Bere aitaren bidea jarraituz, Jose Luis Minerrek bizitza osoa eskaini zion bizikleten munduari. Gurpilak biraka jarraituko du orain, bere seme alaben eskutik.
Aitaren modura, Miner ere txirrindulari gisa ibili zen. Argazkian, Miner txirrindulari taldearen maillotarekin.
Jose Luis Miner (1926-2018) Groseko Miner bizikleta dendako nagusia zendu zen joan den astean. Bizikletak izan ziren hiriko saltoki mitikoaren jabearen pasioa, eta Erronda kalean zuen dendari eskaini zion bere bizitza osoa, bere aitaren lekukoa jasoaz. Orain, berriz, bere sei seme-alabetariko hiru dira Miner kudeatzeaz arduratuko direnak: Jose Luis, Ainhoa eta Unai, alegia.
Euren aitonak, Jose Luis Miner Zapirainek, sortu zuen negozioa 1926an, egungo dendaren ondoan ireki zuen tailerrarekin. Minerren sortzailea 20ko hamarkadako txirrindulari ezaguna izan zen. Gaztetan banatzaile gisa bizikletan lanean ibili ohi zela, lagun txirrindulari batek luzatutako apustuaren ondorioz sartu zen txirrindularitza profesionalera. Laguna garaitu ostean, beste 40 lasterketa irabazi omen zituen segidan, bere biloba Jose Luisen arabera.
Andoaindik Donostiara bizitzera etorri zirenean, familiak tailerraren atzealdean eraiki zuen bere etxebizitza. Gerra hasi zenean, ordea, negozioak behera egin zuen, eta inguruko lantegietako langileei bizikletak alokatzeaz biziraun zuen Minerrek. Seme zaharrena zenez, hamalau urterekin hasi zen Jose Luis tailerrean lanean, aitari laguntzen. Garaiko bizikleta fabrikek, G.A.C., BH eta Orbeak, produkzioa eten zuten, eta material falta zela eta Ipar Euskal Herritik zetozen bizikleta piezen kontrabandoan murgildu ziren Minertarrak frankismo garaian.
Urteak joan ahala, bere aitak tailerrarekin jarraitzen zuen bitartean, Jose Luisek bizikleten salmenta sustatzeari ekin zion, Eibarko G.A.C. fabrikarekin harreman estua zuelako. 60ko hamarkadan, Minerren egungo kokapenean kirol materiala saltzeko denda bat irekiz zabaldu zuen negozioa. Aitak eta semeak urteetan zehar egin zuten lan elkarrekin, 60ko hamarkada amaieran Minerren sortzailea zendu zen arte.
Negozioa hartu zuen Jose Luisek, eta ibilbide propio eta oparoa hasi zuen hortik aurrera. Izaera berritzailea zuen, eta asmatzaile ona izan zen horri esker. Besteak beste, G.A.C.ren Mobylette ezagunaren aurrekaria izan zen ziklomotor bat sortu zuen 50eko hamarkadan, bizikleta arrunt bati Ocariz fabrikaren motor bat jarriaz. Asmakuntzak ez zituen salmenta asko izan, baina ez zuen horregatik amorerik eman.
Hortik urte gutxira, Mobyletten arrakasta ikusita, ideia berri bat izan zuen. Garaiko gazteek soilik paseoko bizikletak zituzten, eta astakeriak egiten ibili ahal izateko bizikleta berri bat sortzea otu zitzaion Minerri. Koadro sendotu bati Mobylettearen eserlekua eta takodun gurpilak gehituz Motoretta ezaguna sortu zuen. Minerrek lehenengo 800 bizikletak ekoiztu zituen, eta produkzioa G.A.C.-ri pasa zion ondoren. 70 eta 80. hamarkadetako gazte gehienek probatu zuten Minerrek asmatutako bizikleta.
Balazta berezi batzuk asmatu zituen ere 92an, mountain bike bizikleten moda iritsi zenean: Cantilever Miner balaztak, alegia. Karreterako zein mendiko gurpiletara egokitzen ziren, Minerrek diseinatutako sistema berritzaileari esker. Hauek ere ez zuten, ordea, arrakasta handirik izan, baina gauza berezia zirenez, egun Kaliforniako Bizikleta Museoan daude ikusgai.
Bere aitaren modura, Jose Luis ere txirrindulari gisa ibili zen, bere taldearekin Gipuzkoako txapelketa irabaztera iritsi zelarik. Bera, ordea, ez da horregatik gogoratua izango. Hain zuzen, bizikletarengatik zuen pasioa Erronda kaleko bere izkinatik Donostia osora zabaldu izanagatik pasa da Jose Luis hiriko historiara.