiago izan zen Patxi. Belaguan zuen bordatik ehundaka gazte pasa ziren bertan antolatzen zuen “Summer camp”ean parte hartzeko. Eta berak landatutako haziak fruituak ematen jarraitzen ditu gaur egun ere. Idazlea ere bazen Patxi, nagusiki poesia idatzi zuen eta aitortuko dizuet saiatu banintzen ere, batzuetan kosta egiten zitzaidala poetaren hitzak ulertzea. Ingeles eta euskara maila bikainak zituen, eta zer esanik ez oso hiztegi aberatsa bietan. Dena den hitz guzti horietatik batekin geratzen naiz ni. Oraindik gogoratzen dut nola esaten zigun “Ez zaudete topen! Topen egon behar dugu!”. Ez da esaten zuena baizik eta nola esaten zuen.
Bere hitz bakoitzean (landuenetik hasi eta informalenera) pasioa antzeman zitekeen. Eta hori da irakasle, udalekuko begirale eta poetak niri utzi zidana, bizitza hau pasioz hartu behar denaren mezua. Urtero udalekuei ekiteko Belaguako paraje ederretara bueltatzen garenean oso presente dugu Patxi, eta sakon hartzen dugu arnas, pilak kargatu eta hurrengo ikasturteari “topen” ekiteko. Zauden tokian zaudela, mila esker Patxi!